ELAk hauteskundeei ekingo die bere gehiengo zabala handitzeko eta langile klasearentzako bermerik onena dela berresteko helburuarekin

2022/09/27
Mitxel Lakuntza: “ELAren gehiengoak soilik bermatzen du langileei benetako hobekuntzak ekarriko dizkieten akordio onak lortzea” Datozen bederatzi hilabeteetan Hego Euskal Herriko ordezkaritza sindikalaren ia erdia (%47,1) jarriko da jokoan (11.591 ordezkari)

ELAk hauteskunde sindikalen epealdi trinkorako kanpaina (2022-23) aurkeztu du. Egun, Hego Euskal Herriko % 36ko ordezkaritzarekin, alde handia ateratzen dio gainerako sindikatuei (ia bikoiztu egiten du hurrengoa). Datozen bederatzi hilabeteetan (urria-ekaina), ELAk lan egingo du abantaila hori handitzeko eta are gehiago sendotzeko, EAEko eta Nafarroako soldatapeko milaka pertsonen gehiengoaren (%40,61 eta %23,07, hurrenez hurren) konfiantza duen sindikatua izanik.

Hauteskunde berri honetarako aukeratu den leloa “Gehien behar duzunean... ELA” da. Mitxel Lakuntza idazkari nagusiarekin batera, Amaia Muñoa eta Joseba Villarreal, idazkari nagusiaren ondokoa eta hauteskundeen arduraduna, izan dira aurkezpenean, hurrenez hurren.

Amaia Muñoak azpimarratu du lan eta gizarte eskubideak defendatzeko delegatuek duten garrantzia. Muñoak gogorarazi du ELAk 8.833 ordezkari sindikal dituela enpresetan (7.335 EAEn eta 1.498 Nafarroan), eta kolektibo hori islatuko da erakundearen indarra nabarmenduko duen kanpainan. Aldi berean, pertsona horien garrantzia azpimarratu du, egunero laguntzen baitute ELA gero eta indartsuagoa izan dadin enpresetan eta borroka sozialetan.

Hori dela eta, aukeratutako leloak (“Gehien behar duzunean... ELA”) sindikatuaren eraginkortasuna azpimarratu nahi izan du, bizi eta lan baldintzak defendatzeko eta hobetzeko tresna gisa. Leloarekin batera doan irudian, antolaketa indarra eta egunero kaleetan eta enpresetan militatzen duten milaka pertsonen lan gogoa uztartzen dira.

Mitxel Lakuntzak, bestetik, azpimarratu du “hauteskunde sindikal hauetan, beste behin ere, ELAren gehiengoa indartuko da, gehiengo horrek bermatuko dituelako benetako hobekuntzak ekarriko dituzten akordio onak”. Ildo horretan, gogorarazi du: “ELAk bakarrik du patronalaren xantaiari aurre egiteko gaitasuna. Herri honen gizarte eragile handiena da, eta une zailenetan, ELA da benetako aukera”. Bestalde, Lakuntzak adierazi du hauteskundeak prozesu jarraitua direla, eta “ELAk demokrazia errespetatu eta egunero defendatzen du. Horregatik, ELAk sinatzen dituen akordioak gehiengoaren babesa dute beti”.

Joseba Villarreal, hauteskunde sindikalen arduradunak, hauteskunde sindikalen epealdi trinkoaren nondik norakoak azaldu ditu (2022ko urritik 2023ko ekainera arte), eta nabarmendu du bederatzi hilabete hauetan euskal enpresetan dauden 24.335 ordezkarien ia erdia jokoan jartzen dela (zehazki, 11.591 postu berrituko dira, hau da, % 47 baino gehiago). Inolako zalantzarik gabe, “ELAk bilatzen eta aldarrikatzen duen konfrontazioko sindikalismoa inoiz baino beharrezkoagoa da; langile klasearen bizi baldintzei aurre egiteko garaia da”. ELAk argi dauka zein den bidea, gaineratu du Villarealek: “kanpaina honek milaka eta milaka pertsonari proposatuko die bide hori datozen hilabeteetan. ELAk ez dio inoiz akordioari uko egiten, baina soilik benetako hobekuntzak daudenean, eta gaur egun zoritxarrez, hobekuntzak gatazkaren eta borrokaren bidez baino ez dira lortzen”.