Ekainaren 26an ospatu du ELAk lehen ezohiko biltzarra

2003/06/27
ELAk bere historian aurrenekoz ezohiko Kongresoa ospatu du Bilbon egungo sei federaziotik laura pasatzeko eta beste hainbat barne antolakuntza burutuz.

Ekainaren 26an ELAk ohiz Kanpoko Kongresu Konfederala ospatu du.



Antolakuntza-plan berri batek eragin du araudiaren aldaketa. Sindikatuko erakunde guztiek hainbat hilabetez eztabaidatu eta hausnartu ondoren, ELAren Batzorde Nazionalak onartu egin du aipatu plana (4x12=29 deitura eman diogu).

Lehenbiziko zifra (4a) sindikatuak aurrerantzean izango lituzkeen federazio-kopuruari dagokio. Sei federazio ditu gaur egun ELAk, baina antolakuntza-plan berriaren arabera bat egingo lukete honako hauek: Zerbitzu Publikoek eta Irakaskuntzak, batetik; Igekok eta Eraikuntzak eta Zurgintzak, bestetik. Beraz, lau federazio izango lituzke aurrerantzean ELAk. Bere horretan iraungo lukete, bien bitartean, Metalgintzako Federazioak eta Feta-k (alor pribatuko hirugarren sektoreak).

Berrantolatze horri esker, afiliatu-proportzio paretsuagoa izango lukete lau federazio horiek %ko 30-20 ingurukoa bakoitzak. Horrenbestez, homogenotasun handiagoz erabiliko genituzke gure baliabideak eta lan-prozedura bateratuagoak izango genituzke.

Era berean, federazioek konfederazioaren zuzendaritza-organoetan duen ordezkaritzan ere izango luke eraginik aldaketak, federazio bakoitzak hiru ordezkari izango bailituzke Batzorde Nazionalean.

Berrantolatze-planaren bigarren zenbakia (12a) eskualde-batasunen kopuruari dagokio. Bere horretan jarraituko luke kopuruak, baina areagotu egingo litzateke ELAko eskualde-batasunen izaera integrala, hau da, koordinazio eta zuzendaritza bakarra izango lukete giza baliabide, ekimen eta ekintza guztiek. Beraz, orain arte emaitza guztiz positiboak eman dituen antolakuntza-sistemari eutsi eta tinkotu egingo litzateke.

Hirugarren zenbakia (29a), azkenik, bultzatu nahi diren eskualde-batasunen kopuruari dagokio. Behar dituzten baliabideak emango litzaizkieke eskualde-batasun horiei dagozkien jarduera-eremuak zabaldu eta hobe ditzaten.

Laburbilduz, oinarri lokaleko eredu konfederal integrala du ardatz 4x12=29 planak. Helburua, berriz, oraingo fase honetan behintzat, hauxe du: ELAren erakundeak ahalik eta gehien haztea (kopurua) eta hobetzea (funtzionamendu-kalitatea), gure militantzia-guneak hedatzearren betiere.

Estatutu-aldaketek beste berrantolaketa batzuk ere ekarriko dituzte, antolakuntza-plan honetan aipatutakoez gain: Kontseilu Nazionalak kide gehiago izango lituzke (196, gaur egungo 116en ordez), ELAren barne-ordezkaritza egokiagoa eta osoagoa izan dadin.

Ohiz Kanpoko Biltzar Konfederalaren aurretik federazioen biltzarrak egingo dira: horietako 4 sakabanatu egingo dira, beste 2 berri osatzeko; bi horiek, berriz, beren ez ohiko Biltzarrak egin beharko dituzte -elkartu behar duten beste bi federazioekin- estatutu berriak onartu eta zuzendaritza-talde berriak hautatzeko. "Batzorde iraunkorrak" deituko zaie talde horiei eta honako hauek osatuko dituzte: Idazkari Nagusiak, Antolakuntza Arduradunak eta 4-6 batzordekidek.

Aipatu berrantolatze-planak Eskualde Batasunetan eragingo dituen aldaketei dagokienez, aurtengo bigarren seihilekoaren eta 2004ko lehenbizikoaren artean gauzatuko dira.

Bestalde, bai antolakuntza-planak bai federazioen Ohiz Kanpoko Biltzarrek badute beste helburu bat ere: ELAk duela hainbat urte abiarazitako belaunaldi- eta genero-errelebua sendotzea. Planak proposatzen duenez, Batzorde Nazionaleko (sindikatuko zuzendaritza politikoko organoa) kideen batez besteko adina 40 urte ingurukoa izango litzateke, eta 36 kideetatik herena gutxienik, emakumezkoak.

Esan dezagun, azkenik, azken Ohiko Biltzarra egin eta bi urte eta erdira egingo dugula Ohiz Kanpoko Biltzar Konfederala (2000. urteko abenduan egin genuen X. Biltzarra). Lau urtez behin egin ohi ditu ELAk Ohiko Biltzarrak.