ELAk irabazitako epai bati esker, guraso bakarreko familia osatu duen emakume batek haurraren zaintza ardurakideagatiko prestazio ekonomikoa jasoko du

Lehenago, Gizarte Segurantzak ukatu zion prestazio hori. Epaia aitzindaria da. Izan ere, 2019ko martxotik, Legeak (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 183 artikulua) honakoa dio: bederatzigarren hilabetetik hasita hamabigarren hilera arte, bi gurasoek edoskitzeagatik lanaldia egunean ordu erdi murrizten badute, bietako batek oinarri arautzailearen %100eko prestazio ekonomikoa jasotzeko eskubidea izango du, beraz, bere lanaldia murrizteak dakarren galera ekonomikoa konpentsatuko zaio. Hori bai, prestazioa kobratu ahal izateko, Legeak dio bi gurasoek murriztu behar dutela lanaldia egunean ordu erdiz, hau da, ez da nahikoa bietako batek lanaldia murriztea. Irizpide horren arabera, guraso bakarreko familietan aita edo ama bakarra badago, propio ukatu egiten zaie prestazio hori jasotzeko eskubidea, baldintza delako bi gurasoek murriztu behar dutela lanaldia. Orain, ordea, eta ELAk irabazitako epai horri esker, Bilboko Lan Arloko 2 zenbakiko Epaitegiak Gizarte Segurantza behartu du prestazio hori guraso bakarreko familia osatu zuen langile bati ematera, kontrakoa egitea adingabea eta ama diskriminatzea dela argudiatuta.
Hau da, Justiziak ebatzi du guraso bakarreko familiari prestazioa ukatzen bazaio, urratu egiten dela guraso bakarra duten adingabeek bi gurasoko familien seme-alaben zaintza eta arreta bera jasotzeko duten eskubidea, eta hautsi egiten dela berdintasun-printzipioa.
Epai hau berria da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren 20-10-6ko Epaiaren doktrina jarraitzen du, bai eta EAEANk 22/2/8an emandako epai berria ere, ELAk irabazitakoak horiek ere. Epai horren arabera, guraso bakarreko familia batean, langileari bigarren gurasoaren aste gehigarriak (jaiotzagatik eta semea edo alaba zaintzeagatik dagozkion asteak) jasotzeko eskubidea ukatzeak adingabea diskriminatzen du, eta, zeharka, emakumea.