VULCANIZADOS ZULOAGA
Eustea garaitzea da

2023ko martxoan, ia bi urte iraun zuen grebaren ondoren, Vulcanizados Zuloagako langileek lehen enpresa hitzarmena lortu zuten, aplikatzen zitzaien kimikaren sektoreko estatuko hitzarmen prekarioa atzean utzita. Prozesuan ELAk hainbat epaiketa irabazi zituen greba eskubidea urratzeagatik edo langileak legez kanpo uzteagatik.
2023ko apirilean, greba amaitzeko akordioa lortu eta hilabete eskasera, enpresak ERTE bat aurkeztu zuen. Beste behin ere, pozak gutxi iraun zuen Zuloagatarren etxean. Urte bereko irailean, Bilboko Lan Arloko 5 zenbakiko Epaitegiak ERTEa baliogabetzat jo zuen, Vulcanizados Zuloagak hiru eskubide urratu zituela adierazita: askatasun sindikala, greba eta negoziazio kolektiboa. Epaiak ez zuen zalantzarako lekurik uzten: epaileak enpresa-hitzarmena lortzeko grebarekin lotu zuen Zuloagaren erabakia, eta baztertu egin zuen ERTErako arrazoiak egiaztatu zirenik. Epaileak ebatzi zuen enpresak berehala ekin behar ziela etendako lan-kontratu guztiei, eta eraginpeko langileek jaso ez zituzten soldatak ordaintzeko eskatu zuen. Azkenik, enpresak 25.000 euro ordaindu behar izan zizkion ELAri kalte moralarengatiko kalte-ordain gisa.
Beste porrot bat izan arren, Vulcanizados Zuloagaren zuzendaritzak Alcoyanoko jokalariek baino moral gehiago zuela erakutsi zuen. Jokalari haiek, 1948an, epailearekin haserretu ziren, alde handiarengatik galtzen ari ziren partida batean azken txistua behar baino minutu bat lehenago jo zuelako. Jasaten ari zen jipoia gorabehera, partida irauli eta irabaz zezakeela pentsatuz, Lan Arloko Epaitegiaren epaia eman eta ordu batzuetara enpresak zortzi kaleratze gutun bidali zituen, itxuraz kausa ‘objektiboak’ argudiatuz. Zortzi kaleratuak 2023ko martxoan amaitu zen grebarekin bat egin zuten ELAko afiliatuak ziren. Ez zuten kaleratu grebarik egin ez zuen langilerik.
Hala ere, enpresaren poza putzura. Partida ez iraultzeaz gain, azken porrota are handiagoa izan da. 2024ko irailean, kaleratutako langileen aldeko hainbat sententziaren ondoren, enpresak plantilla osoarentzako (35 pertsona) EEE bat egiteaz mehatxatu zuen, baldin eta 2023an kaleratutako sei pertsonak (aurretik bik irteera kontziliatu zuten) irteerako akordio bat onartzen ez bazuten. ELAk, jakina, ez zuen xantaia onartu, eta enpresak bere azken karta jokatzea erabaki zuen. Gaztelaniaz esaten den bezala, “De perdidos, al monte”: enpresa ixteko EEE bat aurkeztu zuen. Azkenean, otsailaren 6an, PRECOn akordio bat itxi zen. Akordio horren bitartez ELAk epaiketa baino egun batzuk lehenago EEEa erretiratzea lortu zuen, sindikatuen enegarren garaipena lortuz.
Garaipene(ta)rako hiru gako
Mikel Etxebarria, Lehiaketa eta EEE taldeko kidea, izan da urte hauetan Vulcanizados Zuloagako lan gatazkak kudeatzeaz arduratu den pertsonetako bat. Bere iritziz, hiru dira ELAk lortutako garaipen sindikalen gakoak. “Lehenik eta behin, hiru ordezkarien lan bikaina azpimarratuko nuke, hirurak ELAkoak. Prozesu osoan erakutsi duten maila handia funtsezkoa izan da. ELAk lan-ildo bat proposatzen zuenean, beti hitz egin eta taldean lantzen genuen. Horri esker, unerik zailenetan ere afiliazioak konfiantza izan zuen haiengan, sinetsi egin zieten eta denak batera joan ziren. Bigarrenik, afiliazio tasa handia duen plantilla izatea. Azkenik, ez ditut ahaztu gura Lehiaketa eta EEE taldean lan egiten dutenak. Lan izugarria egin dute”.
Etxebarria oso pozik dago ELAk Vulcanizados Zuloagan egindako lanarekin. Hala ere, Lan Ikuskaritzak izan duen jarrera salatu du. “Epaiketa baino aste batzuk lehenago enpresaren aholkulariak deitu zigun. Esan zuen ELArekin bildu nahi zuela, baina aurretik jakin behar genuela Lan Ikuskaritzaren txostena beraien aldekoa zela. Txostenak enpresaren argudio guztiak erosi zituen eta ez zuen gureetako bakar bat ere jaso. Hau da, ikuskaritzak ELArentzat argi eta garbi iruzurrezkoa zen EEEa bermatu zuen. Hala ere, epaiketa oso ondo prestatuta geneukan eta aurrera egitea erabaki genuen, oso lan ona egin genuela sinetsita baikeunden. Partida bat izan balitz, argi daukat epaiketan irabazteko faboritoak ginela. Eta ez dut esateagatik esaten. Urte hauetan 10 prozesu judizial izan ditugu Vulcanizados Zuloagan, eta 10ak irabazi ditugu. Epaiketa baino sei egun lehenago berriro deitu ziguten gure azken proposamena, 2024ko abendukoa, bere osotasunean onartzen zutela esateko. Laburbilduz, EEEa erretiratzea, enpresatik euren borondatez atera nahi zuten pertsonak bakarrik ateratzea eta enplegua bermatzeko bermeak onartzen zituzten”.
Garaipen kolektiboa
Nola bermatu ahal izan zuen Lan Ikuskaritzak ELAren iritziz nabarmen iruzurrezkoa zen EEE bat? Etxebarria galdera horri erantzuten saiatu da. “Nire ustez, bai Ikuskaritza bai Bizkaiko Lan Agintaritza enpresaren alde jarri ziren, gu negoziatzera behartzeko. Eta, baita ere, beti enpresaren alde egiten dutelako EEE kasuetan. Enpresaren parametroetan negoziatzera behartu nahi gintuzten. Hala ere, eutsi egin genuen. Amildegian jarri nahi gintuzten, gure artean zalantzak sortzeko. Eta epaiketa galtzen badugu, enpresa itxi eta jendea kalera joaten bada lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko kalte-ordainarekin? Horregatik diot garaipen kolektiboa dela, lan ikusgarria egin duten ordezkariena, haiengan sinetsi duten afiliatuena eta dena eman duen sindikatuarena”.
Mikel Etxebarriak azpimarratu du oso akordio indartsu baten aurrean gaudela. “Kontuan izan behar dugu duela urte eta erdi kaleratu zituzten langileak gaur egun euren lanpostuetan ari direla lanean. Pozik gaude, eta espero dut denbora luzez enpresa honetan berriro arazorik ez izatea”. Horrela, Etxebarriak Vulcanizados Zuloagako lan-gatazkari amaiera ematea espero du, denbora luzez behintzat”.
EGINDAKO LANAREKIKO GOGOBETETASUNA
Edu Jiménezk, Vulcanizados Zuloagako ELAko ordezkariak, lehen pertsonan bizi izan ditu borroka-urte horiek. Sentipenen eta gogo-aldarteen errusiar mendia bizi izana aitortzen duen lau urte. “Horrelako prozesuetan denetarako denbora dago: egun onetarako, egun erregularretarako eta egun txarretarako”. Hala ere, urte hauetako borrokaren ondoren duen sentimenduaz galdetuta, ez du zalantzarik: “poztasuna”. “Vulcanizados Zuloagan inoiz ez da ezer egin lan baldintzak hobetzen saiatzeko. Bide hori benetako erronka izan da, eta gauzak gertatu ahala ikasten joan gara. Hitzarmen propioa lortzeko greba oso gogorra izan zen, enpresak ez zuen onartu lortu genuena. Horregatik etorri zen gero ERTEa eta gainerako guztia”.
Hala ere, plantillak sendo jarraitu eta borroka guztiak irabaztea lortu du. “Presio handia egin digute. Baina garrantzitsuena da argi dugula ez dugula zapalduak izatea onartuko. Ikasi dugu borrokatuz gero gauzak egin daitezkeela, ahaldundu egin gara. Behin baino gehiagotan hitz egiten duzu sektoreko jendearekin, eta esaten dizute hemen kaleratzeren bat dagoela, han ERE bat... Eta badirudi ezin dela ezer egin. Ba ez. Ikasi dugu gurea bezalako kasuetan, etekinak eta lan karga dituen enpresa batean, kontrakoaz konbentzitzen saiatu arren, antolatzen bazara eta borrokatzen baduzu, gauza asko egin daitezkeela”.
Eduk ez ditu ahaztu Cristobal Jimenez eta Marian Otero, ELAko beste ordezkariak. “Cristóbal izan zen lehen ordezkaria, harekin hasi zen pixka bat hau guztia. Eta Marianek sekulako lana egin du. Gurea oso sektore maskulinizatua da, eta emakumeak oso zanpatuta daude. Sektore honetan lan egiten duten gizonak zanpatuta badaude, emakumeak askoz gehiago. Hiruron artean ahalik eta ondoen egiten saiatu gara. Izorratuta egon arren, jendeari bultza egin behar diozu; izan ere, adorerik gabe bazaude edo lankideek gaizki ikusten bazaituzte, normala da haiek ere gaizki egotea”.
Etorkizunari begira, Eduk dio borrokan jarraituko dutela. “Zailena negoziazio kolektiboa enpresan sartzea zen, eta hori egin dugu dagoeneko. Hortik aurrera, gure lan baldintzak hobetzen jarraitu behar dugu, soldatei dagokienez, besteak beste, oraindik hobetzeko tartea dugulako”.
Azkenik, ELAko ordezkariek sindikatuaren lana eskertu nahi dute. “ELA izan da gugan sinetsi duen sindikatu bakarra. Gure egoera kontatzera joan ginenean hasiera-hasieratik lagundu ziguten, egitura guztia gure zerbitzura jarriz. Jende piloa dago, zerbitzu juridikoetatik hasi eta sindikatuko arduradunetaraino, eta izugarrizko lana egin dute”.