Desgaitasuna duten pertsonen nazioarteko eguna
ELAk desgaitasuna duten langileek lan arrunterako pasabidea bermatzeko inplikazio publikoa exijitzen du

Abenduaren 3an desgaitasuna duten pertsonen nazioarteko eguna ospatzen da. ELAk desgaitasuna duten langileak oroitu nahi ditu egun honen bezperan. Legeak hala ezarri arren, enpresa gehienek ez dute desgaitasuna duten langileen gutxieneko kupoa betetzen eta horrek lan-merkatutik kanpo kokatzen ditu edo enplegu zentru berezietan segregatzen ditu, eta administrazioek ez dute legezko betekizun hau betearazteko baliabiderik ezartzen.
ELAren iritziz aniztasun funtzionalaren lanketa zeharka politika guztietan bermatu beharra dago eta garrantzi berezia du hezkuntza edo enplegurako bitartekaritza politika publiko egokiak izateak langile hauek lan arrunt baterako pasabidea izan dezaten. Egun halakorik ez da egiten eta langile askorentzat enplegu zentru berezietan aritzea da lanerako aukera erreal bakarra. Azken datuen arabera, desgaitasunak dituzten langileen %0,42a baino ez da zentro berezietatik lan arruntera igarotzen.
Desgaitasuna duten langileen pobreziaeta bazterketa sozialaren tasa gizartearena baino %10 handiagoa da, neurri handi batean egungo egitura ekonomikoak gutxieneko dirusarreratarako sarbidea lanaren bidez bermatzen duelako. Langile hauek, baina, langabezia tasa handiagoa dute eta neurri handi batean enplegu zentru berezietan ari dira, enpresa arruntek azpikontratatuta eta lanbidearteko gutxieneko soldataren inguruko dirusarrerekin, hainbat kasutan hortik behera. Gogoratu behar da desgaitasunak dituten emakumeen egoera are prekarioagoa dela, bai okupazioaren aldetik, baita diru-sarreren aldetik ere. Era berean, pertsona hauen gizarte integraziorako lana ezinbesteko elementua da sarritan, eta administrazioek ez dute behar bezalako laguntzarik ezartzen integrazio hau enpresa arruntetan egin dadin eta horretarako beharrezkoak diren moldaketa eta laguntzak egin daitezen.
Era berean, ELA proposatzen ari den gutxieneko soldata propio baten aldeko Herri Ekimen Legegilea da langile hauek pobreziatik ateratzeko neurri eraginkorrena, desgaitasuna duten langile askori zuzenean aplikatuko baitzaie.
ELAk inplikazio publikoa exijitzen du desgaitasuna politika publikoen erdigunean kokatzeko eta desgaitasuna duten langileek ere bizitza duin eta autonomo bat izan dezaten. Era berean, ELAk bere esker ona adierazi nahi die desgaitasuna duten langileen alde ari diren sindikatuko militanteei, bereziki enplegu zentru berezietan egunerokoan langile hauen bizi baldintzak hobetzeko lanean ari direnekin.