Etxebizitza Euskal Herrian zertan den

2002/04/23
ELA-ren Azterketa Bulegoak etxebizitzari buruzko txostena aurkeztu du
1. Eskaria baino 78.000 etxebizitza gutxiago eskaintzen dira. 2000 urteko beharrizana, bai aldatzeko, bai lehen aldiz sartzeko, 102.162 etxebizitzakoa zen hego Euskal Herrian. Alabaina, 24.150 besterik ez ziren eskaini (alokairua eta salmenta barne). 2. Ia 100.000 etxebizitza dago hutsik. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte-gaien sailaren arabera, EAEn 72.733 etxe dago hutsik, eta INEren arabera, Nafarroan 24.936 dira. 3. Prezioak herritarren ahalmena baino askoz handiagoak dira. EAEko etxebizitza libre berriko metro koadroaren batez besteko prezioa 314.000 pezetakoa izan zen 2000ko laugarren hiruhilekoan. Hiriburuka, garestiena Donostia da, metro koadroko 564.000 pezetarekin; ondoren, Gasteiz dator, 336.000 pezetarekin, eta azkenik, Bilbo, 271.000 pezetarekin. 1996 eta 2000 urteen artean etxebizitza berria %23,4 garestitu da. Bigarren eskuko etxebizitzetan metro koadroa 400.000 pezetara iritsi zen 2000ko laugarren hiruhilekoan. Hiririk garestiena Donostia izan zen (588.000 pta./m2); ondoren, Gasteiz, 450.000 pezetan, eta azkenik, Bilbo, 372.000 pezetarekin. 1996ko lehen hiruhilekoaren eta 2000ko hiruhilekoaren artean erabilitako etxebizitza metro koadroko prezioa %70,6 gehitu zen EAEn. Bestalde, Nafarroan 2000ko otsailean etxebizitza librearen metro koadroko prezioa 300.000 pezetakoa izan zen. 1996 eta 2000 bitartean metro koadroko prezioa %50 gehitu zen. Prezio hauei %8 edo %9 gehitu behar zaie, BEZa, ondare-eskualdatzeen gaineko zerga edota eskrituren kostuagatik. EAEn etxebizitza libre berriaren batezbesteko prezioa 27,6 milioi pezetakoa da. Aldatzeko beharrean dauden familiek ordain dezaketen prezioa baino %54,2 gehiago esan nahi du horrek. EAEn eskaintzen den erabilitako etxebizitzaren batezbesteko prezioa 34,9 milioi pezetakoa da, aldatzeko beharrean dauden familiek ordain dezaketen prezioa baino 17 milioi gehiago alegia, eta etxebizitza erosi nahi duten familiek aipatu dutena baino %109 gehiago. Nafarroan, aldatu beharrean diren familiek ordain dezaketela aipatu duten batezbesteko prezioa etxebizitza berri eta erabiliaren batezbesteko prezioaren erdia da (hau 26,8 milioitan dago). Honela, etxebizitza libre berriaren batezbesteko salmenta prezioa aldatzeko beharrean diren familiek aipatu duten batezbesteko prezio ordaingarria baino %100 garestiagoa da, eta erosteko beharrean diren familiek ordain dezaketen prezioa baino %81,52 garestiagoa. 1994 eta 2000 urteen artean EAEko etxebizitza berri librearen batezbesteko prezioa %33,5 hazi zen, eta erabiliarena, berriz, %79,73. EAEn familiek hilero etxebizitza ordaintzeko (amortizazioa gehi interesak) diru?sarreren %29,4 behar dute (56.000 pezeta), aldatu beharrean diren familien artean, eta sarreren %49,06 (90.000 pezeta) lehenengoz erosi behar dutenetan. Nafarroan, kopuru hori diru-sarreren %28,15koa da (57.000 pezeta) aldatu beharrean direnentzat eta sarreren %47 (80.000 pezeta) erostekotan diren familientzat. Datu hau argigarria da etxebizitza erosteak eskatzen duen ahalegin ekonomiko izugarriari buruz. 4. Ez dago lurzoru gutxiegi; garestia da. Etxebizitzaren amaierako prezioan eraginik handiena duen faktorea lurzorua da. Euskal Herrian ez dago lurzoru gutxiegi; aitzitik, eskatzen den etxebizitza kopuruaren bikoitza eraikitzeko adina lur kalifikatu badago. Arazoa beste bat da: lurjabe, udal, promotore eta eraikuntza enpresek egiten duten espekulazioa. Izan ere, hauek ez baitute lurzorua merkatura ateratzen, eta eraikuntza geldiarazita prezioak igotzea lortzen dute. 5. Errentan hartutako etxeak Europan baino askoz gutxiago dira. Etxebizitza erostea zailtasunez jositako kontua bada, errentak ere egoera ez du batere errazten. EAEn, batezbesteko alogera hileko 99.000 pezetakoa da; Nafarroan, berriz, 80.000 pezetakoa. Errentako etxeak hain garesti direnez, beharra duten familiek ez dute aukera hau egiten. EAE eta Nafarroako defizit handietakoa errentako etxebizitza publikoen gabezia dugu. 1995ko datuek adierazten dutenez, Estatu espainoleko errentan dauden etxebizitza kopurua (%18) Europako mailaren erdiaz beheiti dago (%39). Alokairu sozialetan alde hori askoz ere handiagoa da, %2 estatuan eta %18 Europan. 6. EAEko 140.000 lagunek ez daukate bere kontu bizitzeko baliabide ekonomikorik. Pobrezia eta Desberdintasun sozialei buruzko 2000ko Inkestaren arabera, EAEko 139.876 herritarrek (guztirako kopuruaren %6,7) beren kontu bizi nahi dute, baina ezinean daude baliabide ekonomikorik ez daukatelako. Bere kontu bizi nahi duten herritarren %67,8ak oztopotzat etxebizitzaren auzia aipatzen du. Etxebizitza, sindikatuaren kezka (Editoriala. Astekaria 67