ELA, LAB eta STEE-EILAS-ek norabide aldaketa eskatu diote Hezkuntza Sailari Gasteizen

2011/04/12
Gehiengo eta gutxiengoaren arteko joko demokratikoari muzin eginez erabat baztertuak utzi dituela administrazioak orain arte, salatu dute. Baina, ez dutela atzera egingo negoziaziorako eskubidearen defentsan, azpimarratu dute STEE-EILASek, LABek eta ELAk.

Otsailaren 16ko hauteskunde sindikaletako emaitzek egoera berria ekarri dute 23.000 langile inguru dituen EAEko Irakaskuntza Publiko ez-unibertsitarioko irakasle funtzionario eta ordezkoen esparrura. Gehiengo sindikala osatzen dugun sindikatuon ordezkaritza indartu egin da nabarmen, Hezkuntza Sailaren jokaeraren eta  berarekin bat etorri den ordezkaritza sindikalaren kalterako. Langileen ordezkaritza nagusia dugun sindikatuon bi aldarrikapen garrantzitsuek babes handiagoa jaso dute hauteskunde hauetan ere: murrizketen aurkako jarrera argia eta gutxiengoarekin 2010ean sinatutako lan-akordioaren zilegitasun eza, alde batetik, eta departamenduak lehentasunezko ildotzat hartutako hiru egitasmo nagusiekiko desadostasuna bestetik.

Krisiari aurre egiteko aitzakian hartutako neurri murriztaileak eta langileen ordezkaritzaren gutxiengoa zuten sindikatuekin Hezkuntza Sailak sinatu zuen Lan akordioak ez dute inolako zilegitasunik. Langileoi zuzenean hitz egiteko aukera eman zaigunean ere argi gelditu da zein den gehiengoren iritzia. Ikastetxeetan dagoen egonezinak ere hitz egin du. Nahikoa dela ordezkapenak betetzeko arau atzerakoien eragin kaltegarriak jasateaz esan dugu langileok; plantilletan emandako murrizketek hezkuntza kalitatea zuzenean kaltetzen dutela argi esan eta salatu dugu; zerbitzu publikoak ahultzea guztiz kontrako norabidean hartutako neurriak baino ez direla ozenki entzun da langileen botoetan ere.

Ez da txikiagoa izan Hirueleko Hezkuntza Markoa, Eskola 2.0 edo Bakerako Hezkuntzako egitasmoei buruzko iritzi ezkorra. Behin eta berriro salatu dugu hauen inguruko erabilpen politikoa, propagandistikoa eta partidista. Salmenta errazeko gaiei heldu die Hezkuntza Sailak ikastetxeekin eta langileekin kontatu gabe. Eskola Komunitatearentzat garrantzi handikoa diren gai hauetan ez du Hezkuntza Sailak inolako ahaleginik egin eragileekin eztabaidatu, konpartitu eta adosteko;  inposatu egin ditu, zenbaitetan azken muturreraino eramanez.

Hau guztia nahikoa ez eta gustukoak ez dituen hauteskunde sindikalen emaitzen inguruan mespretxuz aritu da, dugun ordezkaritza zalantzan jartzen. Begiratu al dio noizbait bere alderdiak jaso zituen boto kopuruari? Agian euren botoek  besteonak baino gehiago balio dutela pentsatzen dute. Seguruenik gustatuko litzaiekeela beren esparruan ordezkaritzaren %70era iristea. Ahaztu bazaio, besteok badugu ordezkaritza hori gurean.

Demokratikoki jasotako babes honek gure esku utzi duen ardurari helduz, ezinbestekoa den norabide aldaketarako negoziazioak irekitzeko exijitzen diogu Hezkuntza Sailari, ondoko pausoak emanez:

1.- Irakasle Funtzionarioen Mahai Sektoriala osatzea, izandako emaitzak egiaztatuz.

2.- Indarrean dagoen zilegitasunik gabeko lan-akordioaren benetako birnegoziatzea, horretarako egutegia zehaztuz.

3.- Ordezkapenen araudia, plantilla eta soldata mailako murrizketak bertan behera uztea. Seiurtekoen kapitalizazio sistema berriro indarrean jartzea.

4.- Hiru egitasmo nagusien inguruko hausnarketa, eztabaida eta adostasun zabalak lortzeko prozesuak irekitzea, eragileen, ikastetxeen eta langileen parte hartzea bermatuz.

Hezkuntza Sailak dugun egoera berri honen inguruan lasaitasunez hausnartu beharko luke, berean itsutu eta inposaketetan oinarritu beharrean. Aipatutako gai hauetan guztietan benetako negoziazio prozesuak irekitzea da exijitzen dioguna.

Gehiengo eta gutxiengoaren arteko joko demokratikoari muzin eginez erabat baztertuak utzi gaitu administrazioak orain arte, baina STEE-EILASek, LABek eta ELAk ez dugu atzera egingo negoziaziorako eskubidearen defentsan, negoziazio kolektiboaren aurkako erasoak prestatzen ari diren honetan bertako negoziaziorako marko propioaren aldarrikapenarekin aurrera egingo dugun neurri berean.

Hezkuntza Sailak orain arte izan duen jarrera ikusita, ez gaude itxaropentsu. Edozein modutara, gure eskaerei erantzutea eskatzen dugu. Berririk izan ezean edota gure aldarrikapenei inolako kasurik egiten ez bazaie, inork desiratzen ez duen mobilizazioen bideari ekiteko beharrean aurkituko gara. Ez gaude prest agintarien itsukeriak irakaskuntza publikoaren eta bertako langileen etorkizuna nola jartzen duen kolokan begira gelditzeko.