ELAk hauteskunde sindikaletan bere gehiengoa areagotu du EAEn, 2018 urtea %41,04arekin itxita

Lurralde guztietan hazi da: Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Gainera, ELA hiru federazioetan hazi da (Industria eta Eraikuntza, Zerbitzuak eta Gizalan). Oraingoan ere langileek sostengu oso zabala eman diete ELAren hautagai zerrendei.
Bestalde, nabarmendu beharra dago ELAren ordezkarien %38,66 emakumeak direla; EAEn, %39,48 eta Nafarroan, %34,18. Hau ordezkaritzaren zati handi bat da, eta berretsi egiten du sindikatuak benetako genero-ekitatearen alde egin duen lana eta soldata arrakalaren aurka daraman borroka. ELAren ustez emaitza hauek bulkada ematen diote bere klase eta nazio proiektuari: politika neoliberalei aurre egiten dien jendarte justuagoa, prekaritatea gainditzeko antolakuntza lana eta soberanismoa ezkerretik indartzea.
Euskal langile-klasearen gehiengoak kontrabotereko eredu sindikalaren alde egin du, beraz. Aitzitik, Eusko Jaurlaritzak emaitzarik kaskarrenak lortu dituzten sindikatuen babesa bilatzen du (CCOO eta UGTrena) bere Elkarrizketa Sozialeko Mahai antidemokratikoa inposatzeko. Atzo bertan ekin zion Urkulluren gobernuak elkarrizketa soziala instituzionalizatzeko bideari, alderdi sindikalak langileen %30 ere ordezkatzen ez duen arren. Beste behin Jaurlaritzak langile-klasearen interesen aurkako politikak erabaki ditu. Baina gustokoa ez izanagatik, errealitatea ezin da ezkutatu; haatik, edozein gobernuren kalitate demokratikoa neurtzeko aski da ikustea zein tratu ematen dien zuzen bere politikaren aurka daudenei.
ELAk esker ona adierazi nahi die botoa eta konfiantza eman dioten milaka langileei, eta aitortu egiten du sindikatuko militanteek emaitza historiko hauek gauzatzeko egin duten lana. ELAk ez du amore emango, eta tinko eutsiko dio bere goiburuari: “Zurekin goaz. Con todas nuestras fuerzas”, langileek beren bizi-baldintzak hobetzeko egiten dituzten borrokak bultzatu eta lagunduko baititu aurrerantzean ere.