ELAk kontratazio irregularra egiteagatik salatu du EITB Lan-Ikuskaritzan
Lehenengoz salatu den auzia langileak legearen aurka lagatzea izan da EITBren eta TISA, GFI Norte SL, ESPRESIVE, SERVICIOS GENERALES DE GESTION eta UTE baten artean (UTE horren barruan DESINOR DATA SA, SERIKAT eta CERTIOREM SA enpresak daude). Aipaturiko enpresa horiek 50etik gora langile dituzte lanean EITB taldean.
ELA sindikatuaren txostenaren bidez hurrengo gertakari hauek salatu dira Lan Ikuskaritzan: EITB taldeak zerbitzuak emateko kontratuak ditu aipaturiko enpresekin, baina enpresa hauek ez dira kontrata bezela aritzen baizik eta idatzi honek argi erakusten duen bezela agerikoa da 50etik gora langile legearen aurka lagatzen direla EITBn.
Salaketaren bidez sindikatuak lege-haustearen akta irekitzeko eskatu dio Lan Ikuskaritzari, eta baita legearen aurkako lagapena izan dela deklaratzeko ere; halako ilegaltasuna erregularizatu dadin.
Bigarren salaketan azaldu denez, kontratazio-arloan EITBko Zuzendaritzak legea sistematikoki urratu du. Aurkezturiko datuen arabera EITBko 4 langiletik bat behin-behinekoa da; eta joan den urtean, 2015ean, 24.000tik gora lanaldi egin zituzten EITBn behin-behineko langileek; zehazkiago esanda, ia 20.000 lanaldi Bilboko egoitzan horietatik % 77 bost egun edo gutxiagoko iraupenarekin, eta ia 5.000 Miramonen horietatik % 91 bost egun edo gutxiagoko iraupenarekin.
ELAren Zerbitzu Juridikoaren ustez, datu horiek ikusita, argi dago behin-behinekotasunaren zergatiaren identifikazio eza eta behin-behineko kontratazioa etengabe erabiltzen dela EITBren egiturazko eginkizunak egiteko.
Horregatik, ELAk aurkezturiko datuak egiaztatzeko eskatu zaio Ikuskaritzari, eta baita dagozkion lege-hauste aktak ireki eta zehapenak ezartzeko ere,, behin -behineko kontratazioan dagoen lege iruzur sistematikoa erregularizatzeko helburuarekin.
Bide batez ELAk berriz ere azpimarratu nahi du EITBren pertsonalaren arloko politika ezin txarragoa dela. Nahiz eta 5/82 Legean, EITB sortzekoan, ezarrita dago pertsonalaren kontratazioa deialdi ireki bidez egin behar dela, merezimendu eta gaitasun printzipioak aintzat hartuz; baina errealitatea oso bestelakoa da. Irregulartasuna, bat-batekotasuna eta kutunkeria EITBren ezaugarriak izan dira, eta oraindik ere badira.
ELAk galdatu dio Lan Ikuskaritzari behar bezala jarduteko, eta beste aldera ez begiratzeko, txostenean azaldutako egoeraren aurrean; bestalde, EITBko Zuzendaritzari eta haren Administrazio Kontseiluari eskatu dio enplegu-arloan legezkotasuna betetzeko, entea sortu zuen legean ezarritako jarraibideak jarraitzeko, eta giza baliabideak eta bitarteko teknikoak erabat erabiliz enplegua suntsitzeari uzteko.