ELA eta LABek Manifestazioa eta ondotik ekitaldi bat ospatuko dute otsailaren 20an Bilbon, lan harremanen euskal esparrua eskatzeko manifestaldiaren 10. urteurrena gogoratzeko

2004/02/17

ELAk eta LABek Bilbon, otsailaren 20an, goizeko 10etan manifestazioa egingo zuten lan harremanen euskal esparruaren aldeko lehen manifestazioa gogoratzeko, ondotik Euskalduna jauregian ekitaldi bat ospatuko da. Duela 10 urte gertatu zen aipatu manifestazioa eta ELA eta LABen arteko ekintzarako batasunaren hasiera izan zen.

Gai honen inguruan Astekaria aldizkarian hurrengo elkarrizketa argitaratu du ELAk:

German Kortabarria, ELAko bozeramalea

LAN-HARREMANEN EUSKAL ESPARRUAREN ALDEKO MANIFESTAZIOAK HAMAR URTE

Biak sindikatu abertzale izanik, ELA eta LAB nahikoa urrunduta egon ziren 1993raino: lan harremanen euskal esparruaren alde deitu zuten manifestazioraino. Zergatik gertatu zen gero ekintza bateratura eraman zuen hurbiltze hori?

Geure aldetik, hurbiltzeko premia argi ikusi genuen; ELAk 7. Kongresuan egin zuen hausnarketaren ondorioetako bat zera izan zen, mugimendu abertzalearen egoera kezkatzekoa zela: Gernikako Estatutuarekin hasitako prozesua geldirik zegoen, eta bazirudien erakundeak kudeatze hutsak asebete egiten zituela Estatutuaren aldeko hautua egin zuten indar politikoak. Beraz, edozein abertzalerentzat gutxieneko helburu jo zitezkeenak lortu ez arren, pozik agertzen ziren indar politiko horiek. ELAk egoera hori astindu beharra ikusten zuen, eta hortarako beharrezkoa zen ahalik indar abertzale gehienak biltzea.

Baina asmo politikoaz gainera bazen beste arrazoirik...

Bai, arlo sindikalean ikusten hasi ginen zentralizaziorako eraso baten lehen zantzuak, eta horri aurre egiteko ere ordurarte inolako harremanik izan gabeko beste sindikatu abertzalearekin harremanetan hastea beharrezko ikusi zen.

LABekiko lehen urratsak eraispen industrialaren aurkako mobilizazioak izan ziren, CC OOekin batera, baina laster ELA eta LABek geure bidetik jo eta lan-harremanen esparruaren formulazioa egin genuen. Azken finean, hori zen langileok, langile garen aldetik eta sindikatuok, langile-erakunde legez, ditugun beharrei erantzuna eman ahal zien formulazioa.

Erabat berria al zen lan harremanen esparrua aldarrikatzea?

ELArentzat ez, baina bi sindikatuok batera aldarrikapen hori kaleratzeak izugarrizko indarra eta oihartzuna lortu zuen; batez ere, nire ustez, Ajuria-eneko Itunak ezarritako mugaren alde batera eta bestera geunden erakundeok zerbait bateratua proposatu eta egin genuelako, ezarri nahi zizkiguten tabuak hautsirik.

Zer nolako fruitua eman zuen 93ko manifestazio hark?

Manifestazio hark jende aldetik arrakasta izan zuen, eta hedabideetan oihartzun handia.

Bestalde, seguruenik ELA eta LABeko oinarriko jendea ez zen deialdira errezelorik gabe joan, baina hori gorabehera, amaieran guztiok pozik irten genuen, urrats garrantzitsua izan zela ziur.

SINDIKATU INDARTUAK

ELA eta LABen arteko lankidetzak politikan ez ezik lan-harremanen esparruan ere eragina izan zuen.

