BGAE-en dekretua
ELAk egokia deritzo BGAEen dekretuari, baina aldaketa fiskal handiak eskatu ditu ere

Eusko Jaurlaritzak BGAEen (Borondatezko Gizarte-Aurreikuspeneko Erakundeak) inguruan argitaratu duen Dekretuaz ELAk lehen analisia egin du; sindikatuaren irudiko, bide onetik doan arren ez dio ekiten gai honetan beharrezkoa den aldaketa fiskalari. Edonola ere, ELAk pentsio publikoak indartzeko borondateari eutsiko dio, horrek esan nahi duen guztia barne (azken hamarraldietako murrizketak bertan behera uztea, esaterako erretiro-adinaren atzerapena eta beste kontu garrantzitsu batzuk), eta gogoratzen du BGAEen garapenak ez duela, inola ere, pentsio publikoen lekua hartu behar.
Beti ere, enpleguko BGAEak izan behar dira sistema publikoaren osagarri bat, negoziazio kolektiboaren esparruan kokatuak, ekarpen partekatu eta parekideekin, aseguru-sariarekin eta errentan jasotzekotan. Haatik, gobernuek pentsioei behin eta berriz erasotzen dietenean BGAEei buruzko edozein eztabaida zeharo nahasten dute.
Eusko Jaurlaritzak egin duen dekretuari dagokionez, ELAk uste du erabakiak hartzerakoan egokia dela bi estamentuetan gehiengoa eskatzea (patronala, batetik, eta sindikatuak, bestetik). Hau ezinbestekoa da honelako erakundeak kudeatzerakoan, interes kontrajarriak agertzen direnean.
Bestalde, ELAk uste du urrats positiboa dela kapital gisa jasotzeko muga 36.155,5 euro eta gehienez %25ekoa izango dela finkatzea, baina dekretuak berriz heltzen die lehengo erabaki politiko injustu eta ulertezinei, esaterako zergak ordaintzerakoan, saritu egiten baitu kapitala jasotzea, ez errenta kobratzea. ELAk galdegin du puntu hau aldatzea, funtsezkoa baita BGAEak pentsioen osagarri izango diren eredu baterako, hau da, non ez diren hartuko inbertsio-funts gisa. ELAk berriro dio: BGAEei ematen zaien tratu fiskala ezin da izan inola ere pentsio publikoena baino mesedegarriagoa; hartara, errenta kobratzea lehenetsi behar da, ez kapitala jasotzea.