ELAk 2005eko Osalanen kudeaketa planari ezezkoa emango dio

2005/02/10

Administrazioa, patronala eta mutuak gure osasunarekin jolasean ari dira, nahikoa da !!

Lan Arriskuak Aurrezaintzeko Legea indarrean sartu zenetik bederatzi urte bete dira gaur. Harez gero ia hamarkada oso bat geroago, onartezinak dira gaur egun ere ezbeharren maila altua eta lan-gaixotasunak erdi ezkutuan gordetzeko moduak. Ikusi bestela lan-istripuen ondorioz hasi berri dugun urte honetan zenbat hil diren: 20 langile. Egoera lazkarri horrek erakusten digu ez datozela bat, inondik inora, 2004ko estatistikak hobetzeko asmoak eta norabide horretan egin behar diren ahaleginak.

Heriotzak eta lan-istripu larriak ez dira halabeharrez edo zoritxarrez gertatzen, arrazoiak eta erantzuleak daude.

Enpresaburuek "Aurrezaintzaren kultura" hedatu beharra dagoela esaten digute behin eta berriro, hori nahikoa izango balitz bezala arazoa behingoz konpontzeko; baina itxurak egiten dituzte, zeren haiek baitira lehenak Aurrezaintzako Legeari ihes egiten. Ez dute inbertsiorik egiten "lan-segurtasun eta osasun" arloan, enplegua gero eta prekarioagoa bihurtzen dute, eta lehentasuna ematen diote lan-erritmoak areagotzeari, langileen segurtasun eta osasunaren aurretik. Labur esanda, enpresaburuen epe laburreko diru-etekinari begiratzen zaio, langileen segurtasun eta osasunaren kaltetan.

Lan-osasuna negozio bihurtu da, eta hortik oso atarramendu ona ateratzen dute mutuek, aurrezaintzako zerbitzuek, aholkularitzek, institutuek, fundazioek... eta ugazabek ere bai, baina beti ere langileen segurtasun eta osasunaren kontura.

Administrazioak ez ikusiarena egiten du kontratazioan, lege-mugak saihestuz behin-behineko langileen hain tasa handiak daudenean, Europako Batasuneko gainerako herrialdeetan baino askoz tasa handiagoak. Gauza jakina da, ezbeharren arrazoi nagusia lanpostuen behin-behinekotasuna da; horregatik gara lehenak Europan enpleguaren behin-behinekotasunean zein ezbeharren kopuruan.

Lan-osasun eta segurtasunean gaur egun egiten diren ikuskapenak, kontrolak eta jartzen diren zigorrak ez dira nahikoak. Ugazaben interesei begira hartzen den erabaki politikoa da. Salatu egiten dugu, hemendik, herri-administrazioen geldotasuna; hala da, arazoa errotik erauzteko ardura ez dute ganoraz berengain hartzen, arazoa, larria inon bada, ez dute ikusi ere egin nahi.

Hemen eta orain, Osalaneko Kontseilu Orokorra ari dira egiten, 2005eko Kudeaketa Plana eztabaidatu eta onartzeko. Argi eta garbi esan behar dugu Osalan ez dela gauza dauden beharrizanei erantzuteko. Omen daukaten teknikari-kopuru urria arrazoi moduan argudiatzen dute, informazioa kudeatzeko lan soilak egiteko. Gertakariei aurrea hartu baino, gertatutakoaren akta jasotzen dute.

Osalanek dituen baliabide urriak ikustean aise jabetzen gara Eusko Jaurlaritzak lan-osasunari ematen dion lehentasun eskasaz. Baina arreta gutxi horrek ondorioak dakartza: urteko kudeaketa-planak gogo biziaz ez badira bultzatzen, ez dira inoiz osotasunean beteko. Gaur onartu behar duten Kudeaketa Planak zamagarri bat, besteak beste, eraman beharko du atoian: aurreko urteetako planetatik bete gabe utzitakoa, eta jakin badakite, gainera, aurtengoaren betetze-maila ere ez dela nahikoa izango. Osalanek dituen egitura-arazoak konpondu behar ditu, ateratzen dituen planak sinesgarritasuna eduki dezaten.

Horiek horrela, gaur 2005eko Kudeaketa Planaren aurka emango dugu gure botoa.

  • GOBERNUA, PATRONALA: LAN-OSASUNA ESKATZEN DIZUEGU!!
  • LAN-ISTRIPUA, EKINTZA SINDIKALA!!
  • OSALAN IKUSKATU, PASIBOTASUNA KONPLIZITATEA DA
  • LAN OSASUNA GURE BORROKA DA!!
  • LAN ISTRIPURIK EZ!!
  • LAN OSASUNA GURE ESKUBIDEA DA!!

ELA * LAB * ESK * STEE-EILAS