Bai, estatu mailako sindikatu bateko zenbaitek esanagatik guretzat markoa koadroa baino garrantzitsuagoa zela, hots, aldarrikapen agian sinbolikoa egiten dugula, lan-harremanen euskal esparruaren aldeko bideak koadroa aldatzeko oso lagungarria izan da.

Zertan aldatu da?

Batetik, sindikatu abertzaleok indartu egin gara; gure kokalekua sendotu eta dinamika propio eta burujabea aurrera eraman ahal izan dugu. Bestela esanda, sindikalismo abertzaleak bere burua errespeta arazi du, greba orokorretako deialdietan ikusi denez. Bestalde garai honetan, ELAk eta LABek, baita ibilbidean bat egin duten beste sindikatuek ere, argi utzi dugu kanpoko erabaki eta inposiziorik ez dugula onartzen.

ALDI ABERASGARRIA

Eduki aldetik ere oso emankorra izan den dinamika honek aberastu egin ditu euskal langileen borroka, ikuspegi, aldarrikapenak etab. ELA eta LABen arteko lankidetzaren lehen helburua enplegua izan zen gogoratu beharra dago zer krisi industrial larritik gentozen eta orduan oraindik zegoen langabezia itzela eta, beraz, enpleguaren aldeko kanpainak egin genituen, baina ez ginen hortan geratu.

Proposamen zehatzak egin genituen Lan Harremanen Kontseiluan enpleguaren aldeko neurriak har zitezen, eta Confebaskek hasieran gaia eztabaidatzeari ere erabat uko egin zion arren, azkenean akordio batzuk lortu ziren: aparteko orduen aurka, ordezkapen kontratua, azpikontratazioari buruz...

Ez zen askoz gehiago aurreratzerik izan.

Egia da, geroztik ikusi dugunaren arabera, hor amaitu zela Confebasken negoziatzeko borondatea. Gaur zenbaiten ahotan eta hedabide askotan topikoa bihurtzen ari da sindikatu abertzaleek gatazkaren aukera egin dutela, elkarrizketari muzin eginda, baina nire ustez enpresaburuen elkarteak berak itxi zuen elkarrizketaren bidea, lanaldia murrizteaz eta enpleguaz Lan Harremanen Kontseiluan negoziatzeari uko egin zionean.

1993tik hona gizartea eta ekonomia aldatu dira...

Bai, eta nik uste dut sindikatu abertzaleon jarduna saiatu dela lan munduak izan dituen aldakuntza sakonei erantzuna ematen, batez ere gero eta hedatuago dagoen prekarietate zein bereizkeriari.

Egia da gero hori eguneroko dinamikara eramatea, negoziazio kolektiboan batik bat, ez dela erraza, azken urteotan gertatutakoak erakusten diguten bezala, baina ELA eta LAB prest gaude honekin jarraitzeko, oraintsu negoziazio kolektiboaren inguruko hitzarmenak islatzen duen moduan.

Bi sindikatuen arteko harremanak dirauen hamar urteotan une pozgarriak izan dira, baina baita tentsio handikoak ere. Nola gainditzen dira une zailak?

Zailtasunak gaur ere badaude, batzuk kanpotik datozkigunak eta besteak bi erakundeon artekoak (bakoitzak bere ikuspegi, interes, tradizio eta historia baitu), baina duela hamar urteko egoeraren aldean askoz hobeto gaudela esan daiteke, bi sindikatuok sendoago gaudelako, elkar hobeto ezagutzen dugulako eta bakoitzaren ahalmen eta mugak non diren badakigulako; oro har, gaur geuren buruaren jabe izateko dugun eskubidearen kontzientzia orain hamar urte baino indartsuago eta hedatuago dagoelako.

Eta bada ere beste gauza bat: gaur, duela hamar urte bezala, elkarren premia dugula ikusteaz gainera, elkarrekin joanda urrats handiak egin ditzakegula ikusi dugu. Horrek ematen digu aurrera egiteko adorea.