Borondatezko Gizarte-Aurreikuspeneko Erakundeen ustezko sustapenaren atzean errenta altuenei zergak jaisteko saiakera bat dago

2018/08/06
Eusko Jaurlaritzaren eta foru aldundien iragarpenak propaganda hutsa dira; bitartean pentsio publikoen aurka dihardute eta prekarietatea eta soldata baxuak inposatzen dituzte

Eusko Jaurlaritza eta foru aldundiak Borondatezko Gizarte-Aurreikuspeneko Erakundeak (BGAE) zabaltzearen beharra aipatzen ari dira behin eta berriz. Testuinguru honetan, ELAk honakoa aipatu nahi du: gezurra badirudien arren, ez Eusko Jaurlaritzako ez foru aldundietako inolako ordezkaririk ez da gure sindikatuarekin harremanetan jarri gaiaren inguruan dugun iritzia jakiteko. ELAren ustez tamalgarria da arduradun politikoek politika propaganda ekintza hutsetan bihurtzea eta era arduragabean jokatzea.

Gauzak honela, ELAk beharrezkoa ikusten du gure jarrera azpimarratzea.

  1. ELAk gogorarazi nahi du EAEn duela hainbat hamarkada, BGAE ezberdinak martxan jarri zirenean, prekarietatearen eta soldata baxuen aldeko apustua ez zela orain bezain agerikoa. Lan erreformak eta horietaz soldatak jaisteko zein lan-baldintzak prekarizatzeko egiten den erabilera, gure ustez, bateraezinak dira pentsioen sistema publikoaren defentsarekin eta enpleguen Borondatezko Gizarte-Aurreikuspeneko Erakundeen zabalkundearekin. Patronala soldatak murrizteko duen asmoan tinko babesten dutenak pentsio publikoen eta aurreikuspen sozialaren salbatzaile gisa aurkeztea hipokresia iruditzen zaigu; gainera, ezin dugu ahaztu euren ardurapeko erantzukizun instituzionaleko sektore publikoan –zuzena edo azpikontratatua– miseriazko lan-baldintzak inposatzen dituztela.
  2. ELAk errenta altuen, kapitalaren eta enpresen zergak jaisten dituzten horiei pentsio publikoen aurka aritzea leporatu nahi die. Pentsio publikoen inguruko analisi independente guztiek argi uzten dute zergekin ere finantzatu beharko direla. Ondorio horrek talka egiten du Eusko Jaurlaritzaren eta foru aldundien asmoekin. Izan ere, aurreikuspen soziala zenbait errentek zergak desgrabatzeko beste formula bat bezala ikusten dute. Are eta gehiago, uste dugu hori dela proposamen hau egin dutenen benetako helburua: BGAE guztiei desgrabazio fiskalak zabaltzea, bai enplegukoei zein bakarkakoei.
  3. ELAk honako honetaz arreta deitu nahi du. Zoritxarrez, enplegua duten gero eta pertsona gehiagoren helburua ez da BGAE bat kontratatzea; euren helburua hilabete bukaerara gutxieneko duintasun batekin heltzea da. Egoera gordin honen aurrean, arduradun politiko hauek, erretorika hutsetik harantzago, ez dute deus egiten. Deus Confebasken ekimen guztiak babestea salbu.

Hau guztiagatik ELAk ohartarazi nahi du Eusko Jaurlaritzaren eta foru aldundien proposamen hau, patronalak negoziazio kolektiboaren inguruan duen jarrera ikusirik, soldata aldarrikapenak mugatzeko estrategia batean bihurtu litekeela. Honek aberastasunaren banaketan are eta modu negatiboagoan eragingo luke. ELAk ez luke hori inolako kasutan onartuko.