Sindikatuok ere autodeterminazio eskubidearen alde eta errepresioaren kontra

2018/09/11
Diada, Kataluniako festa nazionalaren eguna dela aprobetxatuz, ELAk elkartasuna adierazi nahi dio Kataluniako herriari, eta baita bertako herritar guztiak zoriondu ere, prozesu honetan erakusten ari diren zintzotasunagatik; mobilizazio sozialaren eredu dira, eta Euskal Herriak badu hortik zer ikasi. Hori dela eta, ELAk, adierazpen bateratua sinatu du ondorengo sindikatuekin: LAB, Intersindical CSC, Coordinadora Obrera Sindical, Intersindical Alternativa de Catalunya, Intersindical Valencia, STEI Intersindical, Confederación Intersindical , CSI, Central Unitaria de Trabajadores/as, Colectivo Unitario de Trabajadores, CIG, ESK, STEILAS, SAT eta Intersindical Canaria.

Adierazpen bateratua: 

2017ko urriaren 1ean herri katalanak duela urteak hasitako autodeterminazio eskubidea egikaritu zuen. 2009an hasi ziren herri-kontsultetatik hasita, 2014ko azaroaren 9ko kontsultatik edo Estatuari erreferendum bat egiteko planteatu zaion 18 aldietatik pasatuz. Hau sinatzen dugun sindikatuok herri katalanaren ondoan egon ginen.

Sindikatu soberanista katalanek urriaren 3ko eta azaroaren 8ko grebak bultzatu zituzten, langileen lan-baldintzak hobetzeko zein euren eskubide sozial eta laboralak defendatzeko.

Espainiako Estatuko aparatuak ofentsiba errepresiboa garatzen ari dira Kataluniaren autodeterminazioaren aldeko sektoreen kontra: ordezkari politikoak eta ANC, Ómnium edo CDRetako ekintzaileen kontra. Hauetako batzuk ia urtebete daramate gartzelan epaiketarik gabe, erbestean daude beste batzuk. Hala ere, errepresioa ez da hemen amaitzen, irakasleak, suhiltzaileak eta artistak ere jazarriak dira beldurra sortzeko helburu bakarrarekin, horrela Kataluniako autodeterminazioaren aldeko mugimendua apaldu nahian.

Sindikalismoak ere errepresioa pairatu du eta pairatzen jarraitzen du borrokatzen duenean. Bodalo, Alfon, Sidil, Molero eta beste sindikalista asko kartzelan daude eskubideak defendatzeagatik. Horregatik, ondo dakigu Estatuak bere errepresioa nonbaiten inposatzea lortzen badu, are eta indar handiagoa izango duela beste nonbaiten oldartzeko, batez ere ezker politikako sentsibilitate batek konplizitate ideologikoa indartu duenean. Oldarraldia eta eskubideen murrizketak Katalunian iraunkortuz gero, Estatuan normalizatu egingo da. Arrazoi honengatik, zalantzarako zirrikiturik utzi gabe defendatu behar ditugu grebarako eskubidea eta joan den udazkenean jazarpena eragin zuten horiek sortutako erasoaren amaiera.

Sindikatu sinatzaileok preso, iheslari eta jazartutako pertsonei elkartasuna adierazi nahi diegu, baita euren familia, gertuko eta erakundeko kideei ere. Euren askatasuna exijitzen dugu, pairatzen duten jazarpenaren amaierarekin batera.

Gaur, urriaren 1eko urtemuga gerturatzen ari den honetan, duela urtebete esaten genuena berresten dugu sinatzaileok:

Bozkatzeko eskubidea oinarrizko eskubide bat da edozein gatazka modu justu eta parte hartzaile batean demokratikoki konpondu nahi duen ororentzat.

1.- Katalunia eta Espainiako Estatuaren arteko gatazka politikoa bakarrik konpon daiteke erreferendum baten bitartez, Kataluniako herriak bere etorkizun politikoa erabaki dezan.
2.- Kataluniako Parlamentua behartua egon zen autodeterminazio erreferendum bat aldebakarrez deitzera, 2017ko urriaren 1ean. Espainiako Estatutik jasotako ezetz etengabeengatik izan zen horrela, erreferendum hitzartu bat helburu zuen prozesu bat abiatzeko eskaerari uko egin baitzion behin eta berriz.
3- Espainiako Gobernuak Kataluniako herriaren askatasun nahiari ezin dio erantzun debeku, errepresio eta auziperatzeen bitartez, inolaz ere.

Sindikatu gisa, jakitun gara Kataluniako langile klasea askatasunaren alde bultzatzen ari den borroka monarkia apurtzeko borroka bat dela, baita trantsizioak ezabatu ez zituen frankismoaren ondorioekin amaitzeko borroka ere.

Borroka honi babesa emateko konpromisoa hartzen dugu gure herrialdetik eta lantokietatik.

Kataluniaren gatazkaren konponbidea Kataluniako herriaren borondatearen errespetuarekin bakarrik etorriko da.