ELAk errefusatu egin ditu Aita Menniko zuzendaritzak sindikatuaren eta batzordearen aurka egindako akusazioak, eta hitzarmena negoziatzera deitu du

2021/06/22
Ospitaleko zuzendaritzak ekintza sindikala desaktibatu nahi du, sindikatua eta enpresa batzordea gutxietsiz, gizarteari begira bere irudia garbitzeko. Greban dauden ospitaleko langileek egin dituzten zereginak epaitzen ditu, Eusko Jaurlaritzak egindako gutxieneko zerbitzuei buruzko dekretu bat dagoenean, egin beharreko gutxieneko zerbitzuak zein diren ezartzen dituenak. ELAtik epaile lanak egiteari utzi eta zuzendari lanak bete ditzala eskatu nahi diogu enpresari.

ELAk beti esan izan du arazo handia dagoela ospitalean langile faltagatik. Baina badirudi enpresak kezka hau interesatzen zaionian bakarrik agertzen duela. Adibide zehatzak jartzearren: hainbat unitatetako gaueko langile batzuek beste unitate batera joan behar izan dute laguntzera, besteek duten lan kargagatik (bakarrik egoten dira gauekoak) eta beren unitateko pazienteak arretarik gabe utzi behar izaten dituzte; edo hainbat unitatetako gaueko txandan, langileek oso goiz altxatu behar izaten dituzte pazienteak ez direlako iristen, eta egongelan bakarrik utzi behar izaten dituzte pazienteak, gosaldu arte.

Bitxia da enpresako zuzendaritzak batzordeari esatea bere lankideak presionatzen dituela, zuzendaritzak negoziazio kolektiboa boikotatzen dutenean langileei edukiak unilateralki aplikatuz, edo langileei informazio-orriak eskura ematen dizkietenean greba ondoriorik gabe uzteko. Grebarik badago, arrazoiak daudelako da eta eta langileen aldarrikapenak bideragarriak dira enpresaren egoera ekonomikoa ikusita.

Era berean, borrokak eragin du langileak euren artean antolatuta egotea eta ELAren erresistentzia kutxarekin langileek greba ekonomikoki sostengatzeko aukera dute.

ELAk Aita Menniren datu ekonomikoak behin baino gehiagotan adierazi ditu, eta datu horiek Enpresa Batzordeari eskuratu dizkio zuzendaritzak, beraz, datu horiek egiazkoak dira. Zerbitzuaren asistentzia-kalitatea enpresari hainbeste axola bazaio, zergatik ez da kantitarekik bideratu zaintzara edo lan baldintzen hobekuntzara, azken bost urtetan eginiko 10 milioi eurotako inbertsioetatik?

ELAk gogorarazi nahi du administrazio publikoek ere erantzukizunez jokatu behar dutela gatazka honetan. Erabat onartezina da azpikontratatuta edo kontzertatuta dagoen zerbitzu publiko batean langileen lan-baldintzak guztiz eskasak izatea. Mota honetako zerbitzu batek soldata duinak, plantilla egonkorrak eta lanaldi osoko kontratuak behar ditu. Ospitale honetan dagoen prekarietatea medio, langile askok Osakidetzara jotzen dute lan baldintza hobeagoen bila.

ELAk, berriro ere, hitzarmenaren negoziaketarako erabateko borondatea adierazi nahi du eta, beste behin ere, zuzendaritzari eskatu nahi dio gatazka honi amaiera eman diezaiola, langile hauen prekarietatea behin betiko ezabatzeko urrats errealak emanez eta pertsonak erdigunean kokatuz.