BETORIK EZ UNIBERTSITATE LEGEARI

2003/12/17

Harridura eta haserrea hainbat hilabeteko lana pikutara joan daitekeela ikusterakoan, beto politikari aukera ematen zaiolako, PP eta PSOEk bere emendakinak erretiratu dituztelako. Harrigarria da PPren jarrera, ez da konformatzen LOU ezartzearekin, gelditzen diren atalak hemen arautzeko aukera ere ukatzen du bere diskurtsotik kanpo bada. Ordea, hiru sindikatuok, oso argi dugu hemen behar den legea garatzen ez den bitartean LOUrekiko menpekotasunak ondorio oso larriak ekar ditzakeela.

Konszienteak gara Lege honek, hasieratik, LOUren hainbat atal atzerakoi ez dituela zuzentzen eta hainbat elementu estrategiko Madrilgo legediaren eskuetan uzten dituela, esaterako: parte hartzea eta organoen arteko funtzioen banaketa, unibertsitate-egituren osaketa, tituluen balioestea eta irakasle funtzionarioen kidegoa estatuaren menpe,..

Halere, ELA, EILAS eta LAB sindikatuok, arautzen ziren atalak ikusita, hots: -hizkuntza normalkuntza, langile askoren etorkizuna eta lan baldintzak eta Unibertsitate Sistemaren helburu nagusiak- ekarpenen aldekoak izan gara, Unibertsitateen etorkizunerako garrantzia handikoak baitira.

Hiru sindikatuok egindako ekarpenak Talde Parlamentario guztiei eta Hezkuntza Sailari helarazi genizkion. Hezkuntza Sailak Gobernuaren izenean izandako jarrera gure ekarpenak kontuan hartzean errespetukoa izan dela aitortu behar dugu eta, Sozialista Abertzaleak gure ekarpenak bere emendakinak bihurtzea eskertzekoa.

Guztira 50en bat ekarpen egin dugu eta horietatik 30en bat Batzordeak onartu behar zuen Ponentziako testoan jasota zeuden eta bereziki atal hauetakoak

* Euskal Unibertsitate Sistemak Euskal Herria eta Europa hartzea erreferentzia gisa eta horren zerbitzura jartzeko. o Unibertsitate Sistema Hezkuntza Sistema integralaren baitan kokatzeko.
* Hizkuntza Normalkuntzari dagokionean, Jaurlaritzaren konpromezua behar den garapen normatiboa burutzeko, Unibertsitatean Euskararen normalkuntzak irakaskuntza ez Unibertsitarioan baino erritmo motelagoa ez izateko.
* Irakaslego propioaren bidean, behin betiko figura laboralak garatzearekin batera gaur egungo 1.200 behin behineko irakasleei ateak zabaltzea Negoziazio kolektiboaren bidez egonkortasuna bermatzeko.
* AZPen esparruan, berezko Enpleguen Eskeintzen bidez behin behineko langileei egonkortasuna bidea zabaltzeko.
* Sindikatuen errekonozimendua hautaketa prozesuetan, hainbat batzordeetan beren presentzia ziurtatuz.
* Konpromezua bertoko ebaluatzeko Agentzia hiru hilabetetan sortzeko.

Unibertsitateari, Irakasle, AZP, eta ikasleei begira positiboki baloratzen genituen ematen ziren urratsak eta, aldi berean, oso kritikoak ginen ez onartutakoen aurrean, eta bereziki, UPV/EHUko finantziazio nahikoa eta egonkorra ziurtatzeko neurriak ez hartzearekin eta irakasle laboralen irudiak garatzeko berme finantziero zehatzak ez jasotzearekin. Izan ere, zer motako sinesgarritasuna egon daiteke holako lege batean ez badira hartzen behar diren urteaskotako konpromezu ekonomikoak?

Argi eta garbi esan behar dugu onartu ez den ponentzia horren atzean eragile askoren lana dagoela, eta horregaitik, sortutako blokeo eta beto aukerak ez dira ulergarriak. Legearen inguruan dagoeneko daramagun 2 urteko atzerapena gure unibertsitateen kalterako da eta Unibertsitateek dituzten erronkeei erantzun ahal izateko, talde parlamentarioek ezin dute ikuspegi guztiz partidarioz jokatu, egoera ezin da horrela blokeatu.

Hiru sindikatuok, Ponentzian aurkeztutako lege proiektua ikusten dugu oinarri bezala eta berriro azpimarratzen dugu finantziazioaren arazoari aurre egin behar zaiola. Zentzu horretan, kontsentsuatutako ekarpen guztiekin, proiektua ahal den lasterren aurrera ateratzeko dei egiten diogu Eusko Jaurlaritzari eta sostengatzen duten alderdiei. Bitartean, eta negoziazio kolektiboen bidez, ELA, LAB eta STEE-EILAS Euskal Unibertsitatea eta langileen interesak defenditzen jarraituko dugu.