FORVASA (Bedia)

Epaitegiek ELAri arrazoia eman, eta bertan behera utzi du ABEEa

2024/04/17
Epaitegiak sindikatuaren argudioak onartu ditu, eta ziurtatu du enpresak informazioa ez zuela eman aldi baterako enplegu erregulaziorako espedientearen arrazoia ekonomikoak ezkutatzeko.

Bilboko Lan Arloko 12 zenbakiko Epaitegiak baliogabetzat jo du Forjas Unidas Vascas (FORVASA) enpresak urte hasieran langile guztiei ezarritako aldi baterako enplegu erregulazioko espedientea. Ebatzi du ez zegoela antolamendu edo produkzio kausarik, enpresak zioen bezala, baizik eta atzean arrazoi ekonomiak zeudela.

ELAk jarritako demanda baten ondorioz iritsi da epaia. Alde batetik, ELAk salatu zuen enpresak ez zuela berri eman ABEEaren negoziazioaren ondoren hartutako erabakiaz, ez sindikatuari, ez langileei zuzenean.

Bestetik, epaitegiak ere ELAri honako hau onartu dio: negoziazioko azken bi bileretan, enpresak ez zuela aurkeztu eskatutako dokumentazio ekonomikoa. Sindikatuak salatu zuen enpresaren asmoa zela ABEEaren arrazoi ekonomikoak ezkutatzea, eta horrela, saihestu nahi zuen modu zabalago eta konplexuago batean negoziatu beharra, produkzio eta antolaketa kausez gaindi.

Epaiak dio enpresako arduradunek aurkeztutako dokumentazioa ez dela “nahikoa", eta baliogabetzat jo du langile guztiei eta jarduera osoari sei hilabetez eragindako aldi baterako enplegu erregulazioa.

FORVASAk 31 langile ditu eta metalaren sektorekoa da. Epaia ez da irmoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian errekurritu daiteke.