ELAk bilera egin du Fiskalburuarekin Euskaltel kasurako

2015/06/29
ELAk, gaur astelehenean, Euskaltelen auzia eman dio ezagutzera Fiskaltzari. Hastapenetan enpresa horretako partaideak, ia %100ean, euskal kutxak eta Eusko Jaurlaritza izan ziren; baina, Burtsara atera ondoren, espekulazio-funtsen kontrolpean geratuko da %68an.

ELAren iritziaz hurrengo gertakari hauek ikertu behar dira:

  1. Errakuntza bat iruditzen zaigu egintzak banan-banan epaitzea. Egintza bakoitza, salerosketa bat, esate baterako, onargarria izan daiteke merkatu-ekonomian. Guk eskatzen duguna zera da: oraingo egoerara ekarri gaituzten hainbat urtetako erabakiak, oro har, epaitzea.

  2. Aztertu beharko lirateke Euskalteleko Zuzendaritzaren jokabidea, kutxena, Kutxabank-ena, eta ondoz ondoko gobernuena. Ikertu beharreko gaien artean hauek daude: akzioen eskualdaketak, horien gaineko balioespenak, eta arduradunen izendapenak —Euskalteleko Zuzendaritzan, Administrazio Kontseiluan eta Kutxabankeko fundazioetan—. Postu baterako nor izan den izendatua jakitea bezain garrantzitsua da jakitea nork izendatu duen. Bitxia bada ere, zenbait pertsona hainbat lekutako karguetan egon dira aldi berean (Euskaltelen, Kutxabanken...) enpresarako erabaki nagusiak hartzen ziren garaian.

  3. Euskaltelen pribatizazioa ezin da ulertu ate birakaririk gabe: lehendakari ohi bat enpresako presidentea izan da. Ildo horretatik, García Erauzkin jauna, Euskalteleko presidente izateaz gain, BBK banku-fundazioko presidenteordea da, Bizkaiko Aldundiaren eta Bilboko Udalaren proposamenez. Euskaltelen gaineko erabaki bat ere ez da hartu Kutxabanken oniritzia izan gabe.

  4. Ikertu beharrekoak dira, halaber, herri-ogasunen kontura konpainiari balioa gehitu dioten ekimenak. Inbertsiorik handienak, denak, diru publikoaz finantzatu dira. Adibide bat jartzearren, Eusko Jaurlaritzak zuntz optikoaren sarean zuen partaidetza Euskalteli saltzea dugu. Inbertsio publiko handi bat konpainiari merke-merke saldu zitzaion norbaiten erabakiaz. Euskalteleko presidenteak berak, Burtsara aterako dela iragartzean, adierazi du zuntz optikoaren sare horrek “ez duela behar inbertsio gehigarri nabarmenik”.

  5. Akzioak funts pribatuetara eskualdatu ondoren, ezin da ulertu konpainia hainbeste birbaloratu izana. Ez dago azalpenik ulertzeko nola funtsek, orain dela pare bat urte eskas, inbertitutako 200 milioiren trukean orain 600 jaso ahal dituzten. Eserita zain egoteagatik. Beharrezkoa da ezagutzea zein argibide pribilegiaturi esker bazekiten bi urteren buruan hiru halako gehiago jasoko zutela etekinetan.

  6. Euskalteleko Zuzendaritzak bi helburu izan ditu gogotik kendu ezinik: akziodunentzako errentagarritasuna eta “bonus”ak kobratzea. “Bonus” delako horiengatik begiramenik gabe jokatu dute kostuak murriztu nahian (langileen eta banaketa-denden aurka...) “Bonus”ak galbide bat izan dira Zuzendaritzarako, jokabide antisozialak eta espekulazio hutseko eredu bat nagusitu baitira. “Bonus”ak, gogoratu beharrekoa da, Zuzendaritzak berak ezarri zituen, eta akziodunek onetsi zituzten (Kutxabankek, Iberdrolak eta funtsek).

ELAk gaitzesten ditu Gobernuaren balioespenak. “Errotze”aren kontua bateraezina da konpainiaren kontrola espekulazio-funtsen esku uztearekin; bateraezina da, baita ere, denon eskubideak zapaltzearekin, errentagarritasunaren izenean. ELAk gogoratzen dio Gobernuari “bonus”en perbertsioa ez datzala diruzko izaeran; akzioetan emanda ere, berdin izango zen. Zuzendaritzak ez du ezertan amore eman, denek bazekiten, Euskaltelen eta Kutxabanken egoteagatik, zein nolako eragiketan zeuden sartuta.

Gure herrian gure “Alierta”k (Movistar) ditugu. Botere politikoak izendaturiko pertsonak, herrian errotzearen aitzakiaz baliaturik, ondasun publikoak xahutzen ari izan dira, etekinak sektore pribatura aldatzen, eta batez ere irabazi pertsonalak metatzen.