ELAk 541.600 lan prekarioen aurkako borroka lehenetsiko du Maiatzaren Lehenean

Jakina denez, Maiatzaren Lehena ospatzea gizartearen begirada berdinzaleagoa eta solidarioagoa aldarrikatzea da. Era berean, beste mundu bat eraikitzeko premiazko konpromiso kolektiboa da, beti ere kapitalismoaren aurka: planetaren mugak kontuan hartzen ez ditu, gero eta desberdintasun gehiago sortzen ditu eta krisi energetikoarekin eta inflazioaren hazkundearekin kolpatzen gaitu.
Enpresek inoiz baino mozkin gehiago izan dituzte 2021ean, baina gobernuek soldatak ez igotzeko deia egin dute. Errenta-ituna deitzen diote. Zer da hori? Mahai batean patronalarekin eta gobernuekin eseri soldatak igo ez daitezen. ELAk ez du errenta-itunik sinatuko langileak pobreagoak izan daitezen. Bizi dugun une honetan milaka pertsona egoera prekarioan daude, soldaten defentsa (KPIaren igoera) eta emakumeek pairatzen duten soldata-arrakalarekin amaitzea dira sindikatuaren borroka nagusietako batzuk.
ELAk salatu du Hego Euskal Herrian 541.600 langile baino gehiago egoera prekarioan daudela (407.300 EAEn eta 134.330 Nafarroan). Emakumeak dira errealitate hori gehien jasaten dutenak. Enplegu prekario horiekin amaitzea da sindikatuaren zeregin nagusia, eta errealitateak erakusten digu borroka sindikala dela biderik eraginkorrena. Milaka pertsona soldata baxuekin, euren lanpostuetan behar besteko segurtasunik gabe eta lan-erreformaren ondoren aldizkako finko izenaren atzean ezkutatu nahi diren behin-behineko kontratuekin.
Horri etxebizitzaren egoera gehitu behar zaio; espekulazioari oztoporik jarri gabe, 80.000 etxebizitza hutsik daude eta alokairu sozialeko parke publikoa hutsala da, eta etxebizitza bat eskuratzea gero eta zailagoa da biztanleriaren parte handi batentzat.
ELAk atal eta esparru ezberdinetan lan egiten du, eta aurtengo manifestazioak horren islada izango dira. Deialdiak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan izango dira, ondorengo hitzorduekin, zehazki:
BILBO. 11:30- Jesusen Bihotza.
IRUÑEA. 11:30 – Gurutze Plaza.
GASTEIZ. 12:00 – Virgen Blanca.
DONOSTIA. 11:30 – Alderdi Eder.
“Iruzur baten aurrean gaude. Ura, eguzkia eta haizea gasaren prezioan ordainarazten dizkigute. Iruzurgileei iruzur egiten uzten zaienean, horixe egiten dute, jende arruntari iruzur egin. Energia-enpresak etekin historikoak lortzen ari diren bitartean, Sanchezen, Urkulluren edo Chiviteren gobernuek ez dute inolako neurririk hartu espekulazioarekin edo energia-enpresen mozkin lotsagarriekin amaitzeko. Beste behin ere, politika botere ekonomikoaren menpe dago”.
“Orain dena gerraren errua dela sinestarazi nahi digute. Ez da egia, gerrak eragina du, baina sakoneko arazoak lehenagokoak dira. Gerrari dagokionez, Maiatzaren Lehena aukera paregabea da Ukrainaren inbasioa eta gerra guztiak eta horiek dakartzaten tragedia humanitario guztiak arbuiatzeko. Gerra lehenbailehen amaitzeak eta bakearen alde lan egiteak lehentasunezko erantzukizun politikoa izan behar du, eta ELAk exijitzen jarraituko du”.
ELAk duela 110 urte baino gehiago erabaki zuen bere sigletan elkartasun hitza agertzea. Elkartasun hori ez litzateke posible izango sindikatuak antolatzeko aukera ematen duten afiliaturik gabe. Egun hauetan Euskal Herrian sektoreetan eta lantokietan egiten ari diren borrokak eta grebak ez lirateke posible izango milaka langileren konpromisorik eta antolaketarik gabe. Hori da sindikatua. Horregatik, 2022ko Maiatzaren Lehen honetan gogorarazi nahi dugu botere sindikala sortzeko antolatzea dela edozein militante sindikalen zeregin nagusia eta ekarpenik onena.