ELAk ekinean jarraituko du Arcelor-Zumarragako zuzendaritzak bere jokabidea alda dezan
ARCELOR-ZUMARRAGAn akordioa sinatu zutela bi aste igaro ondoren, ELAtik zenbait gogoeta egin dugu.
1.- Akordioa.
Akordioan harturiko konpromiso zehatzak irakurri dituen edonork akordio ona dela atera behar du ondorio. Arcelor bezalako enpresa multinazionaletan instalazioak lan-kargaz saturatzeko konpromisoa lortzea garrantzizkoa da. Akordioan ez dago eskubide-galerarik. Langileen aldetik hartzen den konpromisoa lan-txandak lan-kargaren igoerarekin egokitzekoa da. Eskubideak lehenago galdu ziren, orain dela ia bi urte, ELAk sinatu ez zuen akordioan.
2.- Arcelor-en jarrera.
Arcelorko Zuzendaritza lantegiko aldi baterako itxieraz baliatu da langileak beldurtzeko, eta jarrera hori erabat arduragabea da. Enpresaren beharrizana bazen txandak lan-kargen igoerarekin egokitzea, antzeko akordioak negoziatu zitezkeen, mutur horretaraino heldu behar izan gabe. Adierazpen haiek neurriz gaineko izua zabaldu zuten lantegiko langileen artean, zeharkako enpleguetan eta eskualde osoan; eta gero aste oso batean ugaldu ziren egoera baretzen lagundu ez zuten beste jendaurreko adierazpen batzuk: sindikatu batenak (CCOO), eta goi-kargudun batzuenak, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuarenak.
3.- Gaia orain enpresaren ardurapean dago.
Behin akordioa izenpeturik, 5. lan-txanda abiarazi dute. Orain gaia enpresaren esku dago. Dirudienez lan-karga une batetik bestera igoko da. Dena dela, bestelako gaiak ere badaude aztertzeko. ELAk enpresaren ezin txarragoko barne-antolamendua aipatu, aipatzen eta aipatuko du, arazo nagusietako bat delakoan. Antolamendua argia eta eraginkorra izan ezean, egoerak ez du hobera egingo. Txanda gehiago jarrita ere, enpresaren antolamendua hobetzen ez bada, nekez bideratu ahal izango da modu onean lan-karga. ELAk ekinean jarraituko du Zuzendaritzak bere jokabidea, alderdi horrekiko, erabat alda dezan, eta antolamenduan zein kudeaketan egin beharreko aldaketak egin ditzan. Hori izango da gure ekintza sindikalaren xedea.
4.- LABen kontraesanezko jokabidea.
Ezin dugu LAB ulertu. Joan den astean egindako bileretan LABek parte hartu zuen, eta ELAren ikuspuntuekin bat egin zuen. Joan den osteguneko bileran LAB ados agertu zen azken testuarekin, eta adierazi zuen (hala dio azken testuan) “alderdi guztiak ados daudela, baina LABek atzeratuko zuela sinatzea astiro irakurri arte”. Bilera hartan, LABeko ordezkariekin batera, eskualdeko arduraduna ere egon zen. Zilegi da sinatzea edo ez sinatzea; baina ez da itxurazkoa akordioa egiten laguntzea, eta gero akordio horren beraren sinatzaileak maiseatzea.