Bigarren heriotz istripua aste honetan Arcelor Mittal-en
Langilea 20 tonatako moldea mugitzen ari zen zubi-garabi batekin eta 4 kateak askatzerakoan horietako bat kateatu egin da eta garabia mugitzerakoan gainera etorri zaio.
Azken bi asteotan laneko sei heriotzak salatu beharrean izan gara Hego Euskal Herrian eta urteari dagokionez, honezkero 30 dira beren lanean bizia galdu duten langileek. Lan istripuen atzean laneko prekarietatea dagoela nabaria da eta hau beste adibide mingarria besterik ez da. Finean, azpikontratazioa, ezarritako lan erritmo handiak, prebentzioan inbertsio eskasak edota informazio eta formazio urriek langileak bere bizia galtzea eragiten dute.
Gertaera tamalgarri hau are eta larriagoa da baldin eta kontutan hartzen badugu lan-istripu gehien-gehienak, guztiak ez esateagatik, saihestu litezkeela baldin enpresa segurtasunaren eta osasunaren arloetan inplikatzen bada eta arriskuei egokitutako prebentzio neurriak jartzen baditu. Baina horrek dirua suposatzen du, eta nahiago izaten da segurtasunean aurreztea, langileen bizitza eta osasuna arriskatuz. Irabaziak pertsonen aurretik jartzen dira, finean.
Bestalde, prebentzioaz arduratzen diren erakundeek publizitatea egiten dute, lan-istripuen alorrean datuak zeinen ondo doazen esanez. Baina egiten duten irakurketa ez da inondik inora benetakoa, frogatu daitekeen bezala. ELAk Gobernuari eta Erakundeei exijitzen die prebentzioaren alorrean politika egokiak eta errealak hartu ditzatela, gaur salatzen ari garen bezalako gauzak inoiz gehiago gertatu ez daitezen.
ELAk bere elkartasuna adierazi nahi die hildako langilearen senitartekoei eta lagunei. Gaur Sestaoko Arcelor Mittalen egindako lanuzteaz gain, Montajes Jauregiko enpresa batzordeak –Arcellor Mittaleko batzordearekin batera– uztailaren 6rako kontzentrazioa deitu du istripu hau salatzeko, 16:30tan enpresaren atarian. ELAk –LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta Hiru sindikatuekin batera– bat egiten du deialdiarekin. Horregatik dei egiten diegu langile guztiei bertan parte hartu dezaten. Helburua argia da: lan prekarietatearen ondorioak salatu eta langile-klaseak pairatzen dituen lan-baldintza okerren aldaketa exijitzea.