errenta bermatua
ELAk inbertsio handiagoa eskatzen du Nafarroan pobrezia areagotzen ari delako

Kontuen Ganberak txosten bat egin du 2019tik 2023ra bermatutako errentaren kudeaketari buruz. Parlamentuko Alderdi Popularraren taldeak eskatutako txosten horrek nabarmentzen du, besteak beste, zaila dela errenta bermatua eta bizitzeko gutxieneko diru sarrera (IMV) batera kudeatzea, ez baitago kontrol eraginkorrerako nahiko bitartekorik. Kontuen Ganberak ez du inoiz kudeaketa iruzurrarekin edo prestazioen erabilera okerrarekin lotzen. Are gehiago, ikuskapenaren atzerapena baliabide faltari egotzi dio. Hala ere, eskuina eta ultraeskuina gizarte prestazioak eta jasotzen dituztenak kriminalizatzen ari dira.
ELAk uste du fokua Kontuen Ganberak deskribatzen duen pobreziaren gorakadan jarri behar dela: 2015etik 2023ra pobrezia arriskuan dagoen biztanleria % 10,8tik % 13,8ra igo da, eta pobrezia larria % 2tik % 7,7ra igo da. Datu horiek Espainiako Estatuan ematen direnak baino askoz okerragoak dira; izan ere, aldi horretan bertan pobrezia arriskuan dagoen biztanleria jaitsi egin da estatu mailan, eta pobrezia larria 6 aldiz gutxiago handitu da.
Egoera honen aurrean, ELAk uste du errenta bermatuan egindako inbertsioa handitu egin behar dela eta baliabideak handitu behar direla. 2016tik 2025era, errenta bermatura bideratutako gastua BPGren % 0,43 izatetik % 0,35 izatera igaro da, eta 2025erako aurreikusten den gastua 99 milioikoa da, 2024an aurreikusitakoa baino 9 milioi gutxiago.
Gainera, gogoratu behar da prestazio honek dakarren murrizketa. Aurreko prestazioa (Gizarteratzeko Errenta) ordezteko Errenta Bermatua sortu zenean, LGSaren erreferentzia kendu zen prestazioa kalkulatzeko oinarrizko zenbateko gisa, eta horren ordez 600 euroko zenbatekoa ezarri zen.
Horrek, azken urteetan LGSaren igoera kontutan izanda, eragin du Errenta Bermatuak gero eta pisu handiagoa galtzea. 2024an, errenta bermatuaren pertsona bakarrarentzako gehieneko zenbatekoa 762,01 eurokoa izan da, eta LGS, berriz, 1.134 eurokoa. Errenta Bermatuak LGStik bereizi zenetik izan duen botere galera onartezina da, ia % 50 handitu beharko litzateke LGSa berdintzeko. Hau guztiagatik, ELA errenta bermatuan inbertsioa handitzea eskatzen du.