GIPUZKOAKO BATZAR NAGUSIAK

ELAk premiazko erreforma fiskala eskatu du lurralde guztietan

2024/05/27
Gipuzkoako Batzarretako fiskalitateari buruzko ponentzian, ELAk ziurtatu du egungo sistema gero eta bidegabeagoa dela. Enpresen mozkinak bilketaren % 7 baino ez dira.

Xabier Zabala ELAko Ikerketa Bulegoko kideak agerraldia egin du sindikatuaren izenean Gipuzkoako Batzar Nagusietako fiskalitateari buruzko ponentzian: "zerga sistema bidegabea da, eta egoerak nabarmen egin du okerrera azken bi hamarkadetan".

Zabalak adierazi duenez, "Gipuzkoako Ogasunaren datuen arabera, 2023an PFEZa bilketaren ia %36 izan zen, eta BEZa, berriz, % 43. Hala ere, Sozietateen gaineko Zergak kopuru osoaren % 7 bildu zuen". Beraz, datuek erakusten dute enpresek beharrean, “langile klaseak eusten diola sistemari”.
Gipuzkoako datuak gainerako lurraldeetakoen oso antzekoak dira. Egoerak okerrera egin duela argi ikusten da 2023ko diru bilketa 2007koarekin alderatzen badugu, alegia, 2008ko finantza krisia hasi aurreko urtearekin. Izan ere, erakusten du EAEn enpresek ordaintzen duten zergaren bidezko diru sarrerak txikitu egin direla, 2007an 2.034 milioi euro izatetik 2023an 1.636 milioi izatera igaro baitira, hau da, 400 milioi gutxiago (% 19,6 gutxiago). Bien bitartean, lan errenten bilketa % 63 hazi zen PFEZn, eta BEZaren bilketa % 43.

Zabalak adierazi duenez, "egoera honen erantzukizuna ogasunetan eta euskal erakundeetan gobernatzen dutenena da, oso pozik baitaude egiten ari direnarekin".

ELAren ustez, ez dago poztasunerako motiborik Europako batez bestekoa baino askoz gutxiago biltzen duen zerga sistema batekin, urtean milaka milioi euro jasotzeari uzten baitio. Horiek beharrezkoak dira zerbitzu publiko hobeak izateko, zaintza sistema publiko, unibertsal, doako eta kalitatezkoa izateko, edo pertsona guztiei etxebizitza duina eskuratzeko aukera bermatzeko. ELAk azpimarratu du, gainera, soldatakoak ez diren errentetako iruzur fiskala oso handia dela, eta euskal ogasunek ez dutela behar adina baliabide jartzen iruzur horren preskripzio aldian errenta horiek guztiak ikuska daitezen.

Horregatik guztiagatik, ELAko arduradunak premiazko erreforma fiskala eskatu du, enpresen mozkinengatik, aberastasunagatik eta errenta handiengatik ordaindu beharreko zergak nabarmen handitzea ekarriko duena. Azaldutako neurrien artean, ekitaldiko kontabilitate mozkinen gaineko %25eko gutxieneko tasa efektiboa ezartzea eskatu dute, edo PFEZaren tarifaren bikoiztasuna ezabatzea, errenta guztietarako tarifa bakarra egon dadin (orain, laneko errentek kapitalarenak baino tasa handiagoak jasaten dituzte).