Estatalizazioa bertan behera uzten ez duen lan-erreformak soldaten debaluazioa dakar

2018/11/26
Espainiar Estatuan Gobernua CCOO eta UGTrekin batera lantzen ari den lan-erreformak soldaten debaluazioa mantenduko duela salatu du ELAk. "Enpresa hitzarmenen lehentasuna aldatu beharra dago, baina Estatuko Hitzarmenen lehentasuna kendu ezean ez da euskal langileentzako hobekuntzarik izango", azaldu du ELAko idazkari nagusi Adolfo `Txiki´Muñozek.

2010 eta 2012 urteren artean indarrean jarritako lan-erreforma ezberdinek soldaten debaluazioa eragin dute. Negoziazio Kolektiboaren estrukturari dagokionez, enpresa hitzarmen eta estatuko hitzarmenei lehentasuna ematea izan zen estrategia horren muina, bietan antolaturiko langilerik topatuko ez zutelakoan.

Estatuko hitzarmenek probintzia eta autonomia erkidego mailan dauzkagun hitzarmenak baino dexente okerragoak dira, besteak beste, Estatu mailako mobilizaziorik ez delako egiten lan-hitzarmen horiek onak izan daitezen. Horrez gain, Estatuan hitzarmenak sinatzen dituzten sindikatuek askoz ordezkaritza txikiagoa duten arren, berton eduki hobeak negoziatzea galarazten digute. Aurtengo lehen 6 hilabeteetan sinatutako 16 estatuko hitzarmenetatik 12tan negoziazio edukiak debekatu dituzte.

Bizkaiko Ostalaritzan gertatutakoa ez da anekdota hutsa: langileen %80aren ordezkaritza dugun sindikatuoi negoziatzea debekatu digute, eta ondorioz, langileei soldatak %50 arte murriztu dizkiete. Hau da estatalizazioa, demokraziaren kontrako neurri bat langileen lan-baldintzak prekarizatzeko.

ELAk Espainiako Parlamentuan Sánchez Presidente egin zuten alderdi guztiekin bilerak egin ditu lan erreforma horri buruz hitz egiteko. Denen aldetik gure eskaera zentzuzkoa eta demokratikoa dela esan digute. PSOEren ordezkari batek esandakoak oso ondo laburtzen du gure helburua: “Jendearen lan-baldintzak hobetzea da kontua, ezta?”.

Baina CCOO eta UGT gobernuarekin negoziatzen ari diren aldaketarekin estatuko hitzarmenek beste esparru batzuetan lan-baldintza hobeak negoziatzeko aukera mugatzen jarraitu ahal izango dute. Proposamen honek aurrera jarraituko balu, egun lan-baldintzak hobetzeko martxan dauzkagun borrokak asko zailduko lituzkete eta, ondorioz, Euskal Herrian soldaten debaluazioa pairatzeko arrisku bizian egongo ginateke. Honi aurre egiteko modu bakarra Euskal Herrian lan-gatazkak ugaritzea litzateke.

ELAren ustez Parlamentuan ordezkaritza duten alderdiek ezin diote lan-baldintzen debaluazio estrategia mantentzen duen planteamendu honi oniritzirik eman. ELAk proposamen zehatz bat helaraziko die, langileek demokratikoki esparru ezberdinetan aukeratutako sindikatuek goragoko esparruetan sinatutako akordioak hobetzeko aukera izan dezagun. 1994an EAJrekin prozesu hori egin genuen eta, gure ustez, berriro ere antzeko testuinguru batean gaude langileen lan-baldintzak hobetzeko aukera demokratikoak irekitzeko. ELA elkarlan horretarako prest dago berriz ere.