ELAren iritzia Libiako interbentzio militarraren aurrean

2011/03/31
1.Albiste pozgarria da Ipar Afrikako eta Ekialde Ertaineko toki askotan herria matxinatu izana gobernuan zeuden diktadurak eraisteko. Azpimarratzekoa da sare sozialen egitekoaz haratago borroka hauek kutsu laboral, sozial eta ekonomiko nabarmena dutela. Bizi-baldintzak hobetzeko aldarrikapena da, hain zuzen, mobilizazio hauen mamia. Borroka hauek adierazten dute egoerarik zailenetan ere mobilizatzea eta gauzak aldatzea posible dela

2.      Urtetan Mendebaldeko estatuetako gobernuek erregimen hauek babestu egin dituzte, aliatu izan dituzte interes ekonomikoak edo geopolitikoak medio, giza-    eskubideak zein bizi-, lan- edo gizarte-baldintzak ahaztuta.

3.       Errebolta hauetan herria da benetako protagonista; hasteko, nazioarteko        komunitateak jarrera pasiboa agertu izan du, eta gertakariak etorri ahala    onartzen joan da. Europako Batasunak eta bera osatzen duten estatuetako         gobernuek Tunisia eta Egiptoko aldaketak ez dituzte onartu, harik eta beste      erremediorik izan ez duten arte. Halaber, jarrera hotz eta pasiboa agertzen     dute Siria, Yemen edota Bahreingo erregimenekiko, herritarrak errepresio        gogorra erabiliz geldiarazten ari badira ere.

4.       Jokabide honek nazioarteko harremanetan nagusi den hipokrisiarekin dauka     zerikusia. Palestina eta Saharako herrien kontrako sarraski latzak erantzunik   gabe geratzen dira, horri buruzko Nazio Batuetako ebazpenak badauden arren.      Maroko edota Israelekin dituzten harreman eta interes ekonomiko eta politikoak   giza-eskubideei gailentzen zaizkie. Gogora daiteke beste gatazka asko ahaztu   egiten direla, Boli Kostan gertatzen ari dena kasu... Jarrera hipokrita da,         benetan ez baitago kezkarik edo nazioarteko politikarik demokrazia hedatzea edo herrien eskubide ekonomiko, sozial zein kulturalak aitortzea bilatuko      duenik.

5.       NBE izan daiteke gaur eskubideak urratzen diren kasuetarako esku hartzeko    beharrezko legitimitatea izan lezakeen erakunde bakarra, baina erabakiak    hartzeko sistema demokratiko bat izan beharko luke, eta ospea erabat galdu       du.

6.       NBEren 1973. ebazpena da Libiako interbentzio militarraren oinarria; teorian     bere helburua biztanleria zibila babestea da, Gadafiren erregimenak protesta    mobilizazioen aurka gauzatzen ari den errepresio gogorra ikusirik.

7.       ELA ez da Libiako esku hartze militarraren aldekoa, izan ere:

·         Hipokrisia handiz jokatzen da, eta kasu bakoitzerako neurri desberdina erabiltzen da.

·         Interes ekonomikoak gailentzen dira betiere.

·         Ebazpena egunetik egunera era desberdinean azaltzen da (helburuak ez daude argi / NATOk ezartzen duen kontrola / erabilitako biolentziak herritar zibilentzat ere ondorio ezin okerragoak ditu)...

·         Bide alternatiboak (diplomazia, neurri ekonomikoak...) ez dira agortu.

·         Ez dago inola ere argi etorkizunean giza-eskubideak errespetatuko direnik (hor daude Afganistan eta Irakeko kasuak).

8.       ELAk gobernuei eta nazioarteko komunitateari exijitzen die herrien borondatea errespeta dezatela, beren etorkizuna askatasunez erabaki ahal dezaten, inposizio bortitz eta militarrik gabe. Era honetako gatazkek agerian uzten dute        nazioarteko komunitatea ezgauza dela egoera hauei erantzuteko. Halaer, ELAk      eskatzen du legitimitate politikoa duen nazioarteko orden berri bat eratzea        lehenbailehen, oinarritzat giza-eskubideak, eskubide ekonomiko eta sozialak      izango dituena, eta benetako aldeaniztasuna ekarriko duena.