ELA, CIG, LAB eta CSC sindikatuek bilera sorta egin dute Espainiako Kongresuan alderdi politikoekin

2020/02/26
Lau sindikatuak ERC, JxCAT, EAJ, EH Bildu, BNG eta CUPekin bildu dira eta Estatuan benetako agenda sozial eta demokratizatzailea bultzatzeko aldarrikapena helarazi diete. Sindikatuek beren herrialdeetan negoziazio kolektiborako eskubidea berreskuratzeko premia adierazi diete
 alderdiei; aldarrikapen berberak helaraziko dizkiote PSOEri

Espainiako Kongresuko bilerak estaturik gabeko hiru nazioetako lau sindikatuek otsailaren 5ean Bilbon egindako adierazpenarekin hasi zuten dinamika bateratuaren barruan kokatzen dira. Bileretan parte hartu dute ELAk, CIGek, LABek, eta CSCk –Mitxel Lakuntza, Paulo Carril, Garbiñe Aranburu eta Carlos Sastre, hurrenez hurren–, ERC, JxCAT, EAJ, EH Bildu, BNG eta CUPekin. PSOErekin batera arratsaldean izango da.

Sindikatuek argi eta garbi adierazi dute gizarte-agenda bat bultzatu behar dela, pentsio-erreformak eta lan-erreformak lehengoratu behar direla. Aldi berean, agenda demokratizatzaile zabal batean aurrera egiteko beharra gogorarazi dute, berehala indargabetuz Mordaza Legea eta mugimendu sozial eta sindikala (greba) kriminalizatzen duen Zigor Kodearen 315.3 artikulua. Gure nazioen eta lan-harremanen, pentsioen eta gizarte-babesaren ereduak erabakitzeko eskubidea ere aipatu dute.

Lau sindikatuek bereziki azpimarratu dute premiazkoa dela lan-erreformak indargabetzea, beren herrialdeetan lan-baldintzak negoziatzeko eskubidea aitortzeko, lan-harremanen estatalizazioari hegoak eman dizkioten eta prekarietatea eta soldata baxuak larriagotu dituzten negoziazio kolektiboaren erreformak indargabetuz.

Era berean, gogorarazi diete alderdiei aldaketa horiek bultzatzeko Legebiltzarreko ordezkaritza berrian indar korrelazioa baliatzearen beharra eta garrantzia.

"Euskal Herrian negoziatu nahi dugu"

Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak azpimarratu duenez, bilerak bi helburu izan ditu. "Lehena, ELAk, CIGek, LABek eta CSCk otsailaren 5ean Bilbon sinatu genuen adierazpen bateratuari jarraipena ematea. Eta, bigarrena, diagnostiko bat partekatzea gure herrialdeetako –Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako– alderdi politikoekin. Alderdi politiko horiei dei egin diegu Espainiako Parlamentuan duten indar-korrelazioa balia dezaten, besteak beste, 2010, 2011 eta 2012 urteetako lan-erreformak indargabetzeko"

"Argi utzi dugu helburua Euskal Herriko langileek gure lan baldintzak hemen negoziatu ahal izatea dela, hauek Estatutik inposatu gabe. Gai hau zentrala da ELArentzat, eta marra gorri batzuk ezarri nahi izan ditugu. Ez dago aitzakiarik Euskal Herrian negoziazio kolektiboa garatu ezin izateko, eta hori lortu arte borrokan jarraituko dugu"