ELAk eta LABek gaitzetsi egiten dute Enpleguaren Estatuko Zerbitzu Publikoak urriaren 21ean eman zuen Ebazpena

2004/10/20

Ebazpen horren bidez diru-laguntzetarako deialdi bat onartu zen, guztira 7,4 milioi euro biltzen duena, programa-kontratuen bidez etengabeko prestakuntza ematekoa.

Aurtengo urtarriletik hona indarrean dagoen etengabeko prestakuntzako Estatuko eredua are sendotuago geratu da honez gero; izan ere, ebazpen hori ikusi baino ez dugu egin behar izan ELAk eta LABek lehenagotik egina zuten balioespen negatiboa egiaztatzeko. Sindikatu horien iritziz, Ebazpen horren bidez egin nahi izan dena EAEko beste erakunde batzuen zeregina, Hobetuz-ena, besteak beste, ezabatu ez ezik, prestakuntza-funtsen banaketa eta haien gaineko arauak egiteko ahalmena Estatuaren esku uztea. Eta maniobra hori indarreko legeak haustearen parekoa da, ez baitira errespetatzen haien auzitegien epaiak, edo zehazkiago esanda, Konstituzio Auzitegiak emandako epaiak.

PSOEren Gobernuak PPren dekretua aldatu beharrean, eta enplegu-politikak eskualdatu beharrean, aurrerago joan da zentralizazio-bide horretatik, eta Forcem-en antzeko prestakuntza-eredua garatzen jarraitu du, Europako Batasunak, funtsen iruzurrezko erabilera dela-eta, salatu duen eredu bera.

Ebazpen hori Hobetuz-en aurkako erasoa izan da, zeren EAEko Lanbidearteko Akordioaren arabera berari dagokio funtsen kudeaketa, eta akordio horrek erabateko indarra eta balio juridikoa dauka, Langileen Estatutuaren 83 eta 84. artikuluetan oinarritu baitzen. Hori horrela, programa-kontratu horietan parte hartzen duena, ELA eta LABen ustez, erasotzaileen kide bihurtuko da.

Bestalde, ELAk eta LABek CCOO, UGT eta CONFEBASKen joko bikoitza salatzen dute, EAEn HOBETUZen alde agertzen diren bitartean, Madrilen haien goi-buruek edo ordezkariek horrelako erasoak onartu edo, areago, bultzatu ere egiten dituzte.

Ondo agerian utzi nahi dugu, baita ere, EAEko Gobernuaren konpromiso-eza eta borondate politiko eskasa; izan ere, etengabeko prestakuntzaren arloan Estatuak ezarritako arauetan uzten dizkieten apurrak kudeatzera mugatu dira-eta.

EAEko Gobernuak ihes egiten dio aurrez aurreko asaldaketari, eta bitartean, Espainiako Gobernuak Enpleguaren Sistema Publikoari ematen dio funtsen kudeaketa, Etengabeko Prestakuntzaren Euskal Akordioaren arabera Hobetuzen esku utzi beharko zena.

Hori guztia kontuan izanik, ELAk eta LABek uste dute behar-beharrezkoa dela prestakuntza-sistema bat, geurea, lehenbailehen eratzea. Sistema horrek, prestakuntza ematerakoan, eskariak eta kalitatea hartuko zituen oinarri, baita euskal langileen eta enpresen beharrizanak ere; eta lanbide-prestakuntzako ikastegien sarean emango zituen eskolak. Labur esanda, prestakuntzaren kalitatea eta kudeaketaren gardentasuna ezaugarri dituen eredua dugu gogoko, bestelako asmo eta interesak alde batera utzita.