ELAk ez du onartu EITBren Plan Estrategikoa, ez dielako gabezia informatiboei eta lan prekaritateari heltzen

Laburbilduz, EITB 2030 Plan Estrategikoak hizkuntzari dagokionez egindako proposamen deigarri ugari jaso ditu (Euskal frame, HUB talent, etab...). Baina lausoak ez ezik, euskal hedabide publiko batek bermatu beharreko hainbat betebeharrekin talka egiten dute, esaterako, ez datozelako bat euskararen sustapenarekin, zerbitzu publikoen defentsarekin eta lan baldintzen errespetuarekin.
Aurkeztutako planak kutsu enpresarial hutsa du, eta proiektuaren iraunkortasun ekonomikoa aipatzen du etengabe. Ondorioz, pentsatzekoa da ardura hori berriro lantaldearen eta lan baldintza prekarioen bizkar utzi nahi dela. EITBren finantziazio publiko-pribatua sendotzeko maiz iragarri izan den asmoaren kontra, egungo datuek joera kezkagarria islatzen dute: 2009an 190 milioi euroren ekarpena egin zuten kutxa publikoek; 2021ean kopurua 142 milioiraino jaitsi da (% 25 gutxiago).
Planak dioenez, EITBren xedea da “eragile eraldatzailea” izatea; “kausa sozialetan” inplikatu behar omen du, baita “ingurumenaren defentsan” ere. Baieztapen horiek talka egiten dute erakundearen zuzendaritzak egunero-egunero erabakitzen duen ildo informatiboarekin: Eusko Jaurlaritzako eta Aldundietako arduradunen neurrigabeko presentzia dago, eta agente eraldatzaileak (ekologistak, feministak, sindikatuak, pentsiodunak...) zokoratuta daude, EITBk euren ordezkari ere izan nahi ei duen arren; gainera, babes editoriala ematen zaie proiektu suntsitzaileei, esaterako AHTari, erraustegiei, Donostiako metroari, etab.
Tamalez, Plan Estrategikoak ez du jaso ELAk 2015ean EITBko aniztasun informatiboari buruz egindako txosteneko eskaririk, ezta sindikatuak erakundearen erreformarako 2018an Eusko Legebiltzarrean erregistratutako proposamenekoak ere. Planaren beraren hasieran datu kezkagarri bat aipatzen da: inkesta batean elkarrizketatutako pertsonen % 83k uste du desinformazioa demokraziarentzako mehatxua dela, eta
ELAk uste du Plan Estrategikoan ez dela beharrezko urratsik egiten arazo horri aurre egiteko.
Nolanahi ere, planak ekinbide berritzaileak ditu, esaterako, Primeran plataforma digitala, ikusle gazteak erakartzeko saioa edota etengabe aldatzen ari den ikus-entzuneko sektorearen prospekzioa, zeinetan EITBk esfortzu askoz handiagoa egin behar duen. Nabarmentzeko modukoa ere bada Nafarroako delegazioan aurreikusi den inbertsioa, baina deigarria da lantaldearen egoerari buruzko aipamenik ez egitea.
Oso esanguratsua da Giza Baliabideen Planean aipatzen den lehenengo kontuetako bat honako hau izatea: “EITBk eskakizun juridikoak bete behar ditu”; horrek adierazten du orain arte ez dela halakorik egin. Horregatik, isunak jarri dizkio Lan Ikuskaritzak (600.000 eurotik gorakoak, ELAren datuen arabera), eta auzitegietan sarri agertu behar izan du, lantaldearen eskubideak urratu dituelako.
Hain zuzen, ez dauka zentzurik “EITB Casting” talentua aurkitzeko makroproiektuak (finean, erakundean lan egingo duen jendea bilatzeko), kontuan izan gabe lantaldearen izaera publikoa, ez eta bera osatzeko bete beharreko prozedurak ere. Gainera, lana kanporatzeko eta azpikontratatzeko joera gero eta nabarmenagoa da: ETBko hainbat saio ekoiztetxeek egiten dituzte, baina maiz langile publikoekin, eta Radio Vitoriako programazioaren % 20 erakunde publikotik kanpoko baliabideekin ekoizten da, esaterako.
Zuzendaritzak plazaratu duen Plan Estrategikoan esaten da profesional taldeak “integratu eta egonkortu” egin behar direla; haatik, guztiz kontrakoa islatzen du lantaldean dagoen behin-behinekotasunak (%40, hau da, 450etik gora lagun; emakumeen artean portzentajea % 55ekoa da, horietako askok 5, 10 edo 20 urtetik gora daramatzate lanpostu estrukturaletan lanean).
Aipamen berezia egin behar zaio euskarak jasotzen duen tratamenduari. EITBren zutabe nagusietako bat omen da, baina praktikan kiroletara edota tradizio zein folklore edukietara mugatzen da; “garrantzitsua” dena gaztelaniaz agertzen denaren ideia sendotzen da horrela, zehazki ETB2n eta Radio Euskadin. 2021eko urriko datuen arabera, ETB1en pantaila kuota %2,2 izan da; ETB3 %0,2, eta ETB2 %9koa.
ETB1eko programazioaren erakargarritasuna oso gorabeheratsua da. Izan ere, ETB2an emitituko ez diren saioak eskaintzen dira bertan. Esaterako, ETB1ean errepikapenak ohikoak dira. Audientziarik handiena duen ‘Herri Txiki, Infernu Handi’ saioak %4,2ko kuota besterik ez du.
Horrenbestez, agerian geratu den moduan, ELAk uste du Plan Estrategikoak ez diela taxuz heltzen EITBren gabezia eta ahuleziei. Horregatik, Administrazio Kontseiluan kontra bozkatu du, beti ere erakundearen benetako erreformari ekiteko konpromisoa oinarritzat hartuta. 2018an bezala, ELA ekarpenak egiteko prest dago, baldin eta EITBren informazio eta lan eremuen plangintzan ildo orokorrak aldatzen badira.