ELA 'minijobs'-en inposaketa gelditzen ari da Nafarroako Administrazioan

2014/05/12
Mobilizazioak eta ekintza sindikalak zein politikoak Barcinaren Gobernuaren %50ko lanaldi-kontratuen hedatzearen asmoa oraindik bertan behera utzi ahal dute.

ELAk Politika Sozialen Sailaren aurrean jarritako helegitea irabazi du, lanaldi osoko langile bat ordezkatzeko %50ko lanaldi-kontratu bat bertan behera uzteko. Gauzak horrela, ELAk gelditu du 'minijob' baten inposaketa, eta horrek bidea ireki dio beste lanpostuen prekarizazioaren aurkako borrokari, baita Administrazioaren beste arloan ere.

Kasu honetan, Nafarroako Gobernuak 877 euroko kalte-ordaina ordaindu behar dio langile honi, eta lanaldi osoko kontratu batentzako eskubidea aitortzen dio. Horrek enplegua prekarizatzeko Barcinaren obsesioa agerian utzi du: azken ondorioetara eramaten dute obsesio hori, euren araudiak urratu arte. Hor dago 68/2009 Foru Dekretua (irailaren 28koa), oraingoz indarrean dagoena, osoak ez diren kontratuak ordezkatzeko lanaldi partzialak onartzen dituena, baina ez lanaldi osoko langileak ordezkatzeko.

Hala ere, defentsa honek iraungitze data du langile publikoen mobilizazioa eta ekintza sindikala zein politikoa (Parlamentuko lege batek egoera hau zuzenduko luke) ez badira oraintxe bertan abian jartzen. Jakina denez, Gobernuak Mahai Orokorrean iragarri zuen dekretu hau aldatu nahi zuela, 'minijobs' legeztatzeko asmoan, “lan banaketaren aldeko neurria” zela argudiatuz (proiektuaren 10.1 artikuluan). Bilera berean, Barcinaren Gobernuak CCOO, UGT eta Afapna sindikatuekin baimenen aldaketa adostu zuen, lan banaketaren argudio bera aitzakiarekin. Gainera, Administrazioak argi utzi zuen bi neurri horiek banaezinak direla: hau da, baimen gehiago 'minijobs'-ak inposatzearen truke.

Oraindik NAOn argitaratu gabe daudenez, ezin dute aplikatu. Hori saihestu ahal da Parlamentuan lege ekimenekin eta mobilizazio sindikalaren eraginez, Barcinaren Gobernua atzerabidea hartu arte.

Hori gutxi balitz bezala, proiektu berean 27/2011 FD aldatu nahi dute bere 10.artikulua ezabatzeko, funtzionario batzuk lanaldiaren murrizketa ahalbidetzeko euren jarduera pribatuentzako denbora gehiago eskuratuz (Administrazioan lan egiten segitzen duten bitartean): hori da kontsulta eta akademia pribatuen apustu garbia. Gobernuak enplegu-aniztasuna bultzatzen du, zerbitzu publikoa kaltetzen du eta lan banaketaren oinarrien aurka doa, inolako zalantzarik gabe.

Horregatik, ELAk 'minijobs'-en aurkako eta benetako lan banaketaren aldeko mobilizazioak eta salaketak bultzatuko ditu, abian dauden dekretu hauek geldiarazteko asmoan. Bide batez, deialdi bat egiten diegu alderdi politikoei, Barcinaren Gobernuaren inposaketaren aurkako neurriak har ditzaten Parlamentuan.