EUSKAL TRENBIDEAREN ETORKIZUNAREKIN JOLASEAN

2004/02/24

EUSKAL ETA ESPAINAIR GOBERNUAK ETA ENPRESA HANDIAK JOLASEAN ARI DIRA EUSKAL TRENBIDEAREN ETORKIZUNAREKIN

Euskal gehiengo sindikala ordezkatzen duten EHNE, ELA, LAB eta HIRU sindikatuek politikari eta enpresek euskal trenbidearen etorkizunarekin darabilten azpijokoa salatu nahi dute.

AHT proiektua eraikuntzan eta trenbide-materialen hornikuntzan diharduten enpresa handiei baino ez zaie benetan interesatzen, proiektuan inbertitutako diru publikotik mozkin galantak aterako dituztelako. Euskal biztanle gehienek, aitzitik, ez dute AHTrik behar, eta, bestela ere, ezin izango dute euren eguneroko zereginetarako erabili. Horrez gain, abiadura handiko trena ez da merkantziak garraiatzeko egokia, eta ondorio kaltegarri itzelak ekarriko ditu (gizarte, nekazaritza, ingurumen zein ekonomia arloetan).

Bestalde, argi dago AHT proiektuaren inguruko tira-bira guztiek hauteskundeei begirako interesak ezkutatzen dituztela. Horixe erakusten dute bai Espainiako gobernuak AHTera hainbeste milioi bideratuko dituela iragarri izanak, bai komunikabideetan Eusko Jaurlaritzaren iragarki engainagarriek. EHNE, ELA, LAB eta HIRU sindikatuen iritziz, proiektu bideraezina, ezegokia eta inpaktu larriegien eragilea zen eta da, Madrilek jarriko omen dituen 800 milioi euro horiek lortuta ere.

EHNE, ELA, LAB eta HIRU sindikatuek argi utzi nahi dute:

·AHTak ez diela erantzuten Euskal Herriko biztanleen gaurko eta etorkizuneko trenbide-beharrizanei, eta egon badaudela, beharrizan horiei hobeto erantzun ez ezik, ingurumenarentzat orekatuagoak diren beste eredu batzuk. Zergatik ez du Eusko Jaurlaritzak alternatiba horien gaineko eztabaida publikorik egin nahi?

·Telebistan proiektuaren ustezko "jasangarritasunari" buruzko iragarkiak emateak ez ditu saihestuko AHTak nekazaritzari eta ingurumenari ekarriko dizkien ondorio larriak, ez eta baliabide naturalen xahuketa ere. Euskal biztanleei proiektuaren ondorioak ezkutatzea ote da Eusko Jaurlaritzaren asmoa?

·AHTaren tarte batzuetarako, Madrilek milioi askotako gastua onartu badu ere, ez dago AHT proiektua gauzatzeko obra guztiak estaltzen dituen aurrekontu bermaturik. Denbora luze daramate proiektu honetan fondo publikoak alferrik gastatzen, eta beste 800 milioi euro xahutzeko arriskua dago orain.

EHNE, ELA, LAB eta HIRU sindikatuok, euskal gehiengo sindikala ordezkatzen dugun aldetik, berriro salatu nahi dugu administrazioak AHT proiektuari dagokionez erakusten ari diren arinkeria. Ildo horretan, proiektua geraraztea eta agente sozial, sindikal eta politiko guztiekiko benetako eztabaida antolatzea exijitzen dugu. Gure helburua ondasun eta zerbitzuen irisgarritasuna sustatu, mugitu beharra ahalik eta gehien murriztu, garraio pribatua garraio publikoaz ordeztu eta biztanleen gehiengoaren (eta ez urrutiko kapital handiaren) beharrizanei lehentasuna ematen dien trenbidea lortzea da.