ELAk Legebiltzarrean exijitu du ez dadila berriro suhiltzaileen EPE bateraturik egin

2022/12/21
Erakunde, Gobernantza publiko eta Segurtasun batzordean egin du agerraldia ELAk, prozesuan dagoen EPE bateratuaren huts egiteak agerian uzteko.

 

Gaur, abenduak 21, Eusko Jaurlaritzako Erakunde, Gobernantza publiko eta segurtasun batzordean agerraldia egin du ELAk, suhiltzaileen EPE bateratuaren inguruko hausnarketa egiteko.

Lehenik eta behin, ELAk salatu du ez dela inongo negoziaziorik IZAN langileen ordezkariekin prozesu osoan, ez instituzioak EPE bateratuarekin bat egin edo ez erabakitzarakoan, ez prozesua erregulatzeko oinarriak onartzerakoan. Esaterako, Gipuzkoako eta Arabako Aldundiek alde bakarrez erabaki dute hori, bi erakundeetako langileen batzordeak aurka izanagatik ere.

Bigarrenik, ELAk ere salatu du prozesuaren beraren diseinu eta aurrera eramateko modua. Probak egin aurretik, Arkautik horiek zuzentzeko irizpideak aldatu ditu, hautagaiei jakinarazi gabe eta irizpide objektiborik gabe. Hau da, inongo gardentasunik gabe, Arkautik ohikoa duenez. Ondorioz, prozesu osoan inposatu da, bai azterketen aurretik, bai horiek diseinatzerakoan, baita emaitzak eman eta gero ere.

Gainera, euskaldunen hizkuntza eskubideak urratu dira. Oinarriek, azterketa guztiak euskaraz edo gazteleraz egiteko aukera zegoela onartu arren, ez da horrela izan; proga guztiak ezin izan dira euskaraz egin. Oso larria da hori, bai politikoki eta baita hautagaiei eragin dien indefensioagatik ere.

ELAk bide juridikoari heldu dio orain, ehunka eta ehunka helegite eta epaiketa egin beharko ditu Segurtasun Sailak. Diru publikoa barra-barra gastatu beharko du, langileen kaleratzeak justifikatze aldera.

Azkenik, ELA salatu du Josu Erkoreka Segurtasun Sailburuak eta erakunde horietako arduradunak izandako jokamoldea. Ontzat eman du gertatutakoa, baita urte luzez suhiltzaile gisa aritutako 4 langileetatik 3 lehenengo probetan kanpoan geratu izana. Hori justifikatze aldera, gezurrak eta hitz potoloak erabili ditu.

Hori guztia kontuan hartuta, ELAk Eusko Jaurlaritzari eta alderdi politiko guztiei eskatu die egoerari lehenbailehen irtenbidea eman diezaietela: partehartzaile guztien eskubideak bermatu behar dira, eta suhiltzaile EPE bateratu baztertzea beste biderik ez dago. Erakunde bakoitzak norbere EPEak egin behar ditu, bakoitzaren beharrizanetara egokitutako lanpostu kopuruarekin eta perfilekin.

Ildo horretan, suhiltzaile zerbitzuak indartzeko eta langileen egonkortasuna defendatzeko, ELAk interinoen kolektiboarekin eta langile batzordeekin mobilizazioak indartzeko apustua egingo du, Legebiltzarrean iragarri duenez.