ELAk hezkuntza eskumenak babesteko deia luzatzen die Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari

2020/03/27
Koronabirusaren ondorioz, Hezkuntzako LEPen data oraindik airean dela, ELAk EAEko eta Nafarroako gobernuei gogorarazi die, azterketen datatik harago, ezinbestekoa dela eredua eta plaza-kopurua aldatzea, Europako epaiak aipatzen duen bitartekotasun-abusua saihesteko. Osasun larrialdiak eztanda egin zuenetik gobernuak erabaki ezberdinak hartzen joan dira, eta egunero protokolo eta agindu berriekin egin dugu topo.

Jakina denez, Coronavirusa dela eta bizi dugun ez ohiko egoera honek Gizarte osoan du eragina eta beraz, baita Hezkuntza sisteman eta honen funtzionamenduan ere.

ELAk gogorarazi du Hezkuntzan erabaki asko hartu direla, baina beste batzuk airean direla oraindik ere. Martxoaren 25ean bilera bat egin zuen Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoetako gobernuekin, eta bertan izan ziren EAEko eta Nafarroako gobernuak ere. Dirudienez, han erabaki ziren, besteak beste, selektibitateko probetarako data berriak, ezarritako data atzeratuko baita. Aldiz, ELAk gehitu du oraindik ez dela 2020ko oposizioei buruzko irizpiderik finkatu, eta EAEko eta Nafarroako gobernuek ez dutela oraindik jakinarazi zein jarrera hartuko duten.

Egoera horren aurrean, ELAk honako hau adierazi nahi du:

Ez du ontzat ematen gobernuek ezartzen duten egungo LEP eredua, ezta deitutako lanpostu kopurua ere.

Oso larria da, Europako epaiak berretsi berri duen bezala, Espainiako Estatuan, EAEn eta Nafarroan behin-behineko langileei egin zaien gehiegizko erabilera. Eta are larriagoa da gobernuek gaur egun ez izatea inolako proposamen eraginkorrik egoera hori iraultzeko. Salatu dutenez, bereziki, gure gobernuek, hezkuntza eskumen osoa izanda ere, Espainiako Gobernuaren erabakiei egiten dieten sumisioa. Ildo horretan, ELAk dei egiten die EAEko eta Nafarroako gobernuei beren hezkuntza eskumenak defenda ditzaten eta beren beharrei eta inguruabarrei erantzungo dieten lanpostu kopuru eta ereduekin oposaketak egin ditzaten; besteak beste, birjartze tasaren muga ezarri gabe. Espainiako Gobernuak ezarritako eredua bere gain hartzeak negoziazio kolektiboa estatu-esparruaren menpe uzten du, gure herriko langileen ordezkaritza mespretxatuz.

ELAk aspalditik aldarrikatzen du gaur egun hezkuntza publikoan bitarteko gisa lan egiten duten langileei zuzendutako finkatze-prozesuak abian jarri behar direla, bai plaza-kopuruari dagokionez, bai prozesuaren eredu negoziatuari dagokionez. Era berean, beharrezkoa ikusten du etorkizunean egoera bera ez errepikatzeko mekanismoak ezartzea.

Hau da gauden salbuespeneko egoeran irtenbide posible bakarra. Beraz, ELAtik EAEko eta Nafarroako gobernuei neurri horiek aldarrikatzen eta exijitzen jarraituko dute. Ez dute ontzat emango eredu prekario horren barruan hartzen den beste inolako erabakirik.

Martxan daude urte honetarako deitutako oposizioak, ELAk babesten ez dituen irizpideetan oinarrituta, eta jende asko dago hauen zain. EAEko eta Nafarroako gobernuek erabakiak lehenbailehen hartzeko eta horiek ahalik eta modu onenean kudeatzeko ardura dute. Aurtengo oposizioekin zer gertatuko den erabaki behar dute dagoeneko, prestatzen ari diren jendeak etorkizun hurbila antolatu behar baitu gutxieneko aurreikuspen batekin.

Erabakiak hartzearekin batera, ELAk gardentasuna eta informazioa eskatzen die EAEko eta Nafarroako gobernuei. Erabakien arrazoiak eta egokitasuna gizarteratu egin behar dira, eta gehiengo sozial batera bideratu.

Erabakia hartzea ez da erraza. Batetik, osasun publikoa dago jokoan, eta ezin da jendearen segurtasuna arriskuan jarri. Bestalde, kontuan izan behar dugu, baita ere, zer beste ondorio izan ditzakeen egungo datetan oposizioak mantentzeak. Azterketak finkatuta zeuden datetan eginez gero, berme guztiekin egin ahal izango direla bermatu beharko litzateke, hau da, probak normaltasunez egin ahal izango direla.