ELAk bat egiten du Barakaldon zauritutakoen alde “Herritar guztiak duintasunez eta eskubideekin" lelopean egingo den agerraldiarekin

2024/04/02
ELAk atsekabe handiz hartu du Barakaldon martxoaren 21ean gertatu zena. Bi pertsona zauritu ziren, euretako bat oso larri. Hasteko, hauekiko eta beren senideekiko elkartasuna adierazi nahi dugu.

Gertakariak martxoaren 21ean izan ziren, arrazismoaren aurkako nazioarteko egunean, hain zuzen. Zaurituak kalean bizi diren migratzaileak izan ziren. Hau ez da kasualitatea: migratzaileek pobrezia pairatzeko probabilitatea beste herritarrena baino bost bider handiagoa baita. Eusko Jaurlaritzaren arabera, EAEn bizilekurik ez duten 10 lagunetik 8 atzerritarrak dira.

Egitate honi helduta salatu beharra daukagu migratzaileek jasaten duten egiturazko arrazismo instituzionala; oinarri oinarrizko eskubideak ere urratzen zaizkie. Politika publiko eraginkor eta bidezkoak bideratu behar dira eskubideak bermatzeko eta bizi proiektu bat garatzeko modua izan dezaten. Barakaldoko Udalak, Bizkaiko Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, bakoitzak dagokion ardura bere gain hartu behar du, migratzaileei ez baitiete benetako harrera azkarrik eskaintzen. Barakaldon gertatu dena ez da kasu bakana (100dik gora lagun bizi dira kalean), aitzitik, migratzaileen eguneroko bizimodua da. Aldi berean, kezkatzekoa da diskurtso arrazisten gorakada. Hauek, gainera, jokabide bortitzak eta diskriminazioa dakarte migratzaileen aurka.

Migratzaileak kalean bizi direlako errealitate honi irtenbide poliziala eman nahi izatea ez da zuzena. Erantzun hauek neurrigabeko egoeretara eta bortizkeriara eraman dezakete. Ezin da pentsatu hain zauri larriak izan dituen pertsona baten egoera ekintza polizial zuzen eta proportziozko baten ondorio denik, ez eta udal kudeaketa egoki batena ere. Gertatu dena argitu eta dagozkion erantzukizunak garbitu beharra dago.

Horregatik, ELAk eskatzen du ikerketa garden eta independente bat egin dadila martxoaren 21eko operazio polizialaren inguruan; hau izango litzateke jarduketa polizialarengan konfiantza sortzeko modu bakarra eta, bide batez, poliziaren lan prebentiboa indartzekoa. Polizia indarren lana demokrazia eta gizartearen aurrean zilegi izango da kontuak emateko mekanismoak ezartzen badira, agindu-katearen, botere exekutiboaren, botere judizialaren eta giza-eskubideak osorik betetzearen alde lan egiten duten erakunde eta organismoen aurrean.

Urteak dira ELAk salatu izan duela gure agintariek eskubide sozialak murrizteko eredu neoliberalaren alde egin izana, baita eredu polizial jakin baten alde ere; bi osagaiokin egindako koktelak ondorio oso larriak ditu, esaterako kasu honetan gertatu den bezala. ELAren ustez, gainera, onartu ezineko zinismoa adierazten du gure agintariek polizia defenditzea, izan ere, gertatu denarekiko duten ardura ezkutatu beste asmorik ez dute-eta.