Condesa Taldeko Berriobeitiko "Perfil en Frío” lantegian mobilizazioa

ELA eta LABen agiria:
Hiru bat hilabete igaro dira enpresak akordioa jakinarazi zigunetik. Zehazkiago esanda azaroaren 12an jakinarazi zigun Condesa enpresak akordio bat lortua zuela bai bankarekin, bai Arcelor Mittal enpresarekin, hartzekodunen konkurtsorik ez izateko.
Akordio horri esker, enpresak finantzazioa jasoko zuen bankatik, eta hornigaiak Arcelor Mittal-etik, arazorik gabe, titulartasun-aldaketaren garaian.
Halaber, 3 lantegi, “Zalain Transformados”, Lesakakoa, “Perfil en Frío”, Berriobeitikoa, eta “Condesa Fabril”, Legutianokoa, Arcelor Mittal-en menpe geratuko ziren. Condesaren beste hiru lantegiak, “Condesa Inox”, Legutianokoa, Saguntokoa eta Miereskoa, oraingo jabetzaren barruan geratuko ziren. Condesak ez digu inoiz erakutsi akordioaren edukia. Arcelor Mittal-ek ere ez digu ezer jakinarazi; beraz, gure informazio-bide bakarra ahoz esan digutena eta komunikabideetan irakurri duguna izan da, prentsak gehiago baitaki gure enpresaz, guk baino.
Titulartasuna aldatzeko ere, data bat eman ziguten: urtarrilaren 15a.
Bada, enpresak orduan iragarri zituen berrietatik bat ere ez da bete. Arazoak izan ditugu abenduko aparteko ordainsaria jaso ahal izateko. Enpresak EEE berriak eskatu ditu Legutianoko lantegietarako. Iragarritako mirari guztiak ezerezean geratu dira. Eta argi dago urtarrilaren 15a ere igaro dela, eta hemen jarraitzen dugu. Eta txarrena dena enpresak ematen duen irudia da, noraezean doalako itxura. Gure galderek erantzun bat bera dute: ez dakigu.
Condesak, Arcelor Mittal-ek eta bankak adarra jotzen digute, eta horiek zoritxarrez ez dira bakarrak.
Orain dela bi hilabete eta erdi bilera egiteko eskatu genien Eusko Jaurlaritzako Industria Sailari, Nafarroako Gobernuari eta Arcelor Mittal-i. Eusko Jaurlaritzak e-posta bidez erantzun zigun esanez ez zutela akordioa ezagutzen, eta Condesak noiz deituko zien zain zeudela informazioa jasotzeko, eta zain jarraitzen dutela ematen du. Nafarroako Gobernuak esan zigun "deituko dizuegu", eta gaur arte. Arcelor-ek, ezta erantzun ere, ez du egin.
Langileei begirunea guztiz galtzea da. Bost axola zaie gure etorkizuna. Argi utzi dute, gainera, ez dutela borondate politikorik herri honetako langileei irtenbideak emateko. Ez dute ezer eskaintzeko, ez irtenbiderik, ez industria-politikarik. Eta ELArentzat eta LABentzat ez dago ezer hori baino larriagorik.
ELAn eta LABen ez gaude prest 800 lanpostu baino gehiago arriskuan jartzeko, 800 familiaren bizimoduarekin jolasean ibiltzeko. Erantzunak behar ditugu, eta Arcelor-i, bankari eta Condesari eskatzen dizkiegu. Gure etorkizuna ezagutu nahi dugu, merezi dugu-eta. ELAtik eta LABetik jarraituko dugu Condesaren bideragarritasuna defendatzen. ELAtik eta LABetik jarraituko dugu Condesako langileen enplegua eta lan-baldintzak defendatzen. ELAtik eta LABetik mezu argi bat bidaliko diegu Condesari, bankari eta Arcelor-Mittal-i: mobilizazioetan jarraituko dugu, harik eta gure lanpostuak suntsituko ez direla eta gure eskubideak murriztuko ez direla argi izan arte. Gure etorkizunaren alde.