ELAk EH Bilduri, EAJri eta Elkarrekin Podemosi eskatu die defendatu ditzatela Madrilen sektore publikoko eskumenak

2022/11/21
Madrilgo Kongresuan estatuko aurrekontuen eztabaida hastearekin batera, ELAk EH Bilduri, EAJri eta Elkarrekin Podemosi eskatu die defendatu ditzatela Madrilen EAEko eta Nafarroako sektore publikoko soldaten eta enpleguaren arloko eskumenak. Sindikatuak mobilizazioa egin du Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Madrilen ordezkaritza duten euskal alderdi politikoei Aurrekontuen Legearen testu artikulatuan zuzenketak sartzeko eskatzeko, Estatuak sektore publikoaren soldatetan eta enpleguan duen eskumen inbasioa ezabatzeko.

Helburua argia da: Gasteizko eta Iruñeko gobernuek eta toki- eta foru-erakundeek Madrilek ezarritakoa baino soldata-igoera handiagoak adostea ahalbidetzea, bai eta enplegu publikoaren arloko premiei buruz erabakitzea ere. Horretarako, ELAk gutunak eman dizkie alderdi politikoei, eta itxialdiak eta protestak egin ditu Eusko Jaurlaritzaren egoitzetan: Bilbon (Kale Nagusia 85), Donostian (Kale Andia), Gasteizen (Santiago Ospitalea), Nafarroako Gobernuan eta EUDELen (Bilbo). ELAk ziurtatu du erakunde horiek Estatuaren azpiordezkaritza gisa funtzionatzen dutela, langileak pobretuz. Azken hamarkadan langileek erosahalmena galdu dute, %20 baino gehiago, eta %40tik gorako behin-behinekotasuna pairatzen dute. Gauzak horrela, sindikatuak erakunde horiei eskatu die langileen erosahalmena bermatzea eta enpleguaren behin-behinekotasuna ezabatzea.

Alde batetik, ELAk eskutitz bana eman die EAJri, EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi. Bertan, eskatu diete Aurrekontuen Legean eskumenen inbasioa ezabatzen duen testu artikulatua sartzea eta ez ditzatela Espainiako Estatuko aurrekontuak, soldata eta enplegu igoerak berton negoziatzea eragozten dutelako.

Mobilizazio horiekin, ELAk argi utzi nahi izan du gezurra dela EAEko eta Nafarroako erakundeek ez dutela inolako aukerarik esku hartzeko. “Bere eskumenak mugatzen ditu Espainiako Estatuaren proposamen berdinak egiteko. Bide batez, Estatuaren esparrua negoziazioaren esparrutzat hartzen dute eta lan-harremanen euskal esparrua neutralizatzen dute. Guztiz ilogikoa da erakundeek eta alderdi politikoek Gernikako Estatutua bete dadin defendatzea eta, aldi berean, beren botoekin babesa ematea Madrilek gai horietan duen eskumen-inbasioari”, kexu da.

Gauzak horrela, ELAk mobilizatzen jarraituko du gai horiek Euskal Herrian erabaki daitezen, sektore publikoko langileen erosteko ahalmena bermatzeko eta sektore publikoaren behin-behinekotasuna eta prekaritatea ezabatzeko.