ELAk salatu du Donostiako Pilarreko klinikaren kudeaketa txarra eta itxiera

Pilarreko Klinika, IMQren menpekoa, enpresa-kudeaketa txarraren adibide garbia da. Klinika horretan, urtetan etekin itzelak sortu arren, ez da aipatzeko moduko inbertsiorik egin, oso errentagarriak ziren zerbitzuak kendu izan dituzte, eta aldiz batere emankorrak ez ziren soldata-kostu handiak gehituz joan dira, Osakidetzako kargudun ohiak kontratatu baitituzte. Hori dela-eta, zenbait lanpostu bikoiztu da, eta emaitza-kontua zamatu.
Nolanahi ere, gogoratu beharrekoa da Pilarreko Klinikaren plantillak, dagoeneko, 2 itxiera-EEE eta %8 eta %20 bitarteko soldata-jaitsiera jasan behar izan dituela, enpleguari eustearen trukean. Berriz ere ikusi ahal izan dugu enpresa-talde batzuk lan-erreformaz baliatzen direla, lan-baldintzak jaisteko, etekinak ugaltzeko, eta gero langileak merkeago kaleratzeko.
Klinikako enplegatuak emakumeak dira gehienbat, dituzten soldatak eta lan-baldintzak oso prekarioak dira, eta haietako askok ez dute benetako aukerarik izango lan-merkatura itzultzeko, behin lanpostua galduta. Azken batean, itzal handiko giza drama baten aurrean gaude.