Ertzainen bigarren jarduera eta erretiroa aurreratzearen alde

2007/12/11
Ertzantzako ehun bat lagunek parte hartu dute abenduaren 11an Bilbon bigarren jarduera eta erretiroa aurreratzearen alde egin den kontzentrazioan. Eusko Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarraren aginduari jarraituz, adinagatik gertatzen den bigarren jarduerari irtenbidea eman behar diola salatu dute.

Hau da kontzentrazioaren ostean irakurri duten komunikatu:

Eusko Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarraren aginduari jarraituz, adinagatik gertatzen den bigarren jarduerari irtenbidea eman behar dio. Euskal Herriko Poliziari buruzko legeak 1992. urtean hala jaso arren gaur egun irtenbiderik eman gabeko gaia dugu, Barne Sailak gai honi seriotasun eta arduraz ez diolako heldu.

Ertzainen erretiroa finkatzerako orduan, Legebiltzarrak 65 urtekoa ezarri zuen, hau da, Gizarte Segurantzak orokorrean ezarri ohi duen adina. Halere, Eusko Legebiltzarrak, adinak baldintzatuko lukeen bigarren jarduera ezarri zuen, urteak pasa hala nahitaez datorren galera fisikora lan baldintzak egokitu asmoz.

Ertzaintzan adinagatik bigarren jarduerarako ezarrita dauden lanpostuak ez dute inondik inora beharrak asetzen. Beraz, beste irtenbide bat bilatu zen eta legeak, destinu gabeko bigarren jarduera arautu zuen. Honek honakoa dio:

Eusko Jaurlaritzak, Legearen bitartez, bigarren jarduerara pasatzeko adina zehaztu behar du eta Barne Sailak, kasu honetan dagokion osagarrizko aseguratze-moduak finkatu behar ditu, aditu-txostenen bidez ebaluatu eta sindikatuekin adostu ondoren.

1994tik 1997ra bitartean lan itzela egin zen, gaia garatu asmoz. Baita, beste polizia batzuk arazo honi nolako irtenbidea bilatu zioten jakin ahal izan zen. Hauek guztiak aztertu ondoren, emaitza garbia zen eta ez zegoen inongo zalantzarik: diru poltsa bat sortu behar zen, destinu gabeko bigarren jardueran aurkitzen ziren ertzainen kotizazioak eta pentsioak bermatzeko.

1997/98 eta 99/01ko hitzarmenetan adostutako diru kopuruak abian jarri zuen sistema hau, eta Barne Sailak bere hitza eman arren, 2005etik 2007rainoko iraupena duen hitzarmenak, Erne eta CCOOek sinatu zutenak, desagertarazi egin zuen diru kopuru hau. Hori guztia gutxi balitz Gizarte Segurantzaren esku utzi zuen bigarren jardueran aurkitzen diren ertzainei dagozkien pentsioen kopurua zehaztea, legeak bestelakoa dioen arren.

Eusko Jaurlaritzak 1992ko Polizia Legean ezarritakoa betetzeko exijitzen du ELAk, adinagatik ertzainen bigarren jarduerari behin betiko irtenbidea emateko. Zenbat eta denbora gehiago igaro, orduan eta diru kopuru handiagoa jarri beharko du Eusko Jaurlaritzak arazo honi irtenbidea emateko.