Estatalizazioa mantentzen duen erreformarik ezin da onartu

2018/12/19
CCOOek, UGTk eta espainiar Gobernuak adostu omen duten lan erreformak 2010, 2011 eta 2012ko erreformetako elementu kaltegarri nagusiak mantentzen ditu, besteak beste, Estatuko Hitzarmenek lan baldintzak okertzeko duten aukera. Hau salatzeko asmoz, ELAk kontzentrazioa egin du Espainiako Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzaren aurrean. Euskal langileek euren lan baldintzak hobetzeko duten eskubidea defendatu du bertan, eta bestelako lan erreforma baten alde egin du.

Estatuan akordioa omen dago CCOO, UGT eta Gobernuaren artean 2012ko lan erreformako elementu puntual batzuk aldatzeko. PSOEren konpromisoa gobernura iritsi aurretik 2012ko lan erreforma bertan behera uztea zen; hala ere, CCOO eta UGTk lan baldintzak okertzeko martxan jarritako hainbat elementu mantentzea ontzat eman dute. Non geratu dira 2012ko martxoaren 29an egin genuen greba orokorreko aldarrikapenak?

ELAren ustez bereziki larria da Estatuko Hitzarmenek negoziazioa estrukturatzeko duten aukera mantentzea, besteak beste, Euskal Herrian enpresetan edo sektoreko hitzarmenetan negoziazioa debekatzea eragin dezakeelako. Euskal Herrian estatuko enpresa hitzarmenak eta estatuko hitzarmen sektorialak izan dira lan baldintzak okertzeko erabilitako tresna nagusiak, eta hauek mantentzen baldin badira, Euskal Herriko langileen baldintzak okertzeko aukerak bizirik jarraituko du.

Estatuko hitzarmenek negoziaziorako eskubidea mugatzen dutenean Euskal Herriko langileek aukeratutako ordezkaritza ukatzen ari dira, hau da, euskal langileek demokratikoki hauteskunde sindikaletan hautatutako ordezkaritza sindikala gutxiesten dute. Horrez gain, guk ez diegu ukatuko estatuko hitzarmenak egiteko aukera CCOO eta UGTri, baina ezinbestekoa da horiek hobetzeko aukera izan dezagula lan baldintza duinak lortzeko eta estatuko hitzarmenek aurreikusten dituzten miseriazko baldintzak gainditzeko.

ELAren ustez PSOEren gutxiengoak aukera eman beharko lieke Sanchez gobernura eraman zuten beste alderdi guztiei erreforma hau hobetzeko eta, behintzat, lan baldintzak hobetzeko tresnak euskal langileen esku jartzeko. Estatalizazioa bertan behera uzten ez duen lan erreforma bati ezezko borobila eman behar zaio.