Espainiako gobernuak ez du argitu langile publikoei soldata izoztuko ote dien, ELAk zuzenean galdetu badio ere

2020/09/10
Prentsan argitaratutako balizko neurri hori gaitzetsi du sindikatuak eta 2010etik sektore publikoko langileek %13 inguruko soldata galera izan dutela gogorarazi du. Bileraren ostean, ELAk agiri bat aurkeztu du, Espainiako Gobernuak "gure eremuan telelana Estatuaren esku-hartzerik gabe nola egin behar den erabakitzeko dugun eskubidea onar dezan”. Gehitu duenez, berton erabaki ordez, Espainiatik datozen aginduak aplikatu behar izatea “gure herrialdean egin daitezkeen akordio edo negoziazioen aurrean atzerapauso nabarmena izan daiteke".

Espainiako Gobernuak langile publikoek telelana egiteko duen proposamena aurkeztu du administrazio publikoetako negoziazio-mahaiaren bileran. Bada, bilera horretan ELAk zuzenean galdetu dio Gobernuaren ordezkariari ea langile publikoen soldatak izozteko asmoa duen, prentsan agertu den bezala. Gobernuko ordezkariak, ordea, ez dio galderari erantzun.

Gauzak horrela, ELAko ordezkariak baieztatu du nahiz eta sektore publikoko langileen esfortzu eta inplikazio handia izan, austeritate politikak, sektore publikoaren desegitea, lan eskubideen murrizketak eta pribatizazioaren aldeko apustua "oso ondorio larriak" izaten ari direla herritarrentzat, bereziki langile publikoentzat.

Izan ere, ELAk salatu duenez, Gobernuak, politika horiek errotik aldatu beharrean, "murrizketen eta publikoaren desegitearen alde egiten jarraitzen du". Zehazki, gogorarazi du sektore publikoko langileek erosteko ahalmenaren galera izan dutela, 2010etik %13 ingurukoa.
Telelanari buruz aurkeztutako testuari dagokionez, ELAk uste du Gobernuak EPOE aldatzea planteatzen duela eta esku sartze eta zentralizatze politikarekin jarraitzen duela. "Ez da onartzen telelana eskubidetzat, eta telelana eskuratzeko, dagokion arduradunaren baimena beharko da. Gainera, testuak ez du oinarrizko berme eta eskubiderik telelanaren arriskuak prebenitzeko ", azpimarratu dute. Hauek dira ELAren kritika nagusiak: 

  • Ez ditu behar diren mekanismoak sartzen lanpostuen arriskuen ebaluazioa egiteko, langileen osasuna bermatze aldera; bereziki arrisku psikosozialetan eta laneko jazarpenean.
  • Ez ditu beharrezko mekanismoak sartzen administrazio publikoak bitartekoak eskaintzeko eta urrutiko lanaren garapenarekin lotutako gastuez arduratuko direla bermatzeko.
  • Ez ditu atsedenerako eta deskonexio digitalerako eskubidea bermatzen duten mekanismoak sartzen.
  • Era berean, ez du mekanismorik eta tresnarik sartzen langileen eskubide kolektiboak eta informaziorako, parte hartzeko, prestakuntzarako eta garapen profesionalerako eskubidea bermatzeko.