ELAk EAJri exijitu dio eman ditzala ezagutzera PSOErekin negoziazio kolektiboa erreformatzeko dituen akordio guztiak

2011/06/27
ELAk eskatzen du hitzartu den guztia publiko egin dadila. Gauzak argi gera daitezela exijitzen dugu zuzenean eragiten digun gai honetan. Ez du onartuko politika egiteko modu hau: gizartearen kritika saihesteko negoziazioa eta akordioak ezkutatu egiten dira.

Berebiziko errespetu falta adierazi diote jeltzaleek euskal sindikalismoari. ELAk berriro salatu behar du EAJren jokabidea Negoziazio Kolektiboaren Erreformari dagokionez. ELAk eskatuta, pasa den apirilaren 1ean bilera egin genuen, orain arte bakarra, eta orduan 2011ko  otsailaren 21ean sindikatuaren Nazio Batzordeak onartutako ebazpena azaldu genuen. EAJko ordezkariek esan ziguten konturatzen zirela ebazpenean azaltzen zen arazoa zein zen, eta Madrilgo prozesuaren berri emango zigutela. Halakorik ez da gertatu. Ez digute behin ere deitu, ez informaziorik eman... Ez dira “iritziak trukatu”, ez antzeko ezer. EAJk erabaki zuen abstentzioarekin erreforma gauzatzeko aukera ematea, eta ELAren iritzia ez zuen aintzat hartu. Ez dago gezurrik esan beharrik hartutako erabakiak zuritzeko.

Gertatzen ari dena harritzekoa iruditzen zaigu. Joan den astean esan genuen onartu ezinekoa zela “euskal sindikalismoa garatuko den esparrua negoziatzen ari direlarik, gai hori alderdiei soilik dagokien auzia bailitzan kudeatzea”. Harrigarria eta argigarria da, zoritxarrez.

Are harrigarriagoa da, ordea, akordioa itxi eta hainbat egun igarota oraindik testurik ez ezagutzea. Akordio ‘historikoa’ iritsi omen dute, baina testua inork ez du ezagutzen; dakigun bakarra da alde bakoitzak esan duena (EAJk zein Lan ministroak); bide batez, kontraesanak daude bien artean. Egungo negoziazio esparruak salbatzen al dira? Alde bakoitzeko gehiengo demokratikoak erabaki ahal izango du non eta zer negoziatzen den, Estatuaren menpe egon gabe...?

Prozesua ez da amaitu, eta parlamentuko tramitean erreformak okerrera egingo du. Izan ere, dekretua berresteko abstentzioa baldintzatuta zegoen, hots, bere asmoa aurrera ateratzeko eskubide gehiago murriztuko direla agindu zuen gobernuak; halaxe gertatu zen erreforma laboralean ere. Horrelako gardentasun ezaz jokatzen denean atzean ezkutatu nahia dago babesa eman diotela erreforma bidegabe bati, eskubide laboralentzako latza izango dena eta bakar-bakarrik patronalari on egingo diona.

ELAk eskatzen du hitzartu den guztia publiko egin dadila. Gauzak argi gera daitezela exijitzen dugu zuzenean eragiten digun gai honetan. Ez dugu onartuko politika egiteko modu hau: gizartearen kritika saihesteko negoziazioa eta akordioak ezkutatu egiten dira.