Eusko Jaurlaritzak funtzio publikoko Mahai Orokorreko hitzarmena urratu du

2010/06/03
ELAren ustez hitzarmena izatez aurretik ere hautsita zegoen, salatu izan diren puntuetan muzin egiten zitzaiolako, baina gaur agerian geratu da Jaurlaritzak beste hitzarmen bat, merkeagoa, negoziatu nahi duela, egoera baliatuta.

Bileran izan diren sindikatu guztiak bat etorri dira: Mahai Orokorreko hitzarmena hautsi egin dute. Gainera, ELAk salatu egin du soldatak murrizteko salbuespenezko lege bat baliatu nahi dela enplegu publikoa suntsitzeko, besteak beste gaur iragarri baitute lanpostuak amortizatu egingo direla eta ordezkapenak ere ez direla beteko, arlo publiko guztian.

ELAk esan duenez, “Jaurlaritza gezurretan ari da: Zapaterok murrizketak azaldu baino egun batzuk lehenago Mendia sailburuak ziurtatu zuen konpromiso guztiak aintzat hartuko zituztela, edozein zela ere egoera ekonomikoa”. Orain Jaurlaritzak eskatzen du hitzarmenak “berriz asmatzea”, eta ez gaude prest. Akordioa duela sei hilabete sinatu zen; orain soldatak beheratu nahi dituzte eta gainera enplegu publikoari eraso egiten diote. Sinatutakoa nabarmen urratzen dute. ELAk Jaurlaritzari bere etsipena eta mesfidantza adierazi dizkio: “akordio garrantzitsua lortu genuen; krisiari beste era batean aurre egiteko aukera ematen zuen, eta orain hitza jan dute. Ez dira fidatzekoak. Ez da erraza izango berriro bat etortzea”.

Neurriak, soldaten eta enplegu publikoaren kontrakoak

Gobernuko arduradunek badakite murrizketa honek ez duela krisia konponduko, huskeria bat aurreztuko baitute. Neurriak inprobisatuak dira, Estatuan erabakitakoen kopia hutsa, bertoko egoera ekonomikoa bestelakoa den arren; gainera, autogobernuak aukera emanagatik, uko egin diote. Erabaki politiko honen arduraduna Patxi Lopez da. Soldatak batezbeste %2 jaistea erabaki duen bezalaxe murrizketen aurka jar zitekeen, eta ez du egin. Erabakitako neurriak, gainera, ez dira egokiak, ez bidezkoak ere. 87 milioi aurreztu nahi dituzte, baina zerga-presioa EBko batezbestekoa balitz (9 puntu beherago gaude), 5.300 milioi gehiago bilduko lituzteke gure ogasunek.

Soldatetan %0,56 eta %2,86 bitarteko jaitsiera aplikatuko dute. Eta enplegu neurrien artean erabaki kezkagarriak daude: langilez eskas dauden sektoreetan lanpostuak amortizatzea, eta ordezkapenik ez egitea titularra Osakidetzan edo Justizian 5 egun baino gutxiago falta bada; 6 egun, irakaskuntzan, eta 30 egun, Administrazio Orokorrean.

Neurriok ez dute absentismoa gutxituko, eta gainera eskaintzen den zerbitzu publikoari kalte egingo diote, plantillak oso justuan baitabiltza. ELAren iritziz, honen atzean asmo bat dago, “zerbitzua okertzea, gero pribatizazioa zuritzeko”.

Mahai Orokorreko hitzarmenak eduki onak zituen: Enplegu Eskaintza Publiko (EEP) bidezko 13.000 lanpostu, azpikontratazioen kontrola eta euskalduntze prozesuen bultzada. Eta hitzarmena hiru atal horietan urratu nahi dute: Hezkuntza Publikoko EEPan eskainiko diren lanpostu murriztuak, minoriarekiko sinatutako akordioari esker; azpikontratazio gehiago eta euskalduntzeko dekretua bazter uzten duten esparruak, Osakidetza kasu. Honi soldatak murriztea eta lanpostuak suntsitzea gehitu behar zaio.

ELAk Jaurlaritzari exigitzen dio hitzartutakoa bete dezala, eta ez diezagula ezarri salbuespenezko legerik, honek negoziazio kolektiboaren emaitza diren hitzarmenak hankaz gora botatzen baititu.