Urtarrilaren 30ean greba orokorra pentsio publiko, enplegua eta bizitza duinaren alde

2019/11/26
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak eman du dataren berri, mobilizazioetan jauzi kualitatiboa egiteko prest agertu diren erakundeekin bildu eta gero. Hala, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, sindikatuek, ikasle, gazte eta ekologia mugimenduek zein bazterketa sozialaren aurkako kolektiboek deitutako eta mugimendu feministaren atxikimendua jaso duen mobilizazioaren data zehaztu dute, Euskal Herriko Eskubide Sozialaren Kartarekin adostu ostean. Grebak helburu argia dauka: pentsio publiko, enplegua eta bizitza duina bermatzea.

Aberastasuna modu justuan banatzeko garaia dela berretsi dute pentsiodunek, baita pentsio sistema publikoa defendatzeko eta eskubide sozialak aitortzeko unea ere. Argi daukate horretarako ezinbestekoa dela kalera ateratzea. “Bizi baldintza duinak izatea ahalbidetuko duten pentsioak, eskubide sozialak eta soldatak bermatuko direla ziurtatu behar da. Mobilizazioekin lortuko da hori”.

Horregatik, zuzenean interpelatu dituzte patronalak eta Madril, Gasteiz eta Iruñeko gobernuak, euren aldarrikapenak gogoraraziz: pentsioek eta soldatek galdutako erosteko ahalmena berehala berreskuratzea eta automatikoki errabalorizatu, bizitzaren kostuaren igoera kontuan hartuta, gutxienez; 2010 eta 2012ko lan erreformak bertan behera uztea “prekaritatea handitu eta negoziazio kolektiborako eskubidea erosotu duten neurrian”; 2011 eta 2013 pentsioen erreformetako neurri murritzaileak ezabatzea; 1080 euroko gutxieneko pentsioa eta 1.200 euroko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (SMI); genero arrakala ezabatzea soldata eta pentsioei dagokienez; aurre erretiroa zigortu gabe 40 urte kotizatuta izan eta gero; gizarte eta osasun zerbitzu publiko, unibertsalak eta doakoak oinarri dituen zerbitzu sarea; Bermatutako Errentaren eta Diru sarrerak Bermatzeko Errentaren kopurua SMI-aren %100ekoa izatea; eta araudi espezifikoa 1.080 euroko gutxieneko soldata osatzeko.

Hori guztia lortzeko, urtarrilaren 30ean Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako kaleak betetzera deitu dute, mobilizazio orokorrean parte hartzera eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten sindikatuek ofizialki deitutako Greba Orokorra babestera, CNT sindikatuarekin, ikasle (Ikasle Sindikatua, Ikasle Ekintza) eta gazte mugimenduekin (Eragin, Ernai) batera.

Mobilizazio eta Greba Orokor egun horretan ere izango dira Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua, mugimendu feminista (100 eragile baino gehiago barne biltzen dituena) eta Harro Euskal Herriko LGTBI plataforma, Etxeko Langileen Elkartea, PAH Bizkaia-Kaleratzerik ez, Argitan eta bazterketa sozialaren kontra eta eskubide sozialen aldeko Berri Otxoak plataforma gisako mugimendu sozialak, Iskanbila, etab.