EAE aurrekontuak
ELAk Eusko Jaurlaritza epaitegietan salatuko du aurrekontu proiektua onartu aurretik 100.000 langileen lan baldintzak ez negoziatzeagatik

ELAk, Eusko Jaurlaritzaren 2025eko aurrekontu proiektua ezagutu bezain laster, epaitegira jotzeko erabakia hartu du. ELAren ustez, Eusko Jaurlaritzak aurrekontu proiektua onartu aurretik Mahai Orokorra deitu behar du, aurreko urteetan egin izan duen bezala, aurrekontu horietan bere ardurapeko 100.000 langileen lan baldintzen inguruko erabakiak eztabaidatzeko.
Azken urteetan, formalki izan bada ere, aurrekontuak onartu aurretik, Urkullu Lehendakariaren Gobernuak Mahai Orokorra deitu du. Pradales Lehendakariaren gobernuak, ordea, lan baldintzak zuzenean inposatu ditu, langileen ordezkariekin hitz egin gabe. Era honetan, langileen ordezkariek langileen lan baldintzak negoziatzeko oinarrizko eskubidea ukatu eta urratu du Eusko Jaurlaritzak.
Eusko Jaurlaritzak, erabaki hau hartzeaz gain, bere ardurapeko 100.000 langileen lan baldintzak etorkizunean estatuko aurrekontuetan onartzen denaren menpe uztea erabaki du. Gogora ekarri beharra dago egun 2025eko estatuko aurrekontuak eztabaidagai daudela eta, ondorioz, bertan adostu daiteke EAEn edo Nafarroan bestelako soldata igoerak izatea eta aurreko urteetan lan baldintzak negoziatzeko ezarri dituen mugak kentzea. Are gehiago, hori da hain zuzen EAJren eta PSOEren artean adostutakoa. Bada, Eusko Jaurlaritzak uko egin dio sindikatuekin gai horri buruz negoziatzeari. Besteak beste, EAEko langile publikoen soldata igoera Espainiako Kongresuan onartuko dena izatea erabaki dute.
Azken urte luzeetan behin eta berriz euskal langile publikoek eta sindikatuek aldarrikatu dute langile publikoen lan baldintzak hemen erabaki behar direla. Horren adibide da aurreko ikasturtean sektore publikoan egindako hiru greba orokorrak. Eusko Jaurlaritzak oraingoan ere aldarrikapen horri muzin egin dio eta Madrilera begira jarri da langile publikoen lan baldintzei dagokionez.
Pradales Lehendakariak esaten duen bitartean aurrekontuak zerbitzu publikoak indartzeko baliatuko direla, zerbitzu publiko horiek aurrera eraman behar dituzten langileen lan baldintzak negoziatzeko inolako borondaterik ez du erakutsi eta Madrilen menpe uzten ditu beste behin.Hau egiten du Estatutuaren betearazpena publikoki aldarrikatzen duen bitartean.
Langile publikoen lan baldintzen gainbeherak ez du etenik izan azken urteetan. 2021etik hona eros ahalmenaren galera %6koa izan da eta 50.000 langile daude oraindik behin behineko egoeran, ia plantillaren erdia. Osakidetzaren kasuan plantillaren erditik gora. Besteak beste, esparru batzuetan jasaten dugun profesional falta lan baldintzen okertze honek azaltzen du.
ELAk aurrekontu hauen irakurketa lasaia egin ondoren, bere orokortasunean baloratuko du. Gaur gaurkoz, irakurritakoaren arabera ELAk argi du aurrekontu hauek ez dutela zerbitzu publikoen alde egingo eta aurreko gobernuaren autoritarismo berarekin kudeatua izaten ari dela.