Baieztatu egin da Confebaskek ELA eta LABi sindikatu izaera kentzeko Madrilera alegazioak bidali zituela

2015/11/24
ELAk salatu zuena egiaztatu da: Confebaskek Madrilera alegazio batzuk bidali zituen sindikatu izaera kentzeko prozedura eskatzeko mekanismoa proposatuz. CEOEk Ministerioan aurkeztu zituen testuek Confebaski egotzi genion testuko bi pasarte jaso dituzte hitzez hitz. Orduan esan genuen bezala, Europako patronalik erreakzionarioenetako bat dugu hau.

1.- HISTORIA LABURRA

Azaroaren 2014an ELAk dokumentu baten berri izan zuen, zeina Confebaskek egin zuela esan genuen; edukiagatik oso larritzat jo genuen agiria, eta berebiziko garrantzia eman genion.

ELAren eta LABen sindikalismoa arbuiatzen zuelarik, patronalak baliatu egin nahi izan zuen Madrilen idazten ari zen “Erakunde sindikal eta enpresarialen estatutuen gordailuari buruzko Errege-Dekretua” ekintza sindikala zeharo mugatu eta ezartze aldera ezen, sindikatu batek muga estu horiek gainditzen bazituen, sindikatu izaera bera kentzeko prozedura eskatzeko aukera izango zela.

Ezin da onartu era guztietako gaiei buruz iritzia emateaz gainera Gobernuen politika ahal duen guztia (AHT, enpresentzako laguntzak, gizarte-gastua murriztea, zerga-politika…) baldintzatzen duen patronal batek besteoi gauza bera ukatzea sindikatuak garelako.

ELAk zalantzan jarri zuen Confebasken jite demokratikoa, eta hau salatzeko kanpaina bat hasi zuen; halaber, Gasteizko Gobernuari eskatu zion ez zezala delako elkarrizketa sozialeko mahaia bildu. Halako elkarrizketarik ez zen posible alde batek prozedura bat ezarri nahi zuenean ELAri eta LABi sindikatu izaera kentzeko.

Interpelazio hau zela eta, Confebaskek ukatu egin zuen agiri hura CEOEri helarazi zion paper “ofiziala” zenik. Gainera, Confebaskek egundo ez zuen ezagutzera eman CEOEri igorri zion dokumentua.

2.- GAIAREN INGURUKO BERRITASUNAK

Salaketa publikoa eginda, ELAko zerbitzu juridikoak lanean hasi ziren CEOEk Dekretu haren tramitazioan egindako dokumentua lortzeko.

Estatu mailako erakunde gisa, CEOEri dagokio alegazioak egiteko eskubidea, bera osatzen duten patronalen izenean, besteak beste Confebask. Egiaztatu nahi genuen CEOEk bere egiten ote zituen Confebaski egotzitako asmoak.

Horretarako Enpleguko Zuzendaritza Orokorrari eskatu genion CEOEk egin eta aurkeztu zituen alegazioen kopia oso bat, izan ere, uste baikenuen sindikatuak zuzeneko interesa zuela, eta zilegi zitzaiola, askatasun sindikalaren oinarrizko eskubidea urratu zitekeen heinean.

Gure interesa arrazoizkoa zela ikusirik, Errege-Dekretuaren izapideak amaituta, joan den urrian helarazi digute CEOEk egindako alegazioen testigantza-kopia.

3.- DOKUMENTUAK ERKATZEAREN EMAITZA

CEOEren agiria eskuetan genuela, arestian Confebaski egotzi genion agiria eta azken hau erkatuta honako antzekotasunak egiaztatu ahal izan dira:

Zer zioen Confebaski egotzitako testuak? Paper hartan pasarte hau zetorren:

Baina argudio honi jarraituz, uste dugu Arautegia areago joan beharko litzatekeela. Auzia hain funtsezkoa da, non erregulazioa ez litzatekeen alde formalaren kontrolarekin amaitu behar, hots, estatutuetan xede horiek jasota daudela egiaztatzea; aitzitik, aurreikusi egin beharko lirateke ere mekanismoak, zeinen arabera, erakundeek estatutuetan soilik formalki jasotako xede horiek bete ezean, Bulegotik atera eta beren funtzioen errealitateari dagokion Erregistrora bidaliko liratekeen. Hain zuzen, proposatzen dugu artikulu bat gehitzea zeinaren arabera, ofizioz edo alde baten eskariz, bulego publikotik erakunde enpresarial edo sindikal baten baja eragin ahal izango den, estatutuetan adierazitakoa eta benetako jarduera bat ez datozela egiaztatuz gero.

Halere, badakigu proposamen hau gogorra eta zaila dela, dituen ondorioak medio: erakunde sindikal edo enpresarial bat halako izateari uztea. Horregatik, alternatiba izan liteke prozedura ez hain latza eta garantistagoa ezartzea. Adibidez, eredutzat har liteke hitzarmen kolektiboak legezkoak ote diren kontrolatzeko LEren 90.5 artikuluan araututa dagoena. Hain zuzen, aurreikus liteke gordailutik egozteko ebazpena (estatutuak moldatu ez edota ohiko jarduna beroietan adierazitakoarekin bat ez datorrelako) soilik epaile baten erabakiz har daitekeela, ofizioz edo alde interesatu baten eskariz”.

Zer dio orain eskuratu dugun CEOEren testuak? Lehen atalean, iruzkin orokorrei buruzkoan alegia, honakoa esaten da:

Bestalde, proposatzen dugu ahalbidetu dadila, ofizioz edo alde baten eskariz, bulego publikotik erakunde enpresarial edo sindikal baten baja eragin ahal izatea, estatutuetan adierazitakoa eta benetako jarduera bat ez datozela egiaztatuz gero.

Halere, badakigu proposamen hau gogorra eta zaila dela, dituen ondorioak medio: erakunde sindikal edo enpresarial bat halako izateari uztea. Horregatik, alternatiba izan liteke prozedura ez hain latza eta garantistagoa ezartzea. Adibidez, eredutzat har liteke hitzarmen kolektiboak legezkoak ote diren kontrolatzeko LEren 90.5 artikuluan araututa dagoena. Hain zuzen, aurreikus liteke gordailutik egozteko ebazpena (estatutuak moldatu ez edota ohiko jarduna beroietan adierazitakoarekin bat ez datorrelako) soilik epaile baten erabakiz har daitekeela, ofizioz edo alde interesatu baten eskariz”.

Ondorioak

Agiriak alderatuta, agerikoa da CEOEk bere egin duela Confebaskek berea zenik ukatu zuen lehen dokumentuko eskaria, hots, aukera ematea sindikatu bati bulego publikoan “baja” emateko, bere benetako jarduna estatutuetan adierazitakoarekin bat ez datorrelako.

CEOEk eskari hori egitera zein arrazoik daraman azaltzen ez duen arren, eta bajarekin zigor daitezkeen jokabideak ez zehaztuagatik, argi dago bere agirian aurreneko papereko posizioa eta iritzia jaso duela. Horren ondorioa litzateke sindikatuok ezin izango genukeela ez dagozkigun xedeetan saiatu (AHT, fiskalitatea…), ez behintzat sindikatu gisa.

ELAREN BALORAZIOA

Guk salatu genuena egia zen: Confebaskek Madrilera alegazio batzuk bidali zituen sindikatu izaera kentzeko prozedura eskatzeko mekanismoa proposatuz. CEOEk Ministerioan aurkeztu zituen testuek (orain argitara ematen ari garenak) Confebaski egotzi genion testuko bi pasarte jaso dituzte hitzez hitz.

ELAk berretsi egiten du 2014ko azaroaren 26an egin zuen salaketa agirian (“ELAk Confebasken asmo golpista salatu du”), patronala ELA eta LAB paretik kentzeko legea eskatzen ari zelako.

Orduko salaketaren ondorioz Jaurlaritzak Confebask, CCOO eta UGTrekin osatu nahi zuen Elkarrizketa Sozialeko Mahaia delakoa eratzerakoan gorabeherak izan ziren. Orduan Gasteizko Gobernuari exijitu genion ez zezala normaltasunez hartu egintza hain larria, hots, patronalak ELAri eta LABi sindikatu izaera kendu nahia. Haatik, mahaia eratu egin zen Jaurlaritzak Confebaski sinesgarritasuna eta babesa eman ziolako.

ELAk gogora ekarri nahi du une hartan Lehendakariari berari bilera bat eskatu ziola auzia aztertzeko. Lehendakaritzak, ordea, gaur arte ez du eskaria erantzun.

Orduan esan genuen bezala, Europako patronalik erreakzionarioenetako bat dugu hau. CEOEk Confebasken agiriaren zati bat bereganatu zuen hitzez hitz, baina ez zuen zehazki eskatu ekintza sindikaletik ezabatzea Confebaskek proposatu zituen gaiak; CEOE ez zen hainbesteraino ausartu.

Orain eskuratu dugun agiriak nabarmen uzten du Confebaskek berari egotzi genion agirian zein posizio eta iritzi agertu zuen; alabaina, Eusko Jaurlaritzak zuritu egin nahi izan zuen, baita kasu honetan ere, patronalaren jokabidea. Bere esku zegoen gehiago ikertzea; ELAk jarraitu duen bidea har zezakeen, baina ez zuen hala egin. Gasteizko gobernuak Confebaskekin egiten diren politikak partekatzeko borondatea nagusitu zen egia eta gardentasuna defenditu beharrari.

ELA ziur dago gobernuek patronalari mugarik jartzen ez dioten artean honek, diru publikoz finantzatuta eta bere ordezkaritza zein den inork ez dakielarik, bere lobby lanari eutsiko diola, botere handiagoa lortu eta eskubide laboral zein sozial guztiak hondatzeko.