Enpleguaren alde elkarretaratzea Zumarragako Ospitalean

2014/03/28
ELAk deituta dozenaka pertsona elkarretaratu da gaur goizean Zumarragako Ospitalean enpleguaren alde eta murrizketen aurka. Izan ere, Jon Darpon, Osasun Sailburua, izan da bertan azken berrikuntzak ikuskatzeko. Jakina denez, ELAk 5.000 lanpostu sortzeko proposamena aurkeztu du.

ELAk txosten batean Osakidetzaren enplegu politika aztertu du, azterketa eginda gure proposamen eta alternatibak jarri ditugu mahai gainean. Proposamen horiek bi oinarri dauzkate, batetik, enplegatzaile den neurrian langabeziaren aurrean Eusko Jaurlaritzak duen ardurari heltzea eta enplegu publikoa sortzea; eta, bestetik, gizarteak behar duen osasun-zerbitzua emateko baliabideak ziurtatzea.

Txostenak hainbat datu dakartza, baina hiru datu azpimarratu nahi genituzke. Lehena, azken 3 urteetan Osakidetzak 3.000 lanpostu baino gehiago suntsitu ditu neurri ezberdinen ondorioz. Bigarrena, urte hauetan osasun arloan lan egin nahi duten langabeen kopurua %250ean hazi da. Azkena, Osakidetzan hurrengo 15 urteetan plantillaren erdia jubilatu egingo da eta Osakidetzak, honi aurre egin beharrean, Medikuen Sindikatuaren egoera okertu besterik egingo ez duen akordioa sinatu du.

Ondorioak argiak dira, Osakidetza da azken urteetan Euskal Autonomi Erkidegoan ERE-rik handiena egin duen enpresa. Eta, horrez gain, Osakidetzak mantentzen duen enpleguaren prekariazazioaren aldeko apustu argia egin du.

Enplegu suntsiketa politika honekin jarraituz gero eta ez bada egungo langileen erreleboa garaiz lantzen, datorren urteetan zuzenean gure Osasun Sistema Publikoaren kolapsora bideratuta gaude. Agian hau da gure politikariek nahi duten egoera, horrela sistema horren pribatizaziorako urratsak errazago eman ahal izango dituzte eta.

Honen aurrean ELAk bere enplegu proposamen propioa aurkeztuko dio Osakidetzari eta Osakidetzako langileei. 5.000 lanpostu sortzea proposatzen dugu. Lanpostu hauen bitartez lan-kargak 2010eko egoerara bueltatuko genituzke, Osakidetzaren gaztetze prozesua bideratu ahal izango litzateke eta egun duintasunez eskaintzen ez diren hainbat zerbitzu (hala nola, osasun mentala, aho-hortzak, oftalmologia edo ginekologia besteak beste) Osakidetzak zuzenean eskaintzeko moduan egongo litzateke.

Gogoratu nahi dugu, osasun sisteman egiten den inbertsio publikoa, ELGEko herrialdeen aberastasunaren bataz-bestekotik %1,6ra gaudela, honek urtean 1.000 milioi euroko defizita suposatzen du. Hau da gure herrialdean dugun defizit erreal bakarra. Bada, gure planak kantitate horren laurdeneko inbertsioa besterik ez du eskatzen.

Proposamen hau aurrera eramatea borondate politiko kontua da, gure gizarteak nahikoa baliabide sortzen ditu gizarte guztiarentzako kalitatezko osasun sistema publikoa eskaintzeko. Guk bide bat markatu dugu.

Txosten hau Osakidetzari, langileei eta gainontzeko sindikatuei aurkeztuko diegu. Osakidetzak proposamen honi muzin eginez gero eta lan-baldintzen murrizketa politikarekin jarraitzen badu, gure militanteekin kontrastatuta, beste sindikatuei aurten mobilizazio gogorrak egitea proposatuko diegu eta, ELAren ustez, mobilizazio horiek 2014ean, besteak beste, 37,5 orduko greba deialdi batekin bukatuko beharko lukete, Osakidetzan egon den gutxieneko jardunaldi igoerarekin bat eginda.