Euskal kutxa bat, Euskal Herritarren esku eta eurentzat lan egingo duena

2011/02/23
Aurrezki-kutxen lege berria eta sektorea berregituratzeko prozesua dela eta, BBK, KUTXA, VITAL eta CAN kutxetako ELAren atal sindikalek izaera sozialen aldeko apostua berretsi dute.

Joan den ostiralean, otsailak 18, ministro-kontseiluak lege-dekretu bat onartu zuen finantza-erakundeek duten gutxieneko kaudimen ratioa gehitzeko; aurrerantzean core capital edo oinarrizko kapitala gutxienez %8koa izango da (erakundeek ustekabeko beharrizan batean berehala erabiltzeko moduan izango luketen kapital gehi erreserben portzentajea, arriskuaren arabera ponderatutako aktiboekiko), eta %10ekoa Burtsan kotizatzen ez diren edo akziodun pribaturik ez duten finantza-erakundeen kasuan; hauen artean daude kutxak.  

Lege-Dekretu hau banketxe pribatuen presio latzek, EBren exijentziek eta Espainiako Bankuaren aginduek gidatu dute; dekretuak aurrezki-kutxen izaera juridikoa deuseztatzen du, eta hauek pribatizatzeko eta sozietate anonimo bihurtzeko atea irekitzen du. Joko-arauak aldatuta, aurrezki-kutxentzat atzerako zenbaketa bat hasi da, eta hau burutzean Burtsaratzea beste aukerarik ez zaie geratuko.

Banketxe pribatuek horrela betidanik aldarrikatu izan dutena lortuko dute, gizarte-ekintza eskuratzea, akziodunentzako etekin pribatu bihurtzeko.

Banketxe pribatuek horrela betidanik egin dituzten bi aldarrikapen betetzea lortu dute: lehakidea paretik kentzea eta gizarte-ekintza bereganatzea, azkiodunentzako etekin pribatu bihurtuz.

Azken aldion agintari politiko eta monetarioek, Espainiako Bankuak barne, mezu nahasi, kontrajarri eta ilunak zabaldu dituzte kutxa batzuren benetako egoera ezkutatzeko asmoz. Ezkutatzeko ariketa nabarmen erraztu dute, onartu dituzten irizpide kontableekin erakunde askoren kinka larria mozorrotzen baitzen; aldiz, ez zuten onartu nahi aurrezki-kutxa gehienen zinezko arazoa zein zen, kutxetako arduradun gehienek defenditu izan dituzten interes politikoak, alegia, eta ez kutxen izaera sozialaren aldeko jarrera. 

ELA, aurrezki-kutxen izaera sozialaren alde

ELAk kutxen taxu sozialari eustea nahi du; horregatik, besteak beste, agertu ginen Caja Navarraren SIParen aurka, eta horregatik gure kutxak banketxe bihurtu edo pribatizatzeko asmoei aurre egingo diegu.

Orain arte aurrezki-kutxak banketxeengandik bereizten zituen desberdintasun nagusia funtsean irabazteko asmorik gabeko erakundeak izatea zen. Kutxak klase xeheei laguntza emateko sortu ziren, eta egun, legez, etekinen zati bat gizarte-ekintzara bideratu behar dute. Aurrezki-kutxek ez dute jaberik, kudeatzaileak baizik, eta ez dira Burtsan kotizatzen; horregatik kapital pribatuek ezin dituzte erosi.

Aitzitik, banketxeek irabazia lortzeko asmoa dute, eta etekinak beren akziodunei ordaintzeko eta erreserbak osatzeko erabiltzen dituzte.

Bat egindako Kutxarentzako gure eredua

ELAren iritziz, hiru kutxen ( CAN ere sartzearen Hego Euskal Herri osorako kutxa bakarra osatzeko aldarrikapena alde batera utzi gabe) bat-egitea aukera egokia litzateke orain arteko ibilbide neoliberala zuzentzeko eta aurrezki-kutxen proiektuaren izaera soziala bermatzeko; Kutxa berriak euskal gizarte osoarekin konpromisoa hartuko luke, herritarren zerbitzutan eta Euskal Herriaren garapen ekonomiko eta sozialaren alde lan eginez.

Hain zuzen, gure finantza-erakundeak eta hauen interesak Euskal Herritik gidatzea aldarrikatzen dugu; kudeaketa eredu garden eta publikoaren aldekoak gara: kutxak ez dira interes alderdikoien menpeko bihurtu behar, ez botere nahia asetzeko tresna bihurtu (bat egiteko aurreko saioetan gertatu zen bezala).

Azken urteotan kutxek gizarte-gastua murriztu egin dute, funtsezko erreferentziatzat KPI hartu baitute, eta ez etekinen bilakaera, askoz handiagoa. ELAren irudiko politika hau zuzendu egin behar da eta irabazien zati handi bat gizarte-gastura bideratu, hau inoiz baino beharrezkoagoa baita krisi garaiotan. ELAren apustua gizarte-ekintza kutxen atal bat izatea da, BBKko ereduari jarraiki.

ELAk eskatzen du kutxak bat egiteko prozesua balia dadila diskriminazioak desagerrarazteko eta langile guztien lan-baldintzak berdintzeko; erakunde berriko negoziazio kolektibo esparrua lau lurralde historikoek osatutakoa beharko luke. ELAk ez du inongo operaziorik babestuko, beraren ondorioz egun Euskal Herrian ditugun erakundeetako langileen baldintzak okerrera egiten badute.