Eraikuntzako Txartel Profesionala ez da derrigorrezkoa izango

2010/12/16
Auzitegi Gorenak erabaki du eraikuntza sektorean lan egiteko eraikuntzako txartel profesionala (ETP) ez dela beharrezkoa. Auzitegi Gorenak aintzat hartu du ELA aurkeztutako errekurtsoa. ELAren irudiko epaia pozgarria da, Osalanek eta Eraikuntzako Fundazio Laboralak sinatu zuten lankidetza hitzarmena legez kanpokoa dela erakusten baitu. (Bideo dago ikusgai)

Leire Txakartegi, ELAko osasun arloko burlaren esanetan UGT eta CCOO sindikatuak eraikuntza alorrean monopolioa bilatu nahi izan dute Eraikuntzako Txartel Profesionalaren bitartez.

Txakartegirekin batera, Adolfo Muñoz “Txiki”, idazkari nagusiak eta Gurutz Gorraiz, Hianbat federazioko arduradunak hartu dute parte Bilbon eman den prentsaurrekoan. Gorraizek azpimarratu du azken hamarkadan 44 langile hil direla lan istripuetan eraikuntza alorrean.

AURREKARIAK

32/2006 Legeak, Eraikuntza Sektorean Azpikontratazioa arautzen duenak, betebehar bat ezarri zien enpresei: hauentzat lan egiten zuten langileak lan-arriskuei zegokienez prestakuntza zeukatela egiaztatzea, horrela enpresen erregistroan sartu eta azpikontratazio prozesuan parte hartzeko modua izan zezaten.

Gero, betebehar hau garatze aldera, estatu mailako Eraikuntzako IV Hitzarmen Orokorrak (2007-2011 epealdia) ezarri zuen Eraikuntzako Txartel Profesionala beharrezkoa izango zela 2011ko abenduaren 31tik aurrera espainiar estatuan sektore honetan lan egiteko. ETP ematen duen erakunde bakarra Eraikuntzako Fundazio Laborala da; txartela lortzeko langileak gutxienik zortzi orduko prestakuntza ekitaldi bat egin behar du lan-segurtasun eta -osasunari buruz.

ELAk auzitegian helegitea sartu zuen eraikuntzako hitzarmen orokorraren aurka; besteak beste, lan egiteko ETP izatearen beharra bertan behera uztea eskatu zuen. Auzitegi Nazionalak, lehen instantzian, ukatu egin zuen eskari hau, baina oraingo epaiarekin Auzitegi Gorenak aintzat hartu ditu ELAk eskatzen zituen puntu nagusiak. CIG sindikatu galiziarra puntuz-puntu atxiki zitzaion ELAren demandari.

ERAIKUNTZAKO FUNDAZIO LABORALA

Eraikuntzako Fundazio Laborala (EFL) aldebiko erakunde pribatu bat da, eraikuntza sektoreko patronalak eta CCOO zein UGT sindikatuek osatua.

Eraikuntzako Hitzarmen Orokorrak berak dioenez (111. art.), “Eraikuntzako Fundazio Laborala batik bat herri-administrazioen ekarpenekin finantzatuko da, gehi enpresek egindako ekarpen osagarri bat, soldata-masaren ehuneko 0,25etik gorakoa izango ez dena”.

Hots, pribatua izanagatik, Eraikuntzako Fundazio Laborala ia bete-betean aurrekontu publikoen ekarpenekin finantzatzen da, estatukoak, autonomi-erkidegoetakoak edota Laneko Arriskuen Prebentziorako Fundazio Laboralekoak; honek langileen gizarte-kotizazioak kudeatzen ditu. Adibidez, Espainiako Gobernuak EFL finantzatzeko 47,8 milioi euro eman zituen 2008an; 45,8, 2009an, eta 41,4, 2010ean. Kopuru hauek “ETP tramitatzeko” izan dira.

Nafarroaren kasuan, bertako EFLk zuen 2,1 milioiko aurrekontutik 1,8 Nafarroako Gobernuak eta Estatuak emandako diru-laguntzekin osatu ziren (2007ko datuak).

EFLk diru kopuru handia erabiltzen du urtero. 2011rako, adibidez, 92,4 milioiko aurrekontua dauka. Kopuru honetako zatirik handiena Eraikuntzako Txartel Profesionala kudeatzeko da.

ERAIKUNTZAKO TXARTEL PROFESIONALA IZAN BEHARRA

2011ko abenduaren 31tik aurrera sektorean lan egiteko ETP izatea beharrezkoa dela erabakita, EFLko kideek honako helburuak lortu nahi zituzten:

1.- ETP finantzatzeko iturri bihurtu patronala, CCOO eta UGTrentzat. EFLra bideratutako diru publikoaz eragile hauek finantzatu dira. ELAk sarri salatu izan du EFL kudeatzeko modu iluna eta kontrolik gabea. 

2.- CCOO eta UGTrentzako monopolio sindikala. Eraikuntzako sektorean lan egiteko bidea blindatu egin nahi izan dute. Sindikatuok egiteko aktiboa daukate beharrezko prestakuntza egiaztatzerakoan, txartelak ematerakoan... Antolatu duten sisteman eraikuntzako langileek enplegua lortzeko euren egoitzetara jo behar dute. Gainera, ETP bost urtero berritu behar dela erabaki zutenez, euren pribilegiozko posizioa epe luzerako bermatu nahi izan dute.

Nafarroan, eraikuntzari dagokionez “2030rako ikuspegia” garatzerakoan, Moderna Planak hitzez hitz jasotzen du epe luzeko ekintza gisa “aitortza kurrikularra duten lanbide-heziketako programak (…) bultzatzea, Nafarroan dauden azpiegitura eta ezagutzak baliatuz, batik bat Eraikuntzako Fundazio Laboralarenak”. Horrek esan nahi du Nafarroako Gobernuarentzat, CCOO, UGT eta CENentzat, ETP apustu estrategikoa zela.

3.- Negoziazio kolektiboa zentralizatu. Eraikuntza sektoreko negoziazioa estatu mailan egituratzeko saioa egin dute, hitzarmen probintzialetan hainbat gai arautzeko aukera galarazita, besteak beste laneko segurtasun eta osasunaren ingurukoak. Hau izan daiteke protagonista berberak negoziazio kolektiboaren erreformarako prestatzen ari direnaren lehen saioa: negoziazio kolektiboa zentralizatu eta sektore-esparru txikiagoak deuseztatzea.

4.- Enpresaburuak bere plantillari eman beharreko prebentzioaren inguruko prestakuntza langilearen betebehar bihurtu (honi ETP exigituz); lana ematerakoan txartela ez daukana diskriminatuta egongo litzateke. Lan egiteko beharrezko habilitazio bihurtu dute, lan egiteko eskubidea mugatzeko modua.

5.- Laneko arriskuen prebentzioari buruzko prestakuntza beharra desitxuratu, emandako ordu kopuruari eta edukiei dagokienez sistema erabat motza sortzen delarik. ETP lortzeko aski da gai honekiko langileek dituzten beharrizanetatik urrun dagoen prestakuntza jasotzea.

6.- Herri-administrazioak laneko segurtasun eta osasunaren gaiean duen ardura saihestea, alde pribatuak (patronal zein sindikatu) hartzen baitu bere gain prebentziorako prestakuntza.

OSALAN ETA ERAIKUNTZAKO FUNDAZIO LABORALAREN ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA

2009ko uztailaren 8an Osalanek lankidetza hitzarmen bat sinatu zuen Eraikuntzako Fundazio Laboralarekin (EFL); honela Fundazioaren esku jarri du bere Eraikuntzako Ikasgela Iraunkorra, EAEko eraikuntzako langileek ETP lortu ahal izateko prestakuntza jaso dezaten. Honek esan nahi du txartela lortzeko prestakuntza Ikasgela Iraunkorrak ematen duela, baina betiere EFLk estatu mailan ezarritako eduki eta irizpideen baitan.

Gogoratu behar da Osalanen Ikasgela Iraunkorra 2004an sortu zela, Confebasken eta Eusko Jaurlaritzaren artean hitzartu eta gero. Ikasgelak berez Osalanen prestakuntzarako tresna izan behar zuen, eraikuntzako langileei arriskuen prebentzioei buruzko prestakuntza emateko. Sortu zenetik, Ikasgela Iraunkorrak eman izan dituen ikastaroen kopurua gutxitu egin da, eta hau ELAk maiz kritikatu du.

Sinatu zen lankidetza hitzarmenarekin Jaurlaritzak bere eskumenei larriki uko egin zien, eta ez zuen bere prestakuntza eredua izateko aukeraren alde egin. Osalan EFLren esanetara jarri zen, beronen interesen menpe eta Ikasgela Iraunkorra tresna huts bihurtu zuelarik. Jaurlaritzak ETParen inposizioa onartu eta bedeinkapena eman zion lan-segurtasun eta -osasunaren inguruko prestakuntza erabat motz eta ezgauza bati.

Gainera, hitzarmen horren ondorioz, eta bera zerbitzatzeko, Osalanek EFLri dirutza handiak eman dizkio: 380.000 € 2009an eta 340.000 2010an, hain zuzen Osalanen aurrekontua zeharo moztu duten unean: 2010an %43 murriztu da iazko aurrekontuaren aldean. 

Lankidetza hitzarmen hark zekarren atzerakada politikoa izan zen, besteak beste, ELA Osalanen Kontseilu Orokorrean zuen parte hartzea aurtengo uztailaren 5etik aurrera etenda uzteko arrazoietako bat.

AUZITEGI GORENAREN SENTENTZIA

Auzitegi Gorenaren epaia oso argia da. Hauek dira puntu nagusiak:

  • Eraikuntza sektorean lan egin ahal izateko ETParen beharra bertan behera uzten du, lanerako eskubidea argi urratzen baita. Ez da beharrezkoa langileak txartel hau lortzea, ez enpresek exigitzea ere. Txartela soilik langileak prestakuntza duela egiaztatzeko era bat da, baina ez bakarra. Inondik ere ez da kontratatzeko ezinbesteko habilitazio modu bat, hots, ETPrik ez izatea ez da inor kontraturik gabe uzteko arrazoia izango. ETP ez izatea ere ezin da lan-kontratuak amaitzeko zergatia izan.
  • Eraikuntzako estatuko Hitzarmen Orokorrak Langileen Estatutuko 84.3 artikulua urratu du, ezin baita galarazi beste negoziazio esparruetan, hitzarmen probintzialetan adibidez, estatu mailan finkatutako lan-osasuna babesteko maila hobe dezaketen erabakiak adosterik. Horrenbestez, laneko segurtasun eta osasuna ezin da estatu-hitzarmen batean mugatuta edo murriztuta geratu.
  • Epaiak dio estatuko Eraikuntzako Hitzarmen Orokorrak hitzarmenen ordenazio esparruan duela eragina soilik, eta inola ere ez diola eragiten Estatuaren eta autonomia-erkidegoen arteko eskumenen banaketari. Horregatik, Osalanek eta Lan Osasunaren Institutu nafarrak prebentzioari buruzko prestakuntza eduki desberdinekin eman lezakete, bere errealitatearekiko egokiagoak direnak, baita emandako trebakuntzaren egiaztapenak jaulki ere.
  • Gorenak deuseztatu egiten du ETParen funtzioa azterketa medikuak egin direla egiaztatzetik harago doan edozerri dagokionez, hau nork bere intimitatea izateko eskubidearen kontrakoa baita; inoiz ezin da zehaztu azterketa mediku horien edukia.

ELAREN ONDORIOZTAPEN ETA PROPOSAMENAK

1.- ETP beharrezkoa dela dioen oinarriaren gainean eraikitako sistema legez kanpokoa da.

2.- Estatu mailako hitzarmen batek ezin du lan-segurtasun eta -osasunaren gaia mugatu edo murriztu. Estatu mailakoak ez diren hitzarmenak egokiak eta beharrezkoak dira benetako babesa lortzeko neurriak eta lan-baldintza hobeak izateko. ELAk aurrerantzean ere sektore- eta enpresa-hitzarmenetara eramango du lan-osasun hobea izateko aldarrikapena.

3.- Negoziazio kolektiboa lan-segurtasun eta -osasun gaietan zentralizatzeko saioa ez da kontu bakana; aitzitik, CCOO, UGT eta CEOE negoziazio kolektiboaren erreforman prestatzen ari diren horren aurrerapena dugu: estatuan zentralizatutako eredua nahi dute, langileen benetako beharrizanetatik urrun dagoena, eta euren interes pribatuen zerbitzutan.

4.- ELAren irudiko epaia pozgarria da, Osalango Kontseilu Orokorrean zuen parte hartzea eteteko zergati bati buruz -Osalanek eta Eraikuntzako Fundazio Laboralak sinatu zuten lankidetza hitzarmena- arrazoia eman baitio. Agerian geratu da hitzarmen honek legez kanpoko sistema bat eratzeko beta eman zuela.

Hori guztia dela eta, ELAk honakoa exigitzen du:

1.- Sistema ustel eta ilegal hau desegin dadila, eta ez dezatela diru publiko gehiago bideratu EFLera, erakunde hau bere kideak finantzatzeko eta CCOOek zein UGTk eraikuntza sektorean duten ustezko monopolio sindikala blindatzeko erabiltzen baita.

2.- Legez kanpoko sistema hau sortu eta sustatu duten administrazio, patronal eta sindikatuek har dezatela beren gain dagokien erantzukizuna.

3.- Osalanek eta EFLk sinatu zuten lankidetza hitzarrmena indarrik gabe utz dezatela.

4.- Osalan eta Lan Osasunaren Institutu nafarra ez daitezela aurrerantzean estatuko ereduaren menpeko izan eta laneko arriskuen prebentzioari buruz bere prestakuntza sistema gara dezatela, eraikuntza sektorean zein langile guztientzat.

5.- Errotik alda daitezela Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren politikak lan-segurtasun eta -osasunari dagokienez.