Eusko Jaurlaritzak eta Confebaskek ez dute ezarri nahi patronalaren ordezkaritza egiaztatzeko sistemarik
Ioseba Villarreal ELAko negoziazio kolektiboko arduradunak adierazi du, patronalen ordezkaritza egiaztatzeko auzia dela eta, “Urkulluren gobernuak, Confebaskek eta honen lurralde-antolakundeek ez daukate inolako interesik patronalaren ordezkaritza neurtzeko sistema bat ezartzeko, horrela ordezkaritza bailute bezala jokatzeko aukera baitute, finantzazio publiko ugaria jasotzen dutelarik (38 milioi € azken urteetan, Jaurlaritzak berak emandako informazioaren arabera)”.
Villarrealek gogoratu duenez, “2014ko ekainaren 3an ELAk PRECOren Batzorde Parekidean eskari bat egin zuen egiaztatzeko prozedura bat ezartze aldera. Izan ere, Bizkaiko arropa dendetako bi patronalen artean gatazka piztu baitzen. Orduan gure eskaria inork ez zuen aintzat hartu, ez patronalak (Confebask), ezta Batzordean dauden beste sindikatuek ere”
Ioseba Villarrealek eskari hori egiteko arrazoia nabarmentzen du: “Bizkaiko arropa dendetan gertatu zena orain Gipuzkoan Arte Grafikoetan ari da pasatzen, eta gainera, Confebaskeko patronalak, egiaztatutako ordezkaritzarik gabe, negoziazio kolektiboa blokeatzen dute. Jokabide hau bidegabea ez ezik antidemokratikoa da”.
“ELAk -gogoratzen du Villarrealek- Gasteizko gobernuari arazo honen berri eman zion. Jaurlaritzak onartu zuen arazoa bazegoela, baina ez zuela zalantzan jarriko Confebaskek eta bere lurraldeetako kideek -Cebek, Adegi eta SEA- zeukaten ordezkaritza. Patronalarekiko konplizitate hau onartu ezinekoa da”.
ELAko negoziazio kolektiboko arduradunaren arabera, sindikatuak “ez du uste patronalaren ordezkaritzaren auzia konponduko denik Confebaskek betoa ezartzeko aukera duen foroetan, esaterako LHKn, patronalaren %100eko ordezkaritza baitu”.