Enplegatu publikoen Negoziaketa Mahai Orokorraren akordioa berriro ere gutxiengoan sinatu da

2004/12/20

Benetako arazoei heldu gabe jarraitzen du Administrazioak

Abenduaren 20an enplegatu publikoen Negoziaketa Mahai Orokorraren bilera izan da. Bertan 65.000 langile biltzen dira eta ohi den bezala Erkidegoko Administrazioak bere egiazko aurpegia erakutsi du: aurpegi latza eta gogorra bere langileekin lan harremanen eremuan. Akordio hau gutxiengo batekin izenpeturik, Administrazioak duela urte batzu geroztik heldutako bideari eutsi eta gehiengo sindikalari ez diola errespeturik erakusten du. Horrela, estetika hutseko joko batean nolanahiko proposamena beti onartzeko prest dauden sindikatu haien laguntzarekin, zilegitasuna eman nahi die hartu dituen erabaki atzerakoiei. Argi jarri dute, batzuk nahiz besteek, errespeturik ez dietela negoziaketari eta bestelako eredu sindikal baten hautua egin duten langileen erabakiei. ELAren iritzirako Jaurlaritzak benetako negoziaketa eragotziko duen "elkarrizketa" eredu bat ezarri du. Negoziaketa eskema honekin akordio politiko bat itxi nahi du Mahai Orokorrean eta mahai sektorialak edukiz hustu, Administrazio honetako arazoei aurre egiteko aukera guztiak ezabatuz. Akordioaren hitzaurrea bera honen adierazgarri garbia da.

Negoziaketa estruktura honekin mahai sektorialetan ezinezko bihurtzen da gai askori konponbiderik ematea: lanaldi murriztuen arazoa, ordu extrak, antzinatasunaren ordainketa, behin-behinekotasuna, lanaldien luzapenak, bigarren iharduera, eta abar luze bat. Hauek guztiak konpondu behar liratekeen arazoak izanik.

2000 urteaz geroztik Administrazioak sistematikoki ez ditu bete Mahai Orokorrean aho-bateko azken akordioan hartu ziren zenbait gai mamitsu. Horrela, akordio hartan hitzartu eta bete ez diren gaiak eskeitza berri gisa aurkezten zaizkigu. Bete gabe dira ordu extren ezabatzea eta lanaldiaren luzapenak; izaera estrukturaleko behin-behineko enpleguaren finkapena; sektoreetan behin-behinekotasunaren gehienezko mailaren zehaztea; euskararen aldeko politika eraginkorrak; errelebo kontratuaren aplikazioa; azpikontratazioei buruzko gutxieneko informazioa; BGAE baten ezarpenerako batzordea sortzea Elkarkidetzaren ildotik.

ELAren iritzirako Jaurlaritzak egindako eskeintza ekonomikoa es da aski inolaz ere eta eroste ahalmena berreskuratzea ezinezko bihurtzen du. Aurrekontuak superabitarekin ixten diren garaietan eta egoera ekonomikoa ona dela diotenean, ez da itxurosoa Funtzio Publikoko langileen ordainsariak egoera ekonomiko horrekin bat etorriko den heinean ez igotzea. Gainera, Itzarri BGAEra egindako ekarpenek eredu guztiz antidemokratikoa islatzen dute bere osaketan eta erabakiak hartzeko eran. Bestalde, Administrazioak dio konpromisoa hartuko duela 2007 urterako behin-behinekotasun tasa gehienez %8koa izan dadin. Gogora ekarri nahi dugu antzeko konpromezua hartu zuela 2000ko akordioan eta bitarte honetan ez duela horren aldeko pauso txikienik ere eman. Dena den, Administrazioak ez du baztertzen lanpostuak amortizatzeko posibilitatea. ELAk uste du, duela 4 urte erreklamatu zuen bezala, eskaintza honen ustezko ontasuna sektore bakoitzaren eremuan neurtu behar dela zorroztasunez, lanpostuak zehaztuz, epeak eta kalteordainak ezarriz ez-betetze kasuetarako.

Esan behar da baita ere, egungo egoerarekiko (behin-behinekotasuna zabaltzearen gehiegikeria sistematikoa eta horren aurrean ELAk erreklamatutako egonkortasunaren esijentzia historikoa) aurrera pausorik suposa lezakeen arren, ezin dugula planteamendu hau epaitu Jaurlaritzak berak darabilen azpikontratazio praktikarekin alderatu gabe.

ELAk biziki larritzat jo du Mahai Orokorreko akordio honetan Itzarri-BGAEaren onarpena inposatu nahi izana aurrezte finantziero hutsaren eredu horrekin bat etorri ez garenoi. Aurreakordioaren textuan gai honetaz egindako balorazioek Jaurlaritzaren egiazko borondatea azaleratzen dute "elkarrizketa soziala" deitzen diotenaren joku arauak ezartzeko orduan.

Jaurlaritzak dio errelebo kontratoa aplikatu egingo zaiola lan-legepeko pertsonalgoari. Oraindik ez dago garbi langilearen eskubide gisa ikusten den. Inoiz ez dute benetazko borondaterik azaldu funtzionario eta gainerako pertsonalgoari ez aplikatu izanaren bidegabekeriari aurre egiteko. Berriro ere Madrilen zain al daude utzikerian eta zabarkerian murgilduta?.

Azpikontratazioari dagokionez, ez dute ELAren inolako abal sindikalik jasoko zerbitzuen azpikontratatzea dela eta sortuko den Batzorde Teknikoan. Tamalez, Administrazio honetan gero eta gehiago azpikontratatzen da itxuragabeki, zenbaitetan ingurukoen interes ekonomikoak urruti gabe direla. Honetaz gain, Jaurlaritzak ez dio uko egiten bere aldebakarreko jarrerari eta honela Batzorde hori edukiz hustu egin du.

Azkenik, ELAk argi utzi nahi du negoziaketa kolektiboaren eredu hau agortua dela. Akordioaren edonolako argazkiak, gutxiengoarekin bada ere, balio dio Jaurlaritzari "elkarrizketa"ren itxurak egiteko. Bien bitartean, Osakidetza, Ertzaintza, Irakaskuntza, Justizia eta abarretako langileek ez dute sentitzen beren lan-baldintzen gaineko arazoei heltzen zaienik eta, orokorrean, Funtzio Publikoa zaharkitua ikusten dute, Estatuaren aginduetara makurtuta, ausardia politikoaren faltan eta gizartearen zerbitzura jarri gabea.