ELA, ESK eta STEE-EILAS sindikatuen balorazioa lan erreformaren inguruan

2006/05/17

ELA, ESK eta STEE-EILAS sindikatuek maiatzaren 8an Espainiako Gobernuak, CEOE patronalak eta UGT eta CCOO sindikatuek sinatutako lan erreformaren inguruko balorazio negatiboa egin dute gaur Bilbon eskaini duten prentsaurrekoan. Hau da hiru sindikatuetako ordezkariek irakurri duten testua.

Beste erreforma bat enplegu-kalitatearen kaltetan, beste erreforma bat lan-kontratuaren benetako egonkortasuna kolokan uzteko. CC.OO., UGT, CEOE eta Gobernuaren artean adostu den erreforma horren bidez azken urteotan eman diren atzerapausoak finkatu nahi izan dira. Eta kontratazioa, kontratu-mota bakoitzari deitzen dioten moduan deitzen diotela, prekarioagoa izango da orohar aurrerantzean.

Sinatzaileen abiapuntua 1997ko erreforma izan da, eta arrakasta moduan ikusi dute. Orduko hartan kaleratze-kalteordaina 45 egun/urteko eta gehinez 24 hileko jasotzetik 33 egun/urteko eta 24 hileko jasotzera jaitsi zen. Kopuru horietan oinarritzen zen mugagabeko kontratu sortu berria. Gainera, kaleratze objektiboen legezko arrazoiak ugaldu zituzten (kalteordaina: 20 egun/urteko). Orduko sinatzaileen esanetan, behin-behinekotasuna izugarri motelduko zen: %33tik %15era. Alderdi txarrak baino ez dira bete, kaleratzeak erraztu eta merketzearekin zerikusia dutenak.

Erreforma honen zutabeak berberak dira. Beste atzerapauso bat. Hona hemen oinarrizko ezaugarriak:

-Helburua, epe ertainera, kontratazio egonkor bakarra mugagabeko kontratua izatea da (33 egun/urteko). Patronalak batekoa gordetzen du mahaiazpian: Kontratu finko zaharra (kalteordain handiagoa duena) desagertzeko zorian geratuko da, denbora kontua da.

-"Mugagabeko kontratu" hau, gainera, ez da agertuko behin-behinekoen estatistiketan. Finkoa izango da, enpresaburuak hausteko aukera izan arren, oso diru gutxiren trukean. Ez du axola kontratuaren izena, kaleratzearen aurkako bermerik ez badauka.

-"30 hilabeteren epean 24 hiletan dirauten langileak egonkorrak izango dira aurrerantzean" ezartzen da erreformaren beste puntu batean. Baina, horrekin ez da aldatu orain arte izan duguna. Gaur egun, behin-behinekoen kontratu asko lege-iruzurrean egiten dira, eta ez du inork iruzurgilea zigortzen, langileak finko eginez. Arrazoia begibistakoa da, inork ez du eskatzen dena delako "finkotasun" hori, kaleratzea librea delako, diru-kopuru ziztrin bat ordainduz.

-Erreforman ez zaio heldu lan-ikuskaritzari, ezta lan-agintaritzari ere. Ez da bakarrik ikuskatzaile-kopuru txikiaren arazoa, lehentasun politikoarena baizik. Eta iruzurra zigortzea ez da lehentasunezkoa lan-ikuskaritza eta agintaritzarentzat.

-Erreformari esker diru publiko gehiago joango da enpresaburuen sakeletara; besteak beste, hobariak, diru-laguntzak, eta gizarte-kuoten murrizketak izango dituzte. Mila milioika euro jasoko dituzte edo, bestela, ordaintzetik barkatuko zaie. Bitxia bada ere, kasu askotan enpresaburuari ematen zaion hobaria kaleratzearen 33 egunen parekoa izango da: bidegabekotzat jotako kaleratzeak diru publikoaz ordainduko dira.

-Egia da erreformaren bidez hobekuntzaren bat sartu dela FOGASAn eta langabeziaren babesean, baina hori ez da arrazoi nahikoa ugazabei txeke zuria emateko.

Erreforma honen iruzurra ez da mugatzen edukietara. CC.OO.ek eta UGTk jarraitzen duten "adostasun" bidea eta patronalaren interesen bidea elkartzen dira, bat egiteraino. Eredu horren sustatzaileen biziraupena finantza publikoetan dago oinarriturik, eta herri-erakundeen gatibu dagoenez, uko egin behar dio prekarietatearen aurkako borrokari.

Negoziatzeko modua bera ere helburu horren zerbitzura dago: prozedura burokratikoa eta langileen interesetatik urrutikoa, mobilizazioen beharra guztiz alde batera lagata. CC.OO., UGT, CEOE eta Espainiako Gobernua lan-arloko legearen monopolioaz baliatu dira, lan-baldintzak behetik berdintzeko.

Patronala izan da akordio honen onuradun handiena. 1997ko urtean gertatu zen bezala, Patronalak nahi duena egin ahal izango du, eta bere lehentasunezko postutik beste erreforma bat bultzatuko bide beretik aurrerago joateko, beti ere CC.OO. eta UGTren eskutik